Bai, herenegun itxi zituen ateak, baina niri ere egin dit kosk tentazioak belarri atzean eta nik ere olatuaren uberari datorkion lasaialdi hori probestuko dut lerro hauek idazten hasteko. Aje emozionala deitzen zaion zerako zera horren ondorioa izango da, mundu mailan ezaguna eta ezinbestekoa egin baita. Beraz, hegemonikoa denari men eginda eta ausardia puntu batekin, ajemonia hitza asmatzea otu zait. Amaitu da Durango eta berriz ere sekulakoa izan da.
Durango eta ahizpak berriki idatzitako albistea nahastu zaizkit barrenean, nola hala biak ere errepide bihurtu zaizkidanak garun barruan eta nostalgiaz betetako egunen bezperak dakartzan zertzeladak ere bertan izan dira.
Haurrak ginela, gure etxean bazen musika aparatua, modu analogiko zein digitalean entzuteko parada ematen zuena. Egiten genuen dantza egongelan pailazoen biniloak entzuten eta seriotasunaren garaia helduek jartzen zuten astearen hondarrean, Xabier Lete entzuten zenean, esaterako. Musika aisia zen, kantu egiteko parada, edo ezer egin gabe egotekoa. Orain, aldiz, lan ere musikarekin egiten dugu, nire ordenagailuko teklen soinua ia entzun ere egiten ez dudala, adibidez.
Digitalizatu zaigu guztia eta musika telefono bidez entzutera ohitu gara eta bide batez, ohitu ditugu gure hurrengo belaunaldiak. Erabat tentagarria da edozein lekutan aurikularrak ipini eta historikoki gustuko izan duzun hori entzutea. Era berean, tentazioak ez du mugarik hori guztia doakoa bada.
Siadeco ikerketa elkarteak egin du Azoka osteko ajemoniaren garbiketa. Durangoko Azoka osasuntsu dago eta inoiz baino sortzaile gehiago gauden arren eta sekula baino lan gehiagok argia ikusi badute ere, gure diru-iturriak ez dira kulturaren errekatik elikatzen. Diru-laguntzak eskatu (eta irabazi) behar dira, promozio lanak egin behar dira, esaterako; ahaztu gabe 7 edo 8 orduko eguneroko lana ere hor dagoela. Batzuek urtea pasatzen dute maratoi bat edo Behobia-Donostia prestatzen, eguneroko jardunari denbora lapurtuz. Beste batzuek eserita egiten dugu gure maratoia, burua jada ondo nekatuta. Pena ematen hasita, jakin, Siadeco etxeak egindako ikerketak ere aipatzen duela Landakoko erakustazoka erraldoian erakusgai egon diren produktuen egileak adinean gora goazela, sortzaileen herena soilik baita 35 urtetik beherakoa.
Zorionez, kultura erosi da Durangon, eta baita merchandising-a ere. Gazteek ez omen dute musika erosteko ohiturarik: garai bateko musika aparatu haiek desagertu egin dira etxeetatik eta akaso etxean biniloak orratzarekin astintzeko gailua izango dugun arren, egunero dohainik eta edozein lekutan jaso dezakezuna kosta egiten da ordaintzen. Beraz, gure musikariek euskarri fisikoko musika saltzeaz gain, kamisetak eta bestelakoak ere saldu dituzte. Ez nuke atzera egin nahi garai bateko kontuak berreskuratzen eta nostalgiaren kanpaiak jotzen, garai batean gauza batzuk erosten genituen eta orain beharbada beste zerbaiten bila goaz.
Bada kontu bat orain arte aitortzeak erreparoa eman izan didana. Bi hamarkada egin behar ditut atzera nire buruan zen galdera bati erantzuteko. Garai hartan, Durangoko Azokara hurbildu eta eguna bertan egin ondoren etxera itzultzean maxima bat izaten nuen buruan: urteetan gora egiten dudanean ezingo ditut ni baino gazteagoak diren musikariak entzun. Neuronak erre zaizkit ordutik hona eta harrotasunik handienarekin diot aurtengo Azokan, etengabe entzuten ditudan 26 urteko bi neskatoren biniloak erosi ditudala, eta baita kamisetak ere. Agian garai bateko biniloak entzutean nuen inozentzia berreskuratu nahi dudalako ala gazte sentitzen naizelako futboleko kamiseta eta guzti erosten.
Edo beharbada edozein motatako ajea adinarekin geroz eta okerragoa delako, beti.