Garazi Kamio Anduaga.

Angurri zati bat

2024ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Errege egunez iritsi zen aurrez programatuta zegoen mezua. Arratsaldeko lehen ordua izango zen, estrategikoki pentsatutako egunaren zatia. Ez pentsa urte berria ederki hastea desio zuen lerrorik zegoenik bertan, letrak baino, zenbaki festa izan baitzen mezuak zekarrena. Bi egun beranduago, atzo bertan Hego Euskal Herrian hasi ziren beherapenen berri ematen zuen mezu elektronikoa izan zen. Errege egunean irekitako azken oparien usainean beren-beregi bidalitako lerro sorta, diru gehiegi xahutu izanaren damua eta beherapenen kantu gozoen deia dantzan hasten diren une horretan bertan ireki zena.

Urteak joan eta urteak etorri olatuen moduan datoz beherapenak, urtean behin, akaso bihar bertarako deitua dagoen elurraren moduan. Akaso norbaitek beharko ditu, beharbada beste hainbat egongo dira Eguberriek dakarten kontsumismo sukarrari parazetamol zentzudunaren dosia eman eta merkeagoa den arropa erosteko prest; bada, noski, abenduko azken astean eta lehenengoan kreditu txartelari bakelita usaina hartu dionik ere, eta nola ez, Estatu Batuetako kirol-etxe ezagun bateko lumadun berokia erosiko duenik ere, prezio merkeagoan, sinisten ez duen baina ondo ikasia duen dotrina moralista-antikapitalista, gorputza epel duen bitartean lasai eman dezan. Egin beza norberak nahi duena: entzierroa hesiaren alde batetik edo bestetik bizi, ahal dela inongo minik hartu gabe.

Soziologiak maite duen gertakaria dira beherapenak eta soziologiak berak begirada luzea jarria dio soinean daramagunak ekar ditzakeen ondorioei ere. Angurri zati batek ekar dezakeen esames amarauna, esaterako. Ustez libre baikara nahi duguna janzteko baina baita horrek dakartzan ondorioen makilakadak jasotzeko ere.

Ez du zerikusirik Urtezahar gauean hain ohiko bilakatu diren telebistako aurkezleen jantziekin, angurri zatiak bertan zeresana emango zukeen arren. Angurria uda sasoiko fruta den arren, udazken eta negu gorriko jaki sinbolikoa da Palestinan. Ez pentsa angurriari esker dirauenik bizitzaren hari finak; halakorik ez da. Egiazki, angurria nazioarteko sinbolo bilakatu da: Palestinako bandera publikoki haizatzea oso deserosotzat jotzen den herrialdeetan (debekatu hitza ez idaztearren) erantzun modura erabiltzen da angurria. Esan beharrik ez dago uda garaian gure bazterretan ikusten dugun fruta honek Palestinako banderaren kolore berak dituela eta horregatik erabiltzen dela, zoritxarrez zirrikitu sinbolikoak erabili behar diren sasoi honetan.

Gurean duela 50 urte baino gehiago sortu zen piper poto esanahi bikoitza zuen esamoldearen nazioarteko aldagaia da oraingoa, ikuspegi solidariotik keinu txikia eginda.

Sortu du zalaparta fruta borobilaren sinboloak ozeano Atlantikoaren ezkerreko kostaldean. Kultura munduko eragile batek baino gehiagok aurre egin nahi izan dio Estatu Batuek bere barnean iltzatuta daramaten zigilu sionistari. Lerrotik irteten den edozein zentimetrok ez baitu lekurik bertan, eta are gutxiago Israelen kontrako edozein hitz erdik. Argazkiak atera dizkiete angurri gorridun jertseei, mundua zoritxarreko irudiz konektatzen duen sarean zabal ditzaten. Jertsea soinetik kendu ere egin nahi izan diete eta, noski, giza tontakeria osasunez ederki dabilela erakusteko, kaletik direnak eta bi esan dizkiete.

Angurri zati batek mina eman dezake, mina eman dezakeen bezala estatu bateko presidentea irudikatzen duen panpina bat urkatzeak dakarren oroitzapen-uholdeak. Dena da merkeagoa beherapenen garaian, lehen garestia eta orain sinbolikoa den tenorean. Eta kontuan hartu angurria beti dela garestia neguan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.