Garazi Kamio Anduaga.

1984, beste behin

2025eko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kuriositateak eskutik helduta, Interneten sartu, denboraren bainujantzia jantzi, eta igerian ibili naiz 1984ko urriaren 29an zer gertatu ote zen jakin nahian. Hamaika albiste eta berri atera ditut hemerotekaren tiraderatik, eta kuriosoa egin zaidan bat irakurri dut: Herbehereetako Philips eta Mendebaldeko Alemaniako Siemens erraldoiek bat egin zuten proiektu berritzaile batean; modernitatearen paradigma ziren mikrotxipak ekoizteko batu ziren. Ate joka zegoen gizartea aldatuko zuen teknologiaren bilakaera, eta, hara, kazetariek asmatu zuten gaur egun oso urrun geratzen zaigun albistea sortzean.

Pentsatzen dut badakizula izenburuko urtea ez dudala kasualitatez idatzi eta gure artean oso ezaguna den liburu hori hartuko dudala hizpide. Bai eta ez. Baina egia da: zenbat joko eman duen George Orwellen lanak, eta, bide batez, a zer nolako egiak kontatzen dituen.

Barre egiten dugu maiz berak sortutako Anaia Handia kontzeptuarekin; mikrotxipen ekoizpen hartan bezala, Herbehereetan mustu zuten izen bereko telebista saio hura. Arrakasta itzela izan zen, eta izan gaitezen zintzoak: ez genuela ikusten esaten genuen, eta, gaurko egunez ere, oraindik ondo gogoratzen ditugu gure etxeko telebistan ikusi genituen ateraldiak edo izenak. Lasai, ez zaitez larritu; halakoak gertatzea oso arrunta da.

Telebistak maiz engainatu izan gaitu, eta George Orwellek hasitako bide hura jarraitu du, gu eskutik helduta garamatzala. Barre egiten genuen telebistako haietaz, eta, orain, baldin eta gure lepoak eta nekeak uzten badigute eta burua altxatzeko gai bagara, gure kaleetan kamera ugarirekin egiten dugu topo. Baina berdin zaigu; ustezko segurtasun baterako denez, telebistako bizikidetza ariketa hartan gertatzen zen modura, guri ere ahaztu egiten zaigu inguruan kamerak ditugula eta zelatan ditugula une oro.

Jolasak beste maila bat erdietsi du, eta oraingoan ere Europatik dator notizia. Ez da telebista formatuan, eskuetan maiz darabilgun beste tresna horren tamainarako eginda baitago. Zelatatze indiskriminatua dugu ate joka: Europako Batasunak Txataren Kontrolari buruzko Legea martxan jartzeko lehendabiziko mugarriak ezarri ditu. Legea, gehiegi luzatu gabe, honela aurkezten dute: haurren kontrako sexu abusuak borrokatzeko tresna.

Baina, hemen ere, jolas berri guztietan bezala, arauak zeintzuk diren erakutsi behar da. Gutxi gorabeherako batetik abiatuta, Txataren Kontrolari buruzko lege delakoa espioi bat da zure sakelakoan: Whatsapp, Telegram edo Gmail kontuak baldin badituzu, galbahe batetik pasako dira idazten dituzun mezu guztiak, betiere sexu abusuak saihesteko asmoz.

Balantza desorekatu egin da beste behin Bruselan. Asmoa ona da, baina egiteko moduak zalantza eta beldur ugari zabaldu ditu. Sexu abusuen kontra borrokatzeaz gain, gure intimitatea babesik gabe gera liteke, espioi horrek idazten dugun oro irakurri eta pasako baitu bere galbahetik. Noski, kontua ez da hor amaitzen: programa berria non, lanean betazalak erauzteko prest dagoen hackerra han. Herritarren esku geratzen ez den esparru ilun hori baita benetan Europako hainbat agintariren kezka iturri: espioitza lanek zer-nolako erabilpena egingo duten gure datuekin, mezuekin eta argazkiekin, eta benetan gardena izango ote den azken helburua lortzeko bidea. Horrez gain, noski, sabel barruan hazten den zuloan sartzen da gure inguruan egon litekeen hackerrak duela gutxi atera zenuen argazki konprometitu horrekin egin dezakeenaren beldurra.

Ikusteke dago Europatik datorren otso berriak zer egingo duen, baina kontuan izan George Orwellek arrazoi zuela, eta, beste behin, bere liburuan esan zuen bezala, beste kontrol neurri bat datorkigula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.