martxelo otamendi
Enbaxada bila

Aireportuan

2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Nire lagun batek dio, zuk ere ezagutzen duzu lagun hori, aireportuak direla iristen zaren herriaren lehen irudia, hegazkinetik jaitsi eta aurreneko flash horrek adierazten dizula nolakoa den bisitatzera joan zaren herria. Ez da beti horrela izango, baina seguru balio duela irudi bat hartzeko.

Bilbo ondoko Loiuko aireportuan hegazkina hartzera joan nintzen ostegun goizean, eta euskaraz mintzatu nintzaion Iberiako mahaian zegoen langileari. Ingelesez erantzun zidan memeloak, eta bi arrazoi bakarrik okurritzen zaizkit jarrera hori azaltzeko: 1.- Langile horrek uste du euskaldunok ez dakigula ingelesez, eta odolkia ordainetan eman nahi izan zidan, euskaldunari ingelesez erantzunez. 2.- Ez zuen hizkuntza identifikatu —ez didate sekula sari bat emango ondo ahoskatzeagatik—, eta nazioarteko nagusia erabili zuen. Ez dakit bietan zein den kezkagarriena. Langile hori, behintzat, ez dugu enbaxadetan kontratatuko.

Bartzelonako aireportura iritsi, eta Mercedes auto etxearen iragarki handi bat topatu dut, katalan hutsez zegoena. Alde ederra bi flashen artean.

Hemen, nobedade gutxi, bestela. Gasteizko gobernua osatzeko aurredantzaldiari begira gauzkate. Ikusiko dugu zer egiten duen EAJk, zer lagun bilatzen duen/dituen hurrengo urte garrantzitsuetarako. Urte askotan zuek guri begira egon eta gero, orain zuei begira jarrita gaude; eta biok Eskoziari begira. Hau animatzen hasi da.

Ulertzen zaila izango da, zuenean eta gurean, harreman preferentziala ez edukitzea, Europan Eskoziak zabalduko duen fase berrian, eta motzean, gure herriek merezi duten kokapen administratiboa lortzeko kolaborazio ahaleginak egin beharko lituzkete. Eta elkar hartzea, beti, biren gauza izaten da, edo gehiagorena; baina ez bakar batena; bistan denez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.