Artea

Xabier Morras, margoz emandako lekukotasuna

Artista nafarraren atzera begirako erakusketa ireki dute Donostiako Kutxa Kubo aretoan. Morrasek 60 urtean egindako lana jaso dute, eta, margolanak ez ezik, lan prozesuetako material ugari ere bildu dute. Jesus Mari Lazkano izan da komisarioa.

Xabier Morras artista, 'Cristo amordazado' (1972) instalazioaren aurrean, gaur Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Xabier Morras artista, 'Cristo amordazado' (1972) instalazioaren aurrean, gaur Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2026ko urriaren 22a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Edertasun ortodoxoenaren ertzetan bilatzen dudan edertasunaz hitz egiten dute nire margolanek. Margolan autobiografikoak dira, oharkabean gure begien aurretik desagertuz joan den garai baten lekukotzak». Duela 60 urte pasa heldu zien aurrenekoz pintzelei Xabier Morrasek (Iruñea, 1943), eta orain, egindako bide horri begira, «barne koherentzia» bat antzematen du artistak, begirada bera sakonean. «60 urtetik gora izan dira margotzen, eta nire ingurune biografiko, fisiko eta mentalekin izan dudan harremana bistaratzen dute. Itxuraz harreman hotzak, baina egiaz, oso hurbilekoak. Denek erantzuten diete begirada bati, nireari, zeina gelditu egiten den gehien erakartzen, obsesionatzen, hunkitzen duen horren aurrean». 

Artistaren izen-abizenak daramatzan atzera begirakoa ireki dute Donostiako Kutxa Kubo aretoan, eta keinu horrek berak aurreratu dezake zein izan den helburua: euskal testuinguru artistikoko «figura nabarmenetako baten» lana ezagutaraztea eta eguneratzea. Ane Abalde Kutxa fundazioko Ekimen eta Edukien arduradunak erakusketarekin «zor historiko bat» kitatu duela argitu du horregatik. «Morrasek beti erakutsi du begirada arretatsu eta konprometitu bat inguruan izan duen errealitatearekiko. Haren lanek ez dituzte soilik espazioak eta paisaiak erakusten, baita gizartearen eraldaketak eta horren ondorioak ere», adierazi du. Erakusketan, batez ere, ibilbide luzeko margolaritzat aurkezten dute artista —zeina 1970eko hamarkadan «aitzindari» izan zen instalazio figuratiboen eremuan—, baina haren ibilbideko beste alderdi batzuk ere izan ditu gogoan Abaldek: Morrasen irakasle jarduna, Nafarroako Aurrezki Kutxaren kultur aretoan urte luzez egindako kudeatzaile lana eta hainbat belaunaldirengan utzi duen arrastoa.

«Nire lan guztiek erantzuten diete begirada bati, nireari, zeina gelditu egiten den gehien erakartzen, obsesionatzen, hunkitzen duen horren aurrean»

XABIER MORRASArtista

Denera, Morrasen zazpi instalazio berregin, 30 pieza handi erakutsi eta ehun marrazki baino gehiago jasotzen ditu erakusketak, baita haren lan prozesuetako beste dokumentazio mordo bat ere. Izan ere, Jesus Mari Lazkano artista eta erakusketaren komisarioak nabarmendu duenez, hori da aurkeztu duten lanaren bereizgarrietako bat: Morrasen obraz gainera, haren sormen prozesuetara hurbiltzeko aukera. «Ikusiko dugu ez dela inoiz soilik prozesu material bat, batez ere prozesu intelektual bat baizik». Ideia hori erakusketa guztian bistaratu badute ere, sarreran jarri duten eremuan nabarmendu dute bereziki: erakusketaren estudioa berregin baitute bertan, artistaren liburutegiaren zati bat eta guzti. 

Memoria historikoa, deserrotzea, nortasuna, hiria, landa eremuko kulturaren desagerpena eta kontakizun kolektiboen eraikuntza, besteak beste. Morrasen ibilbide osoan funtsezkoak izan diren gai horiek topatuko ditu bisitariak erakusketan, urtarrilaren 24ra bitartean. 

«Ez diot inori opa»

Bere bizipenetatik hurbil kokatu du obra artistak, eta oso gogoan izan du zein girotan igaro zituen bizitzako lehen urteak. «1943an jaio nintzen, urtarrilean, Iruñean; ez diot inori opa», esan du, irribarrez. «Gizartea ezin biolentoagoa zen, tristura, beldurra eta isiltasuna ziren nagusi». Nafarroan ezagututako giro hura ez ezik —«diktadura frankistaren aurrean egindako salaketako eta erresistentziako margolanak dira asko»—, munduan orduan gori-gori zeuden «tragedien» eragina ere aipatu du artistak. «Horrek guztiak mundua hautemateko nire moduan eta nire formazio intelektual eta artistikoan eragin zuen. Nire inguruari —landaguneari eta hiriari— begiratzen dioten margolanak dira; begiratzen dutenak eta bizitza ikusten dutenak, gure begien aurretik desagertzen ari den bizi eredu bat». 

Oro har, tamaina handiko lanak egin ditu Morrasek azken 60 urteetan, askotariko teknika eta prozedurak erabilita; pintura, argazkilaritza, instalazioa eta beste. Argitu du margoen tamaina ez dela ausazkoa, ikuslea «bildu» behar dutelako direla hain handiak. «Gaiak benetan harrapatzen banau, behar dut tamaina handi hori. Pentsatu Picassoren Gernika-n, adibidez: obra hori ez zen izango orain dena duen tamaina ez balu». Irizpide kronologikoari segitzen dio erakusketak, eta 1960ko eta 1970eko urteetako margolanak topatuko ditu bisitariak areto nagusian. Londres (1966-gaur egun) eta New York (1973) serieetako lanak daude tartean, eta hiri horietara heldu zenean harengan eragin zuten inpresioa oroitu du artistak. «Londresen oso bizi zeuden gerrak eta bonbardaketek utzitako arrastoak». 

«Kontzeptu tekno-zientifikoetan oinarrituta bagabiltza ere, badaude munduarekin erlazionatzeko beste modu batzuk: plastikoak, sormenezkoak, pertsonalki inplikatzearekin zerikusia dutenak»

JESUS MARI LAZKANOErakusketako komisarioa

Haien ondoan, baina, ia sei metro altu den instalazio bat nabarmentzen da: Cristo amordazado (Kristo ahoa estalia). 1972ko Iruñeko Topaketa sonatuetarako egin zuen lan hura Morrasek, baina, garai hartako zentsura tarteko, ezin izan zuen osorik erakutsi, eta gerora ere bertsio «mutilatuekin» aurkeztu izan du. Hau da, bada, lehen aldia artistak obra hori sortzez pentsatu bezala erakusten duena. Hala oroitu du 1972ko hura: «Nafarroako Museoa gorde zuten inguruko artistontzat. Nik 30 urte inguru nituen, eta pentsatu nuen: 'Badakit zer ez dudan egingo: margolan bat pintatu eta horman eskegi'. Horren ordez, museoko patioa hartuko zuen lan hau egitea otu zitzaidan».

Morrasen ibilbidean «mugarri bat» ezarri zuen instalazio hark, eta «Espainiako lehen instalazio artistikotzat» ere hartu izan da. Berregin egin dute erakusketarako, eta berdin egin dute Morrasek 1973an Madrilgo Iolas Velasco galeriarako egin zuen instalazioarekin ere. Bost mikroinstalazioz osatutako dago —Manhattan Flesh, Up Town Manhattan, Encierro, Manhattan Horse I eta Manhattan Horse II—, baina artistak ez zuen inoiz aurkeztu. 

Inplikatzearekin zerikusia

Morrasek bere lanean hasieratik uztartu duen «ikuspuntu kosmopolita» eta jatorriarekiko atxikimendua da beste interesgune bat, komisarioaren ustetan. Oso agerian uzten du uztarketa hori erakusketak: paisaia urbanoen inguruan daude Morrasek Navarra (1977-2007) seriearen barruan margotutako lanetako batzuk, areto nagusian; eta goiko aretoak ematen dio segida artistaren inguru familiar eta autobiografikoarekin lotuen dagoen eremu horri. «Hori da, beharbada, erakusketako lekurik samurrena», esan du artistak. Beste instalazio handi bat jarri dute bertan: Lakar: hĂ©roes anĂ³nimos (Lakar: heroi anonimoak, 1982). Neurri naturalean margotutako bi gizon ageri dira, lasto fardelen artean eta Lakarreko (Lizarra) monasterioaren atariaren aurrean. «Jende hori, bizi bainoago, ozta-ozta bizi izan zen».

«Gutxi» ekoitzi duen pintore bat dela aipatu du Morrasek, ingurukoen artean barre mesfidati bat eraginez. «Egia da; pintura nire jardun nagusia izan den arren, zentro kultural bat zuzendu dut hamazazpi urtez, irakasle izan naiz Arte Ederren fakultatean 30 urtez, eta, bestela ere, oso motela izan naiz beti nire obren elaborazioan. Asko itxaroten dut gai bat benetan interesatzen zaidala ziur egon arte». Adimen artifizialaren garaian, «esku hutsez margotutako» obra bistaratzen duen erakusketa bat dela nabarmendu du, «erreferente teorikoen beharrik gabe sentitua izateko pentsatua». Eta zera gehitu du Lazkanok horri lotuta: «Kontzeptu tekno-zientifikoetan oinarrituta bagabiltza ere, badaude munduarekin erlazionatzeko beste modu batzuk: plastikoak, sormenezkoak, pertsonalki inplikatzearekin zerikusia dutenak. Uste dut erakusketa honek oso ondo jasotzen duela munduaren aurreko jarrera hori».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA