1025ean agertu zen, lehenengo aldiz, Ipuscua izena Aragoiko San Juan de la Peñako monasterioko agiri batean. Eta urte berean, gaurko Errioxako (orduan, Naiara) Donemiliagako Goldea delakoan, Arabako hainbat herriren izenak lehenengo aldiz aipatuak izan ziren idatzi batean, hala nola Gastehiz, Adurzaha edo Hagurahin. Hori dela eta, hainbat ekitaldi ospatu ziren 2025ean, bi milurteko horiek oroitzeko. Eskertzekoa da oroimen ariketa hori, baina… nola kontatu zaigu?
Gipuzkoan, gertakizun hori oroitzeko erakusketa bat antolatu zuten urtearen lehen seihilekoan, Donostiako San Telmo museoan. Erakusketa horretan, 1025eko agiriaren testuingurua azaltzeko, «lurralde lausoa, mugatu gabeko lurraldea» edo lurralde horretako haranak «erregeek errentak biltzeko […] banaketa administratiboak» zirela esaten zen. Mapetan ere gaurko Gipuzkoaren mapa bat erabiltzen zen.
Baina… lurralde hori non zegoen? Gune independentea al zen? Zergatik agertzen da Aragoiko agiri batean? Zein erregek biltzen zituen errenta horiek? Behin bakarrik aipatzen da «Iruñeko Antso III. a Nagusiaren erregealdian» izan zela… baina ez da besterik azaltzen. Ondorengo ekitaldi batzuetan, zorionez, Nafarroari aipamenen bat egin zitzaion, baina nahiko modu soltean.
Jauzi egin dezagun Arabara. Bertan, erakusketa ibiltari bat eta liburuxka bat egin ziren udazkenean, De ferro de Alaua izenburuarekin. XI. mendeko Araba deskribatzeko, lurralde hori «Ekialderantz, Nafarroaraino» iristen zela esaten da: ez omen zegoen, beraz, Nafarroaren barruan. «Herri sare trinko bat» zela esaten da, baina beste behin ere, ez da besterik aipatzen.
Milan Kundera pentsalari txekiarrak aipatzen zuen bezala, «nazioak akabatzeko, beste ezer baino lehenago, memoria kendu egiten zaie […] eta beste historia bat asmatu». Memorizidioa da konkista eta asimilazio prozesu guztietako azken urratsa. Eta horretan gaude…
Hau ere lurralde independiente al zen? Zergatik agertu zen gaurko Errioxako monasterio batean? Gero «Iruñeko erregeak […] Arabako lurraldean nagusitasuna sendotzen saiatu» zirela esaten da, eta «Iberiar penintsulako erresuma kristauen sendotze eta hedatze prozesuan […] funtsezko eginkizuna» izan zutela «San Juan de la Peña […] Donemiliaga bezalako monasterioek». Dena oso orokorra, eta Iruñea-Nafarroa ia-ia aipatu gabe.
Inork ulertuko al luke Ponpeiara joatea eta Erromatar Inperioaren aipamen bakar bat ere ez entzutea? Edo Gizako Piramideak ikustera joatea, eta Egiptoko Faraioak ia aipatu ere ez egitea? Ba horixe bera da gurean egiten dena, inolako harridurarik gabe: testuinguruaren desitxuratzea, subjektu historikoa ezkutatzeko.
Izan ere, ezin dira bi aipamen horiek ulertu Iruñeko/Nafarroako Erresuma aintzat hartu gabe. Horixe baita haien testuingurua: Errioxa, Euskadi… ez ziren existitzen, eta Araba, Gipuzkoa, Aragoi… ez ziren gaurko lurralde historikoak, Iruñeko Erresumaren barruko eskualdeak baizik, hortaz haien arteko lotura. Orduko Iruñea edo Nafarroa ere ez zen gaurko Nafarroako Foru Komunitatea. Ez da kasualitatea Antso Nagusia bere Erresuma zabala antolatzen ari zen garaian aipamen horiek denak batera agertzea.
Gogoratu behar da garai berean Lapurdi eta Zuberoako bizkonderrien lehenengo aipamenak ere agertzen direla, Antso Nagusiaren eta Baskoniako konderriaren (gure historiatik ezabatutako beste protagonista bat…) arteko harremanen ondorioz. Baina, beste behin ere, gure batasun historikoa aldarrikatu ordez, gure zatiketa ospatzen dugu.
Eta zergatik egiten da hori? Kazetarien edo jende xehearen aldetik, ezjakintasunagatik, ziurrenik. Erakundeen eta unibertsitateen aldetik, aldiz… norberak bere hausnarketa egin dezala. Dena dela ere, zientziaren ikuspuntutik, onartezina da presentismotik eta lurralde historikoen betikotasuna bezalako mitoetatik gure historia azaltzea.
Milan Kundera pentsalari txekiarrak aipatzen zuen bezala, «nazioak akabatzeko, beste ezer baino lehenago, memoria kendu egiten zaie […] eta beste historia bat asmatu». Memorizidioa da konkista eta asimilazio prozesu guztietako azken urratsa. Eta horretan gaude…
Nafarroa gure memoria da, gure duintasunaren eta etorkizunaren jabe izateko ezinbesteko protagonista. Ez dezagun ahaztu.