Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Arduralekuak

2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Ardurak eta lekuak. Aste honetan Amets Arangurenek laburbildu gazteen kezken jardunaldiaz, besteak beste, tokian tokikotasuna ageri da. Hala nola, hizkuntza politika eraginkor bat egitekotan, eremuka pentsatutako estrategiak behar direla. Hainbat errealitate ezberdin islatzen diren Euskal Herri honetan kontziente aritu behar dutela erabakitzaileek. Hain zuzen ere, Amets Arangurenek periferiaz plazaratu duen gogoeta esanguratsua zen:

┬źPeriferiaz baino, periferiez hitz egitea inportantea da. Dena den, periferia terminoa bera lausoa dela esanen nuke. Periferia dena, aldi berean, beste periferia baten zentroa ere bada... Tolosan bizi den batentzat, Lizarra izan daiteke periferia bat euskarari dagokionez, baina Lizarra izan daiteke zentroa Angeluko edo Murchanteko batentzat. Orduan, hor ere arrisku pixka bat ikusten diot periferia hitza erabiltzeari; horrela izendatzeak sinetsarazten ahal dizu hori, eta horren gainean eraikitzen ahal duzu zure izaera, jarduna edo dena delakoa...┬╗ (BERRIA, 2023-06-06).

Eta horrela bizitzen gara. Bai zazpi probintzietan, bai hiru eremu instituzionaletan, bai mugatik bi aldeetan, bai hirian edobaserrialdean, baita ere herribatean edo bestean. Euskararen mapak ez badu mugarik, beste alde batetik muga asko ditu.Beste Amets batek (Arzallus) formulatzen duen bezala, euskararen herria gure burumuinetan da. Poetiko bezain politikoa den puntutik, ongi islatzen du euskarak duen toki bakana. Hizkuntzak norberaren baitan duen bizi neurgabeari, aldiz, norbanakoaren berme bakarrak ez dio iraupenik segurtatzen. Orduan, gure komunikazio tresna kolektibo honek eskatzen duen eremuak bakoitzaren burumuinaren xokoetatik harago joan beharko luke arnasa hartzeko eta arraberritzeko.

Azkenean, eskolatik kanpoko jarduerak ez baitira euskaraz bermatzen. Bai, eremu pribatu eta intimoak babes bat ematen dio euskarari. Norbanakoaren eskuetan euskarak ez du iraupenik. Hori aspaldi frogatu zen, jadanik etxeetan katea eten egin zelako Estatu hegemonikoen politika hiltzaileengatik. Diglosiak gaina hartu duenez, tokian tokiko politikak eraikitzeko estrategia amankomunak ezinbestekoa dirudi. Normalizazioak, ofizialtasunarekin etorriko bada, zazpi probintziek txapel amankomun hau bermatzeko aitorpen orokorra eskatzen du. Gure ttikitasunetik goaitatzeko aukerarik ez dugunez, lekuka sortzen ditugun eremu euskaldunak askeak bezala identifikatzeko beldurrik ez dezagula ukan. Gazteek diote eremu seguruak behar dituztela; politika publikoek lortzen ez duten arren kolektiboki antolatzeko erronkak hartzen ditugu, bakoitzaren ardura bilaka ez dadin.

Kirol elkarteak, ostatuak,ekimen kulturalak, lan eremu ezberdinak, saltegi independenteak, zerbitzuak: etxetik kanpoko eremu espezifiko horietan dihardugu. Bestalde, pantailen euskaratzeak badu bere erronka: digitalizaziotik kanpo egoteak marjinalago egiten gaituelako mundu konektatu honetan. Sustut, adibide konkretuez gose gara. Jo dezagun, beraz, gure erreferente diren tokietara euskaraz libreago izateko. Elkar gaitezen UEUko udako ikastaroetan, Euskal Herria Zuzenean festibalean eta identifikatzen ditugun eremu horietan. Kolektiboki euskaraz bizitzea posible bihurtzen zaigulako. Ardura kendu, eta lekua hartu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.