Voith Paperreko langileek lanuzteak egingo dituzte, hitzarmen berriaren negoziazioak «blokeatuta» daudela salatzeko

Lehen greba eguna dute gaurkoa, eta ostegunean egingo dute hurrengoa. Salatu dute ez dagoela zuzendaritzarekin negoziatzeko aukerarik, ez baitu onartzen langileen soldatak KPIaren arabera eguneratzea.

Voith Tolosa lantegia, Ibarrako Apatta industrialdean. TOLOSALDEKO ATARIA
Voith Tolosa lantegia, Ibarrako Apatta industrialdean. TOLOSALDEKO ATARIA
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko azaroaren 24a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte korapilatsua dute Ibarrako (Gipuzkoa) Voith Paper lantegiko beharginek: apirilean enpresak adierazi zuen hamabost langile kaleratzeko asmoa zuela —azkenean lau kaleratu zituen—, eta langileek gaur iragarri dute bi greba egun egingo dituztela, salatzeko lan hitzarmen berriaren negoziazioak blokeatuta daudela: gaurkoa dute lehena, eta ostegunean egingo dute bigarrena.

Enpresa batzordea ELAko bost ordezkarik eta LABeko lauk osatzen dute, eta sindikatu horiek deitu dute grebara. 2025eko ekainean ekin zioten hitzarmen berria negoziatzeari; ELAren esanetan, ordea, ez dago zuzendaritzarekin negoziatzeko aukerarik, ez baitu onartzen hitzarmenean langileen eskaera nagusia ezartzea: langileen soldatak KPIaren igoeraren arabera eguneratzea.

Sindikatuak salatu du, gainera, azkenekoz bildu zirenean zuzendaritzak zera proposatu zuela: langileen lanaldi jarraitua lau hilabetekoa izan ordez bi hilabetekoa izatea. «Langileen helburua da egungo lanaldiaren egutegiari eustea eta soldata eguneratzea, eta zuzendaritzak proposatutako aldaketa atzerapauso bat izango litzateke negoziazioetan».

Horrez gain, ELAk esan du batzordeak zenbait proposamen eraman zituela hitzarmenaren azken bilerara, «lanaldiaren egutegiari buruzko jarrerak hurbiltzeko», baina zuzendaritzak denak baztertu zituela. Gogoratu behar da iaz ELAk salatu zuela zuzendaritzak aldi baterako erregulazio bat ezarri ziela langileei aurretik batzordearekin adostu gabe. «Enpresak irabaziak handitu nahi ditu lanpostuen eta langileen lan baldintzen kontura», gaitzetsi zuen orduan.

Paper industriarako makinak fabrikatzen dituzte Tolosaldeko Apatta industrialdean, eta 163 langilek lan egiten dute bertan. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA