Txikia nintzela, 13, Rue del Percebe izeneko komiki-istorio koral bat ateratzen zen orduko gaztetxoentzako aldizkari batean («txisteak» esaten zieten gure etxean). Bertan, lau bat solairuko eraikin bat azaltzen zen, erditik ebakia, barruko etxebizitza guztiak eta beraietan bizi ziren pertsonaiak agerian utziz: batean hiru ume bihurri zituen familia, bestean apopilo-etxe jendetsu bat, hurrengoan lapur txiki bat bere litxarreriekin eta horrela.
Komiki horrekin gogoratu naiz gaur, bost egun Durangoko Azokan lanean eman ondoren, etxera itzuli eta artikulu hau idaztera jarri naizenean. Izan ere, Rue del Percebeko eraikuntza hartako biztanle bakoitza mundu bat zen bezala, ondoan zituenengandik bereizia, sentsazioa izan dut ni ere egun batzuetan uharte aparteko batean bizi izan naizela, non liburu eta diskoak ziren eguneroko solasgaia, sortzaileak protagonista eta euskara ohiko mintzabidea. Ez dut Durangoren oasi izaeraz edo ispilukeria efektuaz hitz egin nahi, askotan aipatu den kontua da eta. Besterik gabe, zaletasunez edo zirkunstantziaz elkarren paraleloan eta sarritan elkarren ezezagutzan igaro ohi diren bizitzak nahi nituen oroitu: zure azpiko bizilaguna, adibidez, futbolzale itsua izan daiteke eta bizitza osoa futbol-partiden arabera antolatu; zure gaineko pisuan, konparaziorako, alzheimer gaixo bat duen familia bizi liteke, eta haien bizimodu osoa gaixoaren eta gaixotasunaren inguruan ibiliko da jirabiran; eta zure ezkerrean, esate baterako, senide bat eduki dezakete preso, eta harekiko bisitek baldintzatu etxeko martxa guztia.
Hain zuzen ere, kartzelako errealitatea gehienontzat misterio urrun bat den bezala, urrun dauzkaten presoen familiak ezagutu bai, ezagutzen ditugu gutxi-asko denok, baina haien asteroko joan-etorriak, klimatologiaren gorabeheren antzera, naturaren fenomeno natural bat iruditzen zaizkigu kasik, eta axola, sarri, euria egingo ote duen baino gutxiago.
Hamar mila lagunetik gora izan dira Parisen pasa den asteburuan, Frantziako espetxeetan diren euskal preso politikoen bizi-baldintzak hobetzeko eskatzen. Ez da ziurra Errepublikak pausorik emango duen, baina lehen ez bezalako harrera jaso dute giza eskubideen inguruko eskariok, bai komunikabideetan bai instituzioen bulegoetan, eta esperantza piztu da, keinuren bat bederen etorriko ote den. Eta keinu horrek bakartuago utziko luke Madril, Rajoyren gobernuari presio egiteko, bai hemendik bai Europatik, gauza jakina den arren Espainiako eskuinak entzungor egin ohi diela halako eskari guztiei, non ez duen bere jarrera are gehiago gogortzen (ikusi besterik ez dago zer bilakaera izan duten errepresio neurriek ETAk bere jarduera behin betiko amaitutzat eman zuenetik, orain dela sei urte pasa).
Datorren urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazio jendetsua da hurrengo geltokia. Batek pentsa lezake zertarako balio duen, urteak joan urteak etorri, Casillatik Udaletxeko plazara 100.000 gizon-emakume elkartzeak, PPk atariko haizeari baino kasu gutxiago egiten badigu eta komunikabideetan lortzen dugun oihartzunak nekez gainditzen dituenean etxeko eta gogaide diren hedabideen mugak. Eta hala ere bai, balio du: ziega urrunetara besarkada bat bidaltzeko, mendekuaren politikan gotorturiko estatuari gogorarazteko herri bat garela eta gizatasunezko tratu bat zor diela bere bahituei, eta, batez ere, gure pisuaren ezkerrean bizi den familia horrek senti dezan ez daudela horren bakarrik, guk ere, txisteetako marrazkian bezala, ikusten ditugula, eta, gabon-kantak dioen moduan, hurrengo eguberrietan etxeko denak mahai bueltan elkartzea opa diegula.

ARKUPEAN
2018, Rue del Percebe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu