Izan Inurri elkarteak antolatuta, Inurri Eguna ospatu dute gaur Usurbilen (Gipuzkoa). Minbizia dutenei laguntzeko eta gaixotasunaren inguruko dibulgazioa ikuspegi feministatik egiteko sortu zuten elkartea, eta kide guztiak batzeko aprobetxatu dute festa, Tabuen kutxatik oholtzara lelopean.
Ikusi gehiago
Hirugarren aldia dute aurtengoa, eta egun osoko egitaraua antolatu dute. Minbizia dutenez gain ingurua eta gizarte osoa inplikatzea izan da elkarteko kideen helburua hasiera-hasieratik. Izan ere, gaixoei ez ezik, haien lagunei, alabei, aitonei, semeei... eragiten die gaixotasunak. «Horrelako ekintzak egiten ditugunean —kontzertuak, bertso saioak, podcastak, erakusketak...—helarazi nahi dugu minbizia ez dela soilik gaixoen kontua, baizik eta gizarte osoarena. Bide horretan, kanpoko jendea ere etortzen da, agian minbiziarekin erlazio zuzenik ez daukana, baina dibulgazio lan hori iritsi zaiona. Guretzat oso garrantzitsua da hori», azaldu du Izan Inurri elkarteko kide Beñat Elizaldek.
11:30ean egin dute lehen mahai ingurua, gaztelaniaz, Corporalidad y cuerpos enfermos (Gorpuztasuna eta gorputz gaixoak) izenburupean. Mer Gomez idazle eta ekintzaile intersexualak, Marina Garcia Teta y Teta egitasmoko kideak eta Magdalena Pineyro lodifobiaren aurkako ekintzaileak parte hartu dute.
Bazkalostean bertso saio musikatuaz gozatu dute parte hartzaileek. Onintza Enbeita, Oihana Arana eta Ane Labaka igo dira oholtzara, eta izan Inurriren «tribuko» kideak aritu dira gai jartzaile. Arratsaldean, berriz, musika izan da orain arteko protagonista nagusia, emanaldiak egin baitituzte Chica Sobresalto, Janus Lester, Garazi Esnaola, Elektropottotte eta Mugan artistek. Horien ostean, Fifi eta Fefa DJen saioak biribilduko du eguna.