Badira pare bat egun euria ari duena. Jende asko hasi da hileta jotzen «ai, uda amaitu da», «eguraldi txarra datorkigu», «euria, ze nazka». Euskaldun tropikal horiek tanta bi jausi orduko horrela hasten dira, nahiz eta hau aspaldiko abuzturik sikuena izan. Hori bai, horiek beroriek kexaka jardungo dute ur eskasia egonez gero, edo gure bazter berdeak gorri ikusita. Euretako askok argudiatuko dute abuztuaren amaieran gaudela eta oporrak amaitzear dituztela, eguraldi honekin ezin dutela bakantzen hondarrez profitatu. Zertan jardun dute, bada, oporraldi osoan?
Eguraldia eta aprobetxatu aditza oso lotuta erabiltzen dira. Eguraldi-iragarpenean (adibidez neguko asteburu baten), eguzki egun bat iragarri, eta hurrengoa euritsua datorrela esaten badigute, esatariak berak, tonu profesional horretan hauxe aholkatuko digu: «Badakizue, aprobetxatu». Zer aprobetxatu behar dugu? Eguzkia? Euria? Denbora? Zergatik ez digu gomendatzen ondo pasatzeko, disfrutatzeko, gozatzeko? Ez, aprobetxatu. Zer da hori? Kanpoan ibiltzea? Paseatzea?
Antza denez, ezin da eguna probestu euria ari badu. Ez dago egunaz baliatzerik kanpoan ibili ezean? Kontzeptu zeharo desberdinak ditugu horren gainean. Aterpean gauza asko egin litezke: liburu eder bat irakurri, margotu, umeekin antzerkia egin, familian bazkalosteko luzean solasean jardun, tabernan lagunekin barrena hustu, Arte Ederretako museoa bisitatu, blogean idatzi… Mila kontu atsegin, eder, eta aprobetxagarri.
Konturatuko zineten ez dudala oso gustuko gomendio hori. Agian berba bera oso desegokia begitantzen zaidalako. Aprobetxatu entzundakoan beti etortzen zait soberan edo botatzeko dagoena erabiltzea, inork nahi ez duenarekin zerbait egin, hala moduz hondakin hori salbatu. Miserableenkontuak, alegia, edo premia gorrian dagoenak egiten duena. Koadernoen marjinak erabiltzea aurreztearren.
Baina nola lotu kontu hau erabili eta botatzeko gure gizarte honekin? Nola uztartu aprobetxatzearen filosofia, jai baten 120 tona tomate alferrik galtzearekin? Gure gizartearen desorekaren adierazgarri ere bada. Izan ere, jende asko jai egunei begira bizi da. Asteburuan zentratuta, aisialdian. Astegunik ez omen da, baina gure bizitza astegun buruzurietako kontua da, proportzioak diosku.
Errutinak, lanak eta arazoek betetzen dute gure bizitza. Ez genuke horietaz ere disfrutatu behar? Horregatik daude hainbeste frustrazio eta egonezin, horrenbeste ihesaldi. Ospa egin beharra, egunerokotasunak itota, furgoneta hartu eta fitxatu aurretik ia, hanka, errealitateari izkin eginez.
Ni ere banoa geratzen zaizkidan egunak gozatzera! Hurren arte! Plazera izan da! Tabernetan (erreal eta birtualetan) elkartuko gara!
Gerizpean
Aprobetxatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu