Ihes ederra zilegi balitz, urra ahal baledi katea.
Lurra ez da salgai. Hau leloa, hau bidea! Lurrari prezioa ezartzen diogu, bai laborantzan baliatzeko baita ere lur gainean betoia ezartzeko. Hau da zango azpian dugun lurraren patua. Lur bizia, merkatuari eskainia. Laborantzari zor dioguna eta etxebizitzari eskaintzen dioguna. Biak ber denboran. Lur komunei berez ez diegu gehiago arretarik ematen. Komuna, denena eta inorena. Onena. Ezer ez baitzarete.
Merkantilizazioaren erreinuan jabetzak hartu du gaina. Jabeak jabeen kontra. Orain, ereduei ere ez diegu gehiago kasu egiten. Jabetza motaren inguruko gogoetak hartu du gaina: gobernantza ereduari so gara. Mugimendu kooperatibistak zabaldu zuen pentsamolde bat jabegoari muzin egiteko, jabetza kolektiboa proposatuz. Baina non dugu muga? Bakoitzaren interesa, edo hobeki erranik, bakoitzak duen gaitasuna bere jabegoa besteen eskuetan ezartzeko. Merkatuak asmatu duen jukutria beraz amankomunari muga ezartzeko eta indibidualtasunetik buru egiteko. Hi haiz Euskal Herria herri nekatua.
Oreka hauskorra bezain beharrezkoa ikusten dugu erdibide hau. Hala ere puskaka erosten, birbanatzen, kolektibizatzen edo birpribatizatzen dugu lurra. Etxebizitza amankomunean alokairuak jarriz eta laborantza lurretan alokatze kontratuak laborariei eginez. Bakoitzaren segurtasuna bermatzeko aitzakiaz, komuna izatearen helburuari muzin egiten diogu. Sistema kapitalistak alternatibei ere arau juridikoa ezarri die. Etxebizitzari lotutakoak, konparazione laguntza sozialak eskuratzeko ahalak ematen ditu. Laborantzan instalatzen direnei haien proiektua deklaratzeko. Orduan, mundu honetan bizirauteko manera ekonomiko duin batean bizirauteko. Baina inoren zorrik ez dun ordainduko.
Gure hautuak baldintzatuak direla jakin ondotik, edozein hautu erronka bilakatzen da. Jendarte eredu kolektiboago bat eraikitzeko bidean hainbat oztopo jartzen dira. Gure lurrari emana izan zaio prezio bat; eta hari horretatik ezin gara desjabetu. Etxalde kolektiboei begira edota eraikin kolektiboei adi egonez bi eredu (bederen) marrazten dira. Lehena, jabetza partekatuarena: bakoitzak bixkotxaren zati bat hartuz. Bigarrena, jabetza amankomunarena: bakoitzaren jabetza kolektiboari eskainiz. Gaztainaren aldaxkez jantzirik pagoa.
Jendarte eredu kolektiboago bat eraikitzeko bidean hainbat oztopo jartzen dira. Gure lurrari emana izan zaio prezio bat; eta hari horretatik ezin gara desjabetu
Beti, hauskorra den bigarren adibide honek zonbat denbora irauten ahal du? Azkenean, bakoitzaren adosmenak gaina hartzen du. Horregatik, adostasun hau hausten denean zer? Hor aipatzen ahal dira hainbat trikimailu indibidualtasunari aurre egiteko. Normak edo arauak eraikiz; baina gureak eta ez besteenak. Konpromisoa (bi zentzutan) izan daiteke hitz gakoa: jendarte egiteko engaiamendua. Lurra beraz, konpromisoen eta engaiamenduaren eskuetan da. Hau da, agian ematen ahalko diogu balio garrantzitsuena. Jabetzari uko eginez; lurra lurraren jabe izan daitezen. Lur ontasunen transmisioa kolektiboaren esku artean uzteko parioa nagusi balitz, nunbait balego bakea.