Pasaiako portuan saihesbide bat eraikitzearekin bat etorri dira alderdiak, titulartasunaren gatazkak gorabehera

PSE-EE, EH Bildu eta EAJ bat etorri dira, eta lau hilabeteko epea eman diote Gipuzkoako Foru Aldundiari Pasaiako portuaren eta GI-20 errepidearen arteko lotura aztertzeko. EAJk Pasaiako portua Eusko Jaurlaritzak kudeatu dezan nahi du, baina PSE-EEk ez.

Kamioiak kargatzen Pasaiako portuan, artxiboko irudi batean. PASAIAKO PORTU AGINTARITZA
Kamioiak kargatzen Pasaiako portuan, artxiboko irudi batean. PASAIAKO PORTU AGINTARITZA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 16a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zeresana eman du Pasaiako portuak azken orduotan, eta aurrerantzean ere hala izan dadin saiatuko dira alderdi politikoak. PSE-EE, EH Bildu eta EAJ bat etorri dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari galdegin diote Pasaiako portua eta GI-20 errepidearen arteko konexioa hobetzea azter dezan. Lau hilabeteko epea jarri diote horretarako.

Horrela, Pasaiako portuaren sarreran dagoen Gomistegi biribilguneko trafikoa arintzea dute asmoa, argudiatuta ibilgailu ugari igarotzen direla bertatik, eta eremua kolapsatu egiten dela. Izan ere, portura sartzen diren eta portutik ateratzen diren kamioi guztiak igarotzen dira biribilgune horretatik gaur gaurkoz.

Duela hamabost urte, antzeko proiektu bat planteatu zen: saihesbide bat eraikitzea Donostiako Bidebieta auzoa Pasaiako Trintxerpe barrutiarekin lotzeko. 20,6 milioi euroko aurrekontua zuen proiektuak, baina ez zen aurrera atera. «Pasaiak eta Oarsoaldeak urteetan behar izan duten konponbiderantz aurrera egitea dagokigu orain», adierazi du Iñaki Ruiz PSE-EEko batzarkideak, gaur igorritako oharrean.

Oskar Bordes EH Bilduko legebiltzarkideak proiektuaren inguruko informazioa eskatu zion apirilean Felix Urkola Bide Azpiegituretako foru diputatuari, eta 2011ko proiektua aurkeztu zuen berak. Orain, EH Bilduk ere proiektua martxan jartzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldindiari.

Gaur bertan bildu dira Pasaian Urkola eta Loreto Osa Pasaiako EAJko eleduna. EAJk zabaldutako informazioaren harira, aldundiak konpromisoa hartu du alternatiben azterketa egiteko, alderdiek eskatutako epean, 2011ko proiektua abiapuntu gisa hartuta eta gaur egongo errealitatera egokituta. «Portu lehiakor bat ezin da hemen bizi garenon bizi kalitatearen kontura eraiki. Portuak eta udalerriak elkarrekin egin behar dute aurrera. Jarduera ekonomikoa behar dugu, eta, aldi berean, ahal den neurrian, trafiko astuna gure hiri eremuetatik ateratzea ere», aldarrikatu du Osak.

Noren esku?

Hortaz, bat egiten dute alderdi politikoek obra horrekin; beste gai batean, ordea, ez datoz bat: portuaren eskumenean. EAJk «autonomia gehiago» nahi du Bilboko eta Pasaiako portuentzat, eta Eusko Jaurlaritzak kudeatu ditzan nahi du, «lehiakorragoak» izan daitezen. Horretarako, Madrilek desklasifikatu egin beharko lituzke. Baina PSE-EE —baita PSOE ere— ez dago portuei titulartasuna aldatzearen alde.

Gaur bildu dira Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua eta Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkaria. Bileraren aurretik EAJk argi utzi du ez duela «inoiz» amore emango, eta Pasaiako portuaren desklasifikatzea eskatzen jarraituko duela.

Gaur egin diote Euskadi Irratian elkarrizketa Aitor Esteban EBBko presidenteari, eta esan du Pasaiako portuaren transferentzia «adostuta zegoela estatuko aurrekontuen negoziazioan», baina ez dira onartu. Zera erantsi du: «Uste dut aste batzuetatik hona [Espainiako] Gobernuak murriztu egin duela negoziatzeko duen jarrera. Beste fase batean sartu da: hauteskundeei begira».

Eneko Andueza PSE-EEko buruak orain arteko jarrerari eusten dio. Atzo adierazi zuen Espainiak Pasaiako portua interes orokorreko gisa izendatzea «ezinbesteko baldintza» dela, eta azaldu zuen Madrilek Imanol Pradalesen bulegoari jakinarazi diola desklasifikazioa «erabat ezinezkoa» dela, eta akordioa ez dela «inoiz» hortik igaroko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA