Tolosa eta Beasain lotzen dituen Renfeko tren zerbitzua etengo dute abuztuaren 29tik irailaren 1era

AHTaren trenbide sarea osatzeko lanak direla-eta geratuko dituzte aldirikoak eta distantzia ertaineko eta luzeko trenak. Horien ordez, autobusak jarriko dituzte.

Tren bat Groseko geltokian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Tren bat Groseko geltokian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko abuztuaren 26a
13:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hernani eta Irun (Gipuzkoa) arteko Renferen tren zerbitzua erabiltzen dutenak autobusez egiten ari dira bidaiak uztailaren 25az geroztik, abiadura handiko trenaren lanak direla-eta tarte horretan trenbideak itxita baitaude irailaren 6ra arte. Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak iragarri du abuztuaren 29tik irailaren 1era —bi egunak barne— beste tarte bat ere itxiko dutela, Tolosa eta Beasain lotzen dituena, hain zuzen ere.

Mozketa horrek handik igarotzen diren zerbitzu guztiei eragingo die, hala aldirikoei nola distantzia ertain eta luzekoei. Murrizketaren eragina ahalik eta txikiena izan dadin, Renfek autobus zerbitzua jarri du martxan tarte horretarako ere. Hortaz, lau egun horietan tren zerbitzua bi tarte laburretan baino ez da izango erabilgarri: Hernani eta Tolosa artekoan eta Beasain eta Brinkola artekoan. 

Distantzia ertaina eta luzea

Distantzia ertaineko trenei dagokienez, erabiltzaileek autobusez egin beharko dute Irundik Andoainerako bidea irailaren 3tik urriaren 18ra. Abuztuaren 29tik irailaren 2ra bitartean, berriz, Araia (Araba) eta Irun bitartekoa egin beharko da errepidez. Renfek antolatutako autobusek tarteko geltokietan egingo dituzte geldialdiak.

Madril-Irun eta Bartzelona-Donostia distantzia luzeko lineetan ere moldaketa ugari izango dituzte, eta han-hemenka etengo dute zerbitzua, orain leku batzuetan, orain beste batzuetan: Gasteizen, Tolosan (Gipuzkoa), Iruñean... Renferen webgunean ikus daitezke aldaketa guztiak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA