Lide Hernando.

Afana

2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Mutiko horrek afana dauka», esan zidan gure bizilagun Maritxuk. Baserria du gure etxe ondoan, eta hortxe ibiltzen da, bere laurogei urte pasatxoekin, kalabazak ureztatzen. Gure joan-etorri gautarren berri ere badu hasieratik, eta inoiz esan izan digu telebistan ikusi gaituela. Zeren, bai, telebista ikustea izugarri gustuko du Maritxuk; hori, eta ostean gurekin kuxkuxean aritzea —musikari izateak telebistan agertzen den euskal pertsona oro ezagutzea balekarkigu bezala—. Horietako hizketaldi batean bota zidan esaldia, «mutiko horrek afana dauka», eta herrira aldatutako hiritar kalekume honi hitzak distira berezia egin zion.

Afana, dela handinahi, harrokeria edo anbizio forman, asko aipatzen da artisten inguruan hitz egiterakoan. Ez da kasualitatea; aitortu behar dut badaudela arrazoiak artearen mundutik at bizi den jendeak testuinguru horretan hitz hori erabiltzeko. Behin Lola Indigo artista espainiarrari entzun nion oholtzara atera aurretik bere buruari puta ama dela errepikatu behar diola behin eta berriz, bestela ez dela behar duen indarrarekin irteten. Egia da nolabaiteko kemena behar duela artistak bere lana jendaurrean kikildu gabe defendatzeko; eta harrotasun hori barnean topatu ezean, beste nonbaitetik hartu eta xurgatu behar izaten duela, ingurukoei laudorio eske ibiltzera iritsiz —neuk askotan egin izan dut hori—.

Afanaren kontua, dena den, berandu xamar sartu da euskal DNA kulturalean; eta gure gizartean oraindik arrotz sentitzen den gauza bat da. Kultura yankiaren asimilaziotik datorren beste ezaugarri bat da, guk berezko ez duguna. Guk nahiago izan ditugu orotan bihozbera diren Xalbadorrak; euskal poeta handiena izanagatik, hil artean kontabilitatean lan egiten jarraitu duten Arestiak; musika utzi ostean, ostrazismoan eroso baino erosoago egon diren Lourdesak. Ikusi beharrik ez dago, Euskal Herrian eta Estatu Batuetan praktika baliokide diren bertsolaritza eta rapa hartuta, zein ezberdintasun egon ohi diren bien diskurtsoetan: haienean, norberaren gorazarrea eta bestearen umiliazioa; gurean, ironia eta aldarrikapena.

Bai, afana euskaldunontzako zerbait yankia izan da betidanik. Haien kasuan, gutxien espero dugun pertsonaia publikoaren atzean ere ezkutatzen den ezaugarria da. Gogoan dut Kurt Cobainen dokumentala ikusterakoan hartu nuen desengainua, Nirvana existitu aurretik zera esan baitzion manager bati: «Amerikako talderik handiena izango dena sortu nahi dut». Gure Kurt ere, harroputz. Zergatik iruditu zitzaidan gaizki? Ez dakit esaten; handinahia ez baita, berez, gauza txar bat, nahiz Elizak bekatu kapitaltzat hartu. Edo bai? Posible al da anbiziotsu izan eta ingurukoekin beti zintzo jokatzea?

Nolanahi ere, Maritxuk argi zuen telebistan agertutako mutiko horrek afana zuela, eta bizilagun musikariei kontatzeko adinako garrantzia eman zion datu horri, gainera. Eta hari agur esan eta etxean sartzerakoan, musikan hasi nintzenetik izan ditudan mamuekin hizketan hasi nintzen berriro ere: ze behar duten batzuek ematen duten pauso bakoitza aurrekoa baino handiagoa izan dadin; zein den, hori lor dezaten, bere ingurukoek ordaindu behar izan duten prezioa; zergatik sentitzen garen batzuk miserable, hori lortzen ez badugu; zergatik itxoiten den sarrera gehienak saltzera, kartela publiko egin eta ordu gutxian Sarrerak agortuta ikurra jartzeko; zergatik gauden beti kanpora begira, barrukoa konpondu gabe dugunean; eta, batez ere, zergatik estaltzen den gero afan izugarri hori umiltasun faltsuarekin.

Ados, utz ditzagun euskal DNAren kontu integristak; baina pentsatu hotzean momentu batez, Maritxuk bezala: ez al da guztiz antinaturala gauza horiek egitea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.