mikel elorza

Ahaire kaletar bat

2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arautu esaten dutenean gehienetan debekatu esan nahi dute. Ordenatu ere deitzen diote, leunagoa dirudi. Lege eta arau handiekin gertatzen da, legebiltzar txit gorenek erabakitzen dituzten horiekin, baina grina kateatzailea txikira etorrita ikusten da hobekien.

Hondartzaren inguruko ordenantza bat onetsiko dutela esaten dutenean, hondartzan egin ezingo ditugun gauzen zerrenda bat izan ohi da. Halako arauek ordenatzen dituzten jarduera eta kontu zenbait ez dira sekula desordenatuta egon, ez behintzat legearen lupapean jartzeraino, baina hautetsi zenbaitek hagintze afana izaten du, eta errota martxan jartzen da.

Jendarte gero eta korapilatuagoa da gurea, tokiak gero eta beteagoak, masifikazioak, zarata nonahi, maskotak umeak baino gehiago… lehenago bere burua auto-erregulatu duen eremu askotan erabilera-arau batzuk behar dira adostu, bai noski. Areago jendeak gero eta pazientzia gutxiago duela kontuan izanda, amargatu mordoa dabilela suelto, jende artean dagoenean ere bere burua baino ikusten ez duen morroi gehiegi (errepidea da horren sublimazioa). Kalma eta enpatia pixka bat behar genuke debekuen aurretik, bai, baina adostu behar dira jarrera eta jarduera batzuen mugak. Konforme.

Hortik atergabeko ordenantzagintzara puska ederra dago, dena den. Eta administrazio batzuk urrutixko joaten dira, eta gero, gainera, hori betearaziko duen agentea beti aurkitzen dute. Giharrak landu eta garuna deslantzea sustatzen den garaiotan, borrak zentzunari eta aginterak adeitasunari gerra irabazia dion arootan, zail dauka sosegu eskaerak.

Bilbon terrazen ordenantza berria onartu nahi dute. Tabernetako terrazen erabilera, ordutegia… arautzen da 41 artikuluetan eta amaieran, atzetik jartzen diren xedapen horietako batean, kaleko musikarien jarduna arautzen da. Ezingo dute anpli edo altabozik erabili, jende gehien egoten den kaleetan ezingo dute jo, ordu-mugak dituzte, toki batetik bestera joateko arauak, distantzia-debekuak… Kantatu behar duten errepertorioa Udalak ezartzea bakarrik falta zaie!! (eta hara, nik batzuei debekua, jartzekotan, hor jarriko nieke, playlistean!!).

Herri gehienetan dago halako jendea, musikaz, hitzez, bertsoz, ekintzez komunitatearekin konprometitzen dena, trukean deus eskatu gabe. Arauen beharrik gabe, arau bat zeukana: ondo pasatzea, ondo pasaratzea

Kaleko musika arautzea ez al da bere horretan kontraesana? Gure galera existentzialaren froga bat bai, behintzat. Araua, debekua, eta hori betearaziko dion udaltzaina xaxatu behar diogu eskusoinua edo gitarrarekin dabilenari? Bolumena auzo osorako jartzen duenean esan beharko zaio, ados; baina isunka isilarazi? Isilaraz ditzatela lehenago inguruko guztiekin sakelako telefono-konbertsazioa partekatzen dutenak! Kaleko musikari mugak jartzea gure deterioroaren seinale da.

Egun gutxi dira gure herrian 1,80ra iritsi gabe oso handia zen lagun bat hil dela, Legaxpi. Txistua jotzen ezagutu dugu gehienok, beti hor, beti kalean (musika-instrumentu honekiko nire iritzia ez da artikulu honetako gaia). Herriko festetan, eta ez-festetan, herriko jarduera sozial eta politikoetan, jendartearekiko eta afera askorekiko konpromisoa erakutsiz. Konpromisoa kaleko musikaren bitartez, kasu honetan. Elias eta Belatxerekin gogoratuko dugu guk, baina herri gehienetan dago halako jendea, musikaz, hitzez, bertsoz, ekintzez komunitatearekin konprometitzen dena, trukean deus eskatu gabe. Arauen beharrik gabe, arau bat zeukana: ondo pasatzea, ondo pasaratzea (horiek dira, ematen du ahazten zaigula batzuetan, gauza inportanteak); eta aldarriak egitea, omenaldiak, doluak, borrokei notak jartzea, poz kolektiboak ahaire ederrez blaitzea… Musikaz, kalean. Behin eta berriro, eta betiko.

Gure bizitzak apur bat bederen desordenatzen dituzten hauek dozenaka zinegotzi araugilek baino askoz gehiago ematen diote jendarteari.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA