Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Aldaketarako garaia

2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan zen igandeko BERRIA irakurtzen irudikatu nuen Gladys del Estal, Garoñako zentral nuklearraren eraiste-lanen inguruko albistearen letrak josten. Aspaldi osatu zen puzzle nuklearraren piezak banan-banan kentzen eta gordetzen hasiko dira gutxi barru, eta hamar urte luzeetan ikusiko dugu gure etxetik gertuen dugun zentrala, itxura denez, ezerezean nola geratzen den. Ikusi diot, sortu dituen hondakin nuklearrak ezin direlako desagerrarazi eta, gure begien bistatik kenduko dizkiguten arren, egindako kaltearen erreparazioa lurraren azpian gordeko dutelako, ez zuk ezta nik ere aldatuta ikusiko ez dugun egoera kutsakorrean.

Aldaketarako garaia iritsi zitzaion Garoñari, iraungitze-data luzatu zitzaion arren itxierako tenorea ere heldu zen, eta protestaldi ekologistek merezi izan zutela atera genezake ondorio modura. Gladys del Estalen arnasa eten zuten Tuteran, beste hainbatenak Lemoizen, eta urteek aurrera egin duten hala, energia nuklearrik behar ez genuela azpimarratzen jarraitzen dugu. Urteak joan dira, eta orain energia berriztagarrien kontua dator gure belarrietara: energia berriztagarria bai baina ez nolanahi.On Kixotek nola, haize-errotak edo erraldoiak begiztatzea ez baita kontu bera. Lemoiz ere arrain-haztegi erraldoi izan litekeela diote, eta aldaketak aldaketa, hamaika ikusteko jaioak gara, Santxo laguna.

Time for change edo Aldaketarako garaia lelotzat hartu du baita ere Sinn Fein alderdiak bere azken batzarrean. Aurten Ipar Irlandan lortutako garaipenak bide eman dio gehien jota bi urte barru egingo diren Irlandako Errepublikako hauteskundeetan ere gehiengoa lor dezakeela pentsatzen hasteko. Mary Lou McDonald buru duen alderdiak inoiz erdietsitako emaitzarik onenak lortu zituen 2020ko hegoaldeko hauteskundeetan, eta, lehenengo aldiz, Fianna Fail eta Fine Gael alderdi eskuindarrek baino boto gehiago eskuratu zituen. Eskuineko bi alderdiak aurkariak dira 1923an amaitu zen Irlandako Gerra Zibiletik, baina botereak beti ematen duen goxotasuna ezin utzi, eta, lehendabizikoz, duela ehun urte banandu eta etsai bilakatu zituena ahaztu eta eskutik heldu, aurrera egin eta Irlandako Errepublika gobernatzen jarraitu zuen Fine Gaelek. Aldaketaren beldur, beharbada eurek ere buruan izango zituzten herrialdearen iparraldetik etortzen ziren irudiak eta horien oihartzuna. Edo baliteke orain arte lasai antzean bizi izan direlako, urteetan beldurraren gaiak eman dien kredituarekin. Arrain-haztegian arrantzan ibili ondoren, estrategia aldaketa eman beharko da itsas zabalean arrantzan hasteko prest egoteko.

Aldaketarako garai kuriosoa da Hego Euskal Herrian bizitzen ari garena. Espainiako Gorteetan, Irlandako Errepublikan bezala, batzuen eta besteen laguntza bildu du alderdi sozialistak. Aspaldi entzuten zen amnistia hitza ere ekarri dute lerroburuetara. Baita honen ondorengo harrabotsa ere: Madrilgo Ferraz kalea poliziaren eta eskuindarren arteko zirku bilakatzen da ia egunero. Ustez egoera ekonomiko onean dauden gazteak dira polizien aurka oldartzen diren gehienak. Esperanza Aguirrek ere eusten dio oldarraldiari eurekin batera, eta nerabeek sortuak diruditen esaldiak oihukatzen dituzte, poliziak bi pauso eman eta korrika hasten diren arte.

Irudiak egunero eskaintzen dituzte zuzenean hainbat komunikabidek, eta zirkuko karpan lehen lerroan egotea bezala da ikuskizuna etxetik ikustea. Ferraz kalean gertatzen ari denarekin ere, ezin uka garaiak aldatu direla pentsatzea eta era berean atzera begiratzen hasi eta konparazioak egiten hastea. Txotis lehiaketa batera neroni bidaltzea bezala izaten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.