andoni egana
PLAZATIK

Argia pizteaz

2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Harritu egin zen hainbeste errepide ikustean. Ahoa bete hortz geratu zen herrira hurbildu ahala bide bat gainetik, azpitik bestea eta ondoan bestelako bat ere bazela jabetu zelarik. Herria bera handi iruditu zitzaion. Eta denak presaka zebiltzala. Etxera ilundu ondoren sartu zen bikotea. Lehen egunean argia emazteak noiz piztuko geratu zen korridorearen sarreran. Ulertzekoa. Ez zekien interruptorea non zegoen ere. Baina hurrengo egun eta asteetan ere gauza bera egin zuen. Etxera sartu eta andreak argiak piztu zain egon. Kargu hartu zion emazteak halako batean, ez geratzeko han, esola baino zurrunago ate-kantoian, pizteko berak argia etxera sartzean. Egin zezakeela hainbeste. Baina ordura arte, hitzok entzun arte, ez zezakeen egin.

Bertsoen arloan, argia pizteko gai ginela Xabier Amurizak eman zigun jakitera. Guk, hasieran, ez genekien interruptorea non zegoen ere. Idatzi zituen Hitzaren kirol nazionala eta Zu ere bertsolari eta argitara eman zuen Hiztegi Errimatua eta belaunaldi dexente etorri dira geroztik plazan aritzeko gaitasuna erakutsi dutenak. Berezko transmisioa ordura artean bezalatsu gerta zedin zailtasunak sumatu zituenean, bertsolari eta bertsozale talde batek transmisio horri bestelako forma bat ematea erabaki zuen. Bertsogintzaren sozializazioari zor zaio egungo egoera. Aldi berean, ordea, bertsoa objektu hauskorra dela onartuko dugu, testuak testuingurua derrigor eskatzen duela. Nork-non-nori-nola... funtsezkoak dira bertsotan sortzen den edozein testurentzat. Eta ez dugu ahaztu behar funtzioak ere asko izan ditzakeela bertsoak eta horietako bat badela liturgiarekin zerikusirik duena. Une jakin batzuetan, hitzezko diskurtsoak har ez dezakeen pisua hartzen du diskurtso kantatuak eta entzuleen emozioetara iristeko biderik laburrena izan daiteke.

Hori guztia kontutan hartuz, hasieran deigarri gertatzen zitzaidan beste arlo batean ezagutu nuen pertsonaren bat, agur esateko, zorionak emateko edo-eta eskertzaren bat egiteko bertsotan sumatzen nuelarik. Hitzen eta ideien jolas bera genuen gustuko. Gustatzen zitzaidan espero ez nukeen norbait gure jolas-arauetara mugaturik nola moldatzen zen ikustea. Zuk maite duzuna gehiagok ere maite dutela frogatzeak sortzen dizu halako asebetetasun bat. Belarriak tentetu eta zer entzungo jartzen nintzen. Oraindik ere bai, baina azken boladan kezkak ikusminari gain hartu dio. Sumatzen dut bertsoa edonon eta edonola. Baita euskal telebista publikoko gaztelerazko kanalean ere!. «Y ahora se va a arrancar con un bertxo...!» iragarriko du aurkezleak eta euskal hiztunak erdaraz mintzatzen derrigor jarri izana zuritu uste izango du «un bertxo» horrekin. Eta pentsatzen jartzen naiz bertsozale ez diren euskal hiztun askorentzat zein erdal hiztun diren euskal herritar askorentzat oso gauza igualtsua izango direla —mailaz, ahaleginez eta bat-batekotasunari dagokion benetakotasunez— «un bertxo» hori eta Aitor Sarriegik Barakaldoko BECen bota dezakeen bertso bat. Biak telebistaz azaldu badira... Sozializazioak alde onak asko dituen bezala, ajeak ere izan behar zituen.

Konponbide txarra ikusten diot gainera. Ez naiz ni azaltzen hasiko ze alde dagoen arrautza frijitu baten gorringo likatsuaren eta beste baten gorringo lehortuaren artean. Sekulako urte pila kartzelan eman eta irten berri zelarik azken egunetako plazerik handienaz galdetu niolarik, «ogi puntta arrautza gorringotan busti ahal izatea» erantzun zidan lagun batek. Hogeitaka urtean lehortua baino ez zitzaion iritsi platerera. Lagun hori bera da ate-izkinan andreak argia noiz piztuko zain geratzen zena. Ez zegoen bere kabuz eta askatasunez txikikeria horiek egitera ere ohitua. Lagunak, sikiera, etxea berea zuela bazekien. Bertsoa ez da inorena eta gero eta jende gehiagorena da, zorionez. Baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.