Enbaxada bila

Ankerra

martxelo otamendi
2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urteak daramatzagu Espainiako eta Frantziako gobernuei beste espetxe politika bat eskatzen. Gure herriaren gehiengoa, politikoa, soziala, sindikala... bat dator horrekin. Oso gutxitan lortuko du eskaera batek Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan onartua izatea; bada, nago espetxe politika humanoago bat eskatzen duen proposamenak bi parlamentuetan lortuko duela aurrera ateratzea.

Bi urte baino gehiago bete dira ETAk borroka armatua utziko zuela iragarri zuenetik, eta euskal preso politiko bat, Arkaitz Bellon, ziegan agertu da hilda asteon, etxetik eta ingurukoengandik 1.000 kilometrotara. Espetxe politika hori, Mugika Herzogek 1989ko maiatzean martxan jarri zuena eta geroztik gaur arte denek —Gonzalezek, Aznarrek, Zapaterok eta Rajoyk— aplikatu dutena, ankerra da, mendekatia, alferrikakoa, eta, nire ezezagutza juridikoa aitortuta, delitua da.

Eta orain ez bada, etorkizuneko epaileek delitutzat jo eta epaituko dute, politika horren sustatzaileek urteak daramatzatelako haien burua salatzen: «Sakabanaketa, terrorismoaren aurkako borrokaren tresna bat gehiago da». Horrela defenditu dute urruntzea praktikatu dutenek. Urrunketa delako, ez sakabanaketa. Sakabana zitzaketen presoak, urrundu gabe.

Premiazkoa da espetxe politika hori aldaraziko duen indarra biltzea, diskrezioarekin edo diskreziorik gabe, baina ezin da gehiago luzatu. Eta jokabide okerra da politika hori aldatzeko eskaera ETAk hartu beharko lituzkeen erabakien menpe jartzea. ETAk hartu beharreko erabakiak hartu beharko ditu, ez zaizkio asko geratzen, eta, lehenbailehen hartuta, hobe; baina preso politikoen giza eskubideak ezin dira trukean erabili. Aspaldi erakutsi zigutelako alderdi demokratikoek giza eskubideak unibertsalak eta baldintzagabekoak direla.

Edo ez zen horrela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.