Inoiz egin duzu amets 36 zenbakiarekin? Hala bada, baliteke bizitza orekatu eta ezer faltako ez zaizun bizitza baten zoria egokitu izana. Kripton kimika elementuaren atomo-zenbakia ere bada, hainbat lanparak argi egin dezaten ezinbestekoa den osagaia.
Era berean, giza gorputzaren tenperatura egokia eta ohikoa adierazten du 36 zenbakiak. Eta gorputzaren ezaugarriei tiraka, zer gehiago datorkizue burura 36 zenbakia entzunda? Askok burua galtzeraino bilatu duten zenbakia ere bada. Atzeko aldean 36 zenbakia daramaten galtzetan sartzeko ahaleginetan makina bat jan ohitura desorekatu dira.
Baina zer diren gauzak! Egiptoar tarot karta jokoan 36 zenbakia daraman kartak hipopotamo arrosa bat du irudi, Tueris jainkosa hain zuzen. Erditzearen eta bizitza sortzearen ispilu da, umedun dagoen sabel handi eta gizen bat oinarrian. Edozein emakumek badaki 36 urtera iristerako zenbat aldiz galdegin dioten ama noiz izango den. 36 urte beteta emakumearen ordulari biologikoa mugara hurbiltzen ari dela gogorarazten digute. Bizi berri baten aldeko kartak bota edo kartak jokatu, ama izan nahi eza hirugarren aukera bat ez balitz bezala. Eta badakit zertaz ari naizen. Nik ere 3 urte eta 6 saiakeren (3+6=36) ondoren eman bainuen amore, harik eta 36 urterekin ama bihurtu nintzen arte.
Guraso izateko asmoz edo ez, 36a bada oreka izugarria eskatzen duen Kamasutrako postura bat ere: helikopteroa. «Betikoheteroa» postura hau ere.
Bestalde, numerologian energiak irudikatzen dituen zenbakia omen da 36a; gizateriak aurrera egin dezan ezinbestekoak energiak. Baina pentsa zer gertatu zen treintaiseisean! Gerra zibilak eragin zuen sarraskiak gutxi du orekatik, energiatik eta neurrian sartzetik.
Bingoan 36 zenbakiak gaztainarekin omen du lotura. Eta hau ere bitxia iruditu zait. Ondo babestutako fruitua da. Kanpotik triku baten itxura, arantzaduna, kontuz hartu beharrekoa. Behin barrukoa eskuratuz gero, ordea, jangai preziatua oso. 36 zenbakidun azalak beti mamia barruan!
Eta amaitzeko, amesten dudan egunarekin zerikusia duen esanahia du 36 zenbakiak. Zigor kodean 36. artikulua espetxealdi iraunkorraren berrikusteari dagokio. Kartzelaldiaren gutxieneko eta gehiengo iraupenari buruzkoa. Hirugarren gradurako pausoa adibidez.
Agian ez da egun txarra 36 amaitzen den loteria txartel edo dezimo bat erosteko.

EGUZKI EPELEAN
36
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu