Zeresana eman du Pasaiako portuak azken orduotan, eta aurrerantzean ere hala izan dadin saiatuko dira alderdi politikoak. PSE-EE, EH Bildu eta EAJ bat etorri dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari galdegin diote Pasaiako portua eta GI-20 errepidearen arteko konexioa hobetzea azter dezan. Lau hilabeteko epea eman diote horretarako.
Horrela, Pasaiako portuaren sarrerako Gomistegi biribilguneko trafikoa arintzea dute asmoa, argudiatuta ibilgailu ugari igarotzen direla bertatik, eta eremua kolapsatu egiten dela. Izan ere, portura sartzen diren eta portutik ateratzen diren kamioi guztiak igarotzen dira biribilgune horretatik gaur egun.
Duela hamabost urte antzeko proiektu bat planteatu zen: saihesbide bat egitea Donostiako Bidebieta auzoa Pasaiako Trintxerpe barrutiarekin lotzeko. 20,6 milioi euroko aurrekontua zuen proiektuak, baina ez zen aurrera atera. «Pasaiak eta Oiartzualdeak urteetan behar izan duten konponbiderantz aurrera egitea dagokigu orain», adierazi du Iñaki Ruiz PSE-EEko batzarkideak, gaur igorritako oharrean.
Oskar Bordes EH Bilduko legebiltzarkideak proiektuaren inguruko informazioa eskatu zion apirilean Felix Urkola Bide Azpiegituretako foru diputatuari, eta 2011ko proiektua aurkeztu zuen berak. Orain, EH Bilduk ere proiektua martxan jartzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Gaur bertan bildu dira Pasaian Urkola eta Loreto Osa Pasaiako EAJko eleduna. EAJk zabaldutako informazioaren harira, aldundiak konpromisoa hartu du alternatibak aztertzeko alderdiek eskatutako epean, 2011ko proiektua abiapuntu gisa hartuta eta gaur egungo errealitatera egokituta. «Ezin da portu lehiakor bat eraiki hemen bizi garenon bizi kalitatearen kontura. Portuak eta udalerriak elkarrekin egin behar dute aurrera. Jarduera ekonomikoa behar dugu, eta, aldi berean, trafiko astuna gure hiri eremuetatik ateratzea ahal den neurrian», adierazi du Osak.
Noren esku?
Hortaz, obra horren alde daude alderdi politikoak; beste gai batean, ordea, ez datoz bat: portuaren eskumenean. EAJk «autonomia gehiago» nahi du Bilboko eta Pasaiako portuentzat, eta Eusko Jaurlaritzak kudeatu ditzan nahi du, «lehiakorragoak» izan daitezen. Horretarako, Madrilek desklasifikatu egin beharko lituzke. Baina PSE-EE —baita PSOE ere— ez dago portuei titulartasuna aldatzearen alde.
Gaur bildu dira Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua eta Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkaria. Bileraren aurretik EAJk argi utzi du ez duela «inoiz» amore emango, eta Pasaiako portuaren desklasifikatzea eskatzen jarraituko duela.
Gaur egin diote Euskadi Irratian elkarrizketa Aitor Esteban EBBko presidenteari, eta esan du Pasaiako portuaren transferentzia «adostuta zegoela estatuko aurrekontuen negoziazioan» baina ez direla onartu. Zera erantsi du: «Uste dut duela aste batzuetatik hona [Espainiako] Gobernuak aldatu egin duela negoziatzeko jarrera. Beste fase batean sartu da: hauteskundeei begira».
Eneko Andueza PSE-EEko buruak orain arteko jarrerari eutsi dio. Atzo adierazi zuen Espainiak Pasaiako portua interes orokorreko gisa izendatzea «ezinbesteko baldintza» dela, eta azaldu zuen Madrilek Imanol Pradalesen bulegoari jakinarazi diola desklasifikazioa «erabat ezinezkoa» dela, eta akordioan ez dela «inoiz» halakorik adostuko.