Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak salatu du Donosti Cup futbol txapelketako epaile batek jazarpena eta irainak jasan zituela atzo arratsaldean, Zubietan (Gipuzkoa). Epailea ertzaina delako jazarri zioten, Segurtasun Sailaren arabera. Gizonak Ertzaintzak lagunduta utzi behar izan zituen kirol instalazioak.
Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, neurketa jokatzen ari zirenean, bi taldeen arteko giroa okertzen hasi zen, eta epaileak, bertako arduradunekin hitz egin eta gero, partida amaitutzat eman zuen arauzko denbora bete baino lehen. Partida bukatu aurretik, epaileak txartel gorria erakutsi zion talde gipuzkoar bateko jokalari bati. Orduantxe, Segurtasun Sailaren arabera, talde horretako jokalariek epailea inguratu zuten, eta haren aurka oihuka hasi ziren. Epaileak berarengandik urruntzeko keinua egin zuenean, ikusle batzuk ere zelaira sartu ziren, eta epaileak babestua joan behar izan zuen aldageletara.
Behin barruan zela, Segurtasun Sailaren esanetan, hainbat irain entzun zituen; besteak beste, «Epailea zipaioa», «Zipaio putakumea» eta «Txakurra»; baita Ertzaintzaren aurkako oihuak ere. Ertzaintzaren zenbait patruila bertaratu ziren, eta epaileari instalazioetatik segurtasunez ateratzen lagundu zioten.
Gaitzespena
Gertatutakoa «onartezina» dela adierazi du Segurtasun Sailak, eta elkartasuna adierazi dio ertzainari. Era berean, herritarrei eskatu die «iraganeko garaiak gogorarazten dituzten jokabideak» ez normalizatzeko, eta babesa adierazi die «gizarte bidezkoago baten alde lan egiten duten ertzain guztiei».
Txapelketaren antolatzaileek, berriz, adierazi dute halako jokabideek ez dutela lekurik lehiaketan, eta iragarri dute gertatutakoa aztertuko dutela etorkizunean neurriak hartzeko. Era berean, nabarmendu dute parte hartu duten talde gehienek kirol legez jokatu dutela.
Bestalde, Ertzaintzako Esan eta Euspel sindikatuek ere gogor kritikatu dute gertatutakoa, eta Instituzioei eta kirol arduradunei gaitzespen irmoa eskatu diete, baita ustezko erasotzaileen aurkako neurriak hartzea ere.