andoni egana
Plazatik

Ametsa

2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amets bat egin zuen behin Martin Luther Kingek, eta amets haren berri ematea aski izan zen jendarteak sinetsi, asaldatu eta egoera itzulipurdika zezan. Berrogeita hamar urte beteko dira abuztuan diskurtso hura egin zuela, eta gauza asko aldatu dira munduan ordutik. Baina segur aski «amets» hitza bera izan da gehien aldatu dena.

Begirune handia diot «amets» hitzari. Hargatik ematen dit min, azken boladan hustua, higatua, sumatzen dudanetan. Kirol-kazetaritzak erruaren zati handia duela ezin ukatuko dugu. Edozer huskeria amets bihurtu dute. Halako partida irabaztea nonbait amets litzateke. Halako tantoa egitea amets. Besteko karrera ziztrinean garaipena lortu eta besoak jasotzea ere amets. Eta ifrentzuan, halako jokaldi eskas amesgaizto eta beste emaitza kaskar hura ere amesgaiztorik amesgaiztoen, eta zer esanik ez mailaz jaistea. Betiko ametsari uko egitea.

«Amets» hitzaren erabilera sarriegiak bihurtu du kontzeptua bera maiztu. Sentitzen dut, baina oinetako pare bat ez da sekula «amets» kategoriara iritsiko. Ezta biajerik bitxi eta bakanena ere. Edo halako jatetxetan otordua gozatzea ere ez nuke amets gisara hartuko. Nahia, gutizia eta ametsa sinonimo bihurtzen baditugu, ametsa izango da beti galtzaile. Dena amets bada, ezer ez baita amets. Eta amets egitea nola oso kontu lurtarra eta xumea den, «amestu» aditza asmatu behar izan dugu amets egitearen huskeria eta amestearen handitasuna inork nahas ez ditzan. Amets egitea baino ederragoa balitz amestea!

Ametsa da preso dagoenarentzat askatasuna. Eta aste honetan bertan bost pertsona eta beren ingurukoen ametsak eta ez hain ingurukoen nahiak zapuztu dituzte beste behin ere. Ez hanka ez buru dituen ebazpena hartu dutenek «ametsa» izango dute aterpe. Indarkeriarik gabeko jendartea, demokrazia, justizia amesten dituztela esaten dutela egingo nuke.

Ametsa da kanpotik etorri eta herri honetan lan eginezbizimodua atera nahi izatea, sorterrian utzitako senideei laguntza igortzen dieten bitartean, gainera. Gogorra behar du amets hori izan, borobiltzen hasi eta gizatxar baten eskuetan heriotza aurkitzeak. Ustezko hiltzaileak, gainera, ez du bere burua hiltzaile soiltzat hartuko gure hizkuntza moduak eskaini dion koartadari esker «ameslari» izatea leporatuko baitio bere buruari.

Ametsa da «selektibitatea» edo «baxoa» gainetik kendu ahal izatea, eta nota itxurazkoa ateratzea, helburu. Beti iruditu izan zait helduen bidegabekeria handienetakoa hamazazpi-hamazortzi urteko neska-mutikoei etorkizuna adin horretatik bideratzen hasi behar dutela ezartzea, zer-noiz amestu ere besteren esku balego bezala.

Ametsa da euskal herrietan noizbait euskara hutsez moldatu ahal izatea, eskubide ditugunen urraketak behin eta berriz salatzen jardun beharrik izan gabe. Helburu da, aldiz, salaketa horiek gutxienik aintzat har ditzan dagokionak.

Ametsa da… Asko izan daitezke eta askotarikoak. Batarentzat denak ez du bestearentzat zertan izan. Bete ahala hustuko da askotan, amets ametsa bada, baina ahoa «amets» hitzez bete eta esanahia hustea da gaurko munduaren ezaugarrietariko bat.

Ametsa da lanik gabe luzaroan dagoenarentzat lana aurkitzea. Eta amets hitzaren jatorrira joanda, lotan gaudela gure garunak zirriborratzen duen egia tankerako errelato hori, esango nuke langabezian eta etsitzen hasirik dagoen pertsonak amets gehiago egiten dituela edo amets gehiagoz gogoratzen dela gutxienik. Gogoz kontra, baina ordu gehiago ematen baititu goizean ohean, lehen esaldiaren ondoren, jaikitzeko premia larririk gabe, eta, aldi berean, oso kezkaturik. Eta gai da goizaldean lo hartu ezinik zegoela buruan igarotako mamuen berri emateko eta goizean lo-zorroan zetzala izandako ametsak gogoratzeko ere. Gehienak amesgaizto izango dira, gainera. Gaizto-ametsek sorturiko amesgaiztoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.