Ni Pasai Antxon jaio nintzen, baina gure etxea zegoen kalea bi zatitan banatuta zegoen. Gure etxea Donostiakoa zen, eta bidea pasatu eta aurrean zegoena Pasaikoa. Gure etxearen aurrez aurre Anunziata ikastetxea zegoen. Moja dominikarrak ziren. 1939an jarri omen zuten martxan. Etxe arrunt bat zen, eta pisuz pisu banatuta zituzten haurrak adinaren arabera. Mutil gutxi joaten ziren eta neska asko. Jolas garaian ondoan genuen Alamedara joaten ginen, baina ez genuen mutilekin batera jolaslekua konpartitzen. Neskak kioskoaren aurrean eta mutilak atzeko aldean.
Ni 1944. urtean hasi nintzen ikastetxe horretan, Maria ahizparekin. Gure taldekoek lehen jaunartzea egin behar genuenean, gurasoek erabaki zuten nire lagun min Milagrosek eta biok beste egun batean egingo genuela. Bion gurasoak ados zeuden eta gu harrituta erabat. Eta onartu zuten eskaera. Zergatik ote zen guk aparte egite hori? Gero, askoz geroago jakin genuen zergatik. Gure jaunartzean bi abestik behintzat euskaraz izan behar zutelako. Eta hori orokorrean ez zen gertatzen. Milagrosek eta biok euskaraz egiten genuen eta hori merezi genuela pentsatu zuten gure familiakoek.
Nire gurasoek batxilerra egin behar nuela pentsatu zuten, eta nik ere hori ikasi nahi nuen gero magisteritza ikasteko. Pasaian ezin zitekeen batxilerra egin. Pena handiz, baina Donostiako beste ikastetxe batean egin zuten nire matrikula. Mojak, aldiz, beraien ikastetxean batxilergoa ematea ezinbesteko ikusiz, 1951n bi ikaslerekin abiatu zuten. Donostiako ikastetxera joan nintzenean, asko gogoratzen nituen Pasaiko eskoletan nituen irakasleez, jolas lagunez eta egiten genituen irteerez.
Udaretan piano eta mekanografiako klaseak ematen zituzten, eta ni beste batzuekin batera piano, mekanografia eta josten ikastera ordu pare batez joaten nintzen uztailean. Beraiekiko lotura ez zen inoiz eten.
Nire anaiak 4 urte bete zituenean ere Asuncion ahizparen gelan sartu zen, 1951n. Batxilergoa jarri zutenean bakarrik neskak izango ziren bertako ikasleak. Mutilak 9 urte arte egoten ziren, beraz nire anaia 9 urterekin atera zen, Donostiako mutilen ikastetxe batera joateko. Oraindik urte asko falta ziren neska-mutilak elkarrekin ikasteko, baimena lortzeko. Denok dakigu nork agintzen zuen.
Magisteritza ikasten hasi nintzenean, arratsaldetan, Anunziatara joaten nintzen, batez ere gramatika eta matematika indartzeko. Magisteritza bukatu eta oposizioak prestatzen hasi nintzen. Bide batez, Elvira Zipitria andereñoarekin hasi nintzen, bidean galdu nuen euskara berreskuratzeko. Ikasturte batean asko aurreratu nuen eta bigarren ikasturtean praktikak egiten hasi nintzen bere ikastolan, berak erabiltzen zuen pedagogia aurrerakoi eta eder hura ikasteko. Nire asmoa zen oposizioak bukatu, eszedentzia eskatu eta ikastola zabaltzea, Elvirarekin ikasi nuen guztia praktikan jartzeko.
1960an ikastola jarri nuen nire etxean. Lehen urte horretan bost haur nituen, euskaldun petoak eta gurasoak ilusioz beteta, ikastola bat izango zutelako bere herrian.
Berehala hasi ziren bost horien ingurukoak, anai-arrebak, osaba-izebak edo aitona-amonak euskarazko klaseak eskatzen. Egun batean non deitzen didan Imelda ahizpak esanez ea kolegioan emango nituzkeen euskarazko klaseak. Bi talde osatuta zituztela zegoeneko. Astean hiru egunetan joaten nintzen, eta batzuetan mojaren bat ere joaten zen klaseak jasotzera edo abesti bat erakutsi behar banien hura ikastera.
Pasaiak sekulako ongietorria eman zion euskarari. Mojen ikastetxeak eman zion lekua ez zen batere ohikoa, baina Pasai Antxon gertatu zen
Oso ongi gogoratzen dut Asuncion ahizpa askotan etortzen zela, baita Imelda ahizpa ere. Oso, oso gustura egin nuen lana nire txikitako ikastetxean. Eguberritan Jaiotza antolatzen bagenuen, gonbidapena egiten nien ikastolakoekin ateratzeko eta hantxe agertzen ziren gurekin batera abesteko. Pasaiak sekulako ongietorria eman zion euskarari. Mojen ikastetxeak eman zion lekua ez zen batere ohikoa, baina Pasai Antxon gertatu zen. Â
1965ean Donostiara etorri nintzen bizitzera, eta Pasaian egiten nuen lan berbera egiten hasi nintzen. Baina Anunziatako moja eta ikaskide izandako gehienekin beti mantendu izan dut harremana, egun berezietan batez ere.
Jubilatuta nengoenean, 2005. urte inguruan izango zen, nik ezagutzen ez nuen kolegioko moja batek deitu zidan bere euskara sustatzeko mintzapraktika egiteko denboratxo bat eskainiko ote niokeen esanez. Astean behin elkartzeko eguna jarri genuen. Hiru bat urte pasa genituen horrela.
Argi dago ikastetxe horrek euskara maite zuela eta ez zirela beste ikastetxe askotan urte horietan gertatu zen bezalakoak. Euskararekiko gorrotoz bizi, ez horixe!
Orain etapa aberats eta emankor hura bukatzera doa. Urte onak eta ibilbide luzea izan du. Agurra emateko, ez genuke ekitaldi maitekor bat antolatu beharko kurtso bukaerarako? Ideia bat besterik ez da, baina badugu denbora zerbait egiteko.               Â