oihana arana

23F

2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Otsailaren 23a da. Piscis aroan sartu gara. Negua da oraindik, ez dirudien arren. Labezomorroak agertu zaizkigu etxean. Egunkaria-ren itxierari buruzko artikuluak irakurtzen ari nintzen bitartean fumigatu ziguten etxea. Nahiko ekintza sinbolikoa inondik ere.

Donostiako Alde Zaharrean labezomorro-izurria omen dago. Badakit bagenekiela, baina ez naiz turistez bakarrik ari. Benetan daude labezomorroak, eta niri sinbolikoki esanguratsua iruditzen zait horren hiri postalezkoan labezomorroak egotea. Ez dakit. Uste dut hirietako zoologiak gauza asko esaten dituela gure bizimoduari buruz. Kaioak, armiarmak arratoiak, usoak, kalekatuak, ahateak, lazunak, paumak, labezomorroak, zisneak, haur-kotxeetan garraiatzen diren txakurrak, aquariumeko marrazoak. Nik zer dakit ba. Erakusleihokoak eta bazterrekoak. Pertsonak bezala. Lekuak bezala. Egunak bezala. Gertakariak bezala.

23F. Porrotaren eguna edo ez dakit. Demokraziaren aroan bizi garela berretsi zuen eguna. Diputatuen kongresuan norbaitek coño hitza ahoskatu zuen lehendabiziko aldia. Atzo iragarri zuen Urkulluk hauteskundeen data, eta ez dakit, nahiko sinbolikoa iruditzen zait gaurko eguna izatea atzoko egunaren biharamuna. Orain dela hamar bat egun, turistei gure etxe azpian ikusiko ez dugun La Infiltrada filma grabatzeko jarri zuten dekoratua dekoratua baino ez zela azaldu behar izan genien unea bezain sinbolikoa; selfieak atera zituzten pintadekin. Edo plano batzuk gure etxeko leihotik graba ote zitzaketen galdetu zigutenean ezetz erantzun izana bezain logikoa.

Historikoki esanguratsuak diren egunetan giro berezia egoten delako susmoa daukat. Historia eta memoria gurutzatzen dira. Gorputz zaurgarri bat izateak dakartzan gestio horiek guztiak gogorarazten dizkigu hautsak begietara sartzen zaigunean. Eta negar egiten dugu sinbolikoki. Negar egiten dugu kolektiboki. Barrez, amorruz, penaz... kasuaren arabera.

Gustatu egiten zaizkit egun sinbolikoak. Efemeride zalea izan naiz beti. Barkatuko didazue hau esatea, eta esatea baino hau hala izatea, baina bereziki gustatzen zaizkit Espainiarentzat sinbolikoak diren egunak. Urriaren 12an jaio nintzen, nire urtebetetze eguna ospatzearen kontrako pintadak agertu izan dira nire etxepean urteak joan eta urteak etorri. Uste dut badaukadala zilegitasun apur bat honi buruz berba egiteko. Gustatzeak ez du esan nahi jaiegun arrotz kontsideratzen ez ditudanik. Jaiegun arrotzetan jai egiteak kalte egiten didanik ere ez.

Gustatzen zaizkit Hispanitatearen Eguna eta Konstituzioaren Eguna, adibidez. Nostalgikoek disimulatu egiten dute nostalgia, nahiz eta ez lortu. Eta egunaren karga kontuan hartuta, egun horrek kargarik izango ez balu bezala bizitzen jarraitzen dugunok seinalatu egiten ditugu nostalgikoak begiradarekin. Ez dakit, tentsioa egoten da airean.

Aspaldiko partez karrerako lagunekin bazkaltzeko elkartu nintzen asteazkenean. Ekintza nostalgikoa eta sinbolikoa. Han egon ginen, azken urteotako anekdotak bata bestearekin harilkatzen, harremana galtzeak pena ematen zigula begiradarekin adierazten, barrezka. Bazkalostean kafea hartzen ari ginela, «iraganeko kontuak gogoratzeko balio du kafea hartzeak, baina ez harremanak garatzeko», esan zuen lagunetako batek. Eta esaldi hori nahikoa da nik hemen esan nahi nuena laburbiltzeko.

Iraganari begiratzea ongi dago, baina egunean egunekoari edo, are, etortzea nahiko genukeen horri begiratzea hobeto.

Hortaz, zorionak gaur urteak betetzen dituzuenoi; Antonio Tejeroren coño-aren eguna baino Onintza Enbeitak alua zerbitzatu zuenekoa presenteago duzuenoi; efemerideak gorroto dituzuenoi eta, batez ere, parkean paumak eta zisneak ahaztuta ahateei jaten ematera joaten zaretenoi. Ez omen zaie ogirik eman behar, baina gustura jaten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.