Denboraldiko azkena oroitzapen batekin ireki eta itxi nahiko nuke, erlojuaren orratzetan hiru hamarkadatik gora atzera eginda. Eguerdian ikastolatik atera eta etxean bazkaltzeko pribilegioa izan zuen ikaslea izan nintzen. Etxean beti entzuten zen irratia, izan goizean, iluntzean edo eguerdi partean. Eta ikastolatik etxeratzean, irratiko esatariak ere etxekoekin esertzen ziren bazkaltzera; ordu batean Euskadi Irratiko albisteak entzuten genituen eta ordu erdiaren bueltan hasten zen eguneroko dilema: ordu-seinaleak jo bezain pronto, Herri Irratiaren sintonia entzuten zen, Toshacken Realaren gorabeherak jakin ahal izateko. Talde txuri-urdinaren kronika entzun ondotik, ordea, dialaren gurpiltxoa mugitzen genuen beste behin, eta uhin ertainaren hertzetan barrena itzultzen ginen atzera Euskadi Irratia entzutera. Eta han agertzen zen bere ahotsa, horrenbeste gizonen artean bakarra; desertu zabaleneko oasi txikia, batzuentzat oraindik arraro eta beste batzuentzat, tartean haur hau, sabelean kili-kili egiten zion etorkizuneko itxaropena.
Bazuen ahots hark zerbait berezia zena, asko erakartzen zuena eta entzuleon belarriak goxatzen zituena. Eta orain ere berdin jarraitzen du, nahiz eta uztailean irratitik desapuntatuko den. Euskal Herriko Itzulian merezitako omenaldia egin zioten txirrindularitzazaleek eta hara, bitan banatutako errepidea zirudien une hartan sabel barruan piztu ziren emozioak: ondo merezita, Arri; baina ze pena, Arri.
Bidea ireki zigun Arritxu Iribarrek noizbait kirol kazetaritza zer zen jakin nahi genuen neskatoei. Bide zabal, leun eta laua erakutsi zigun, ordeka gozoa, nahiz eta ondo jakin bihurgune bihurrituenetan ibilia zela bera. Baina beti irribarretsu, beti langile, beti fin eta beti, Arritxu.
Ez gara erakusleihoetan paratzen dituzten mikrofonodun manikiak; ikasketak ditugu, argiak gara oso eta inoiz baino ozenago, ahots euskaldun propioa dugu. Eta hori, hein handi batean, Arritxuren ispiluari begira egon garelako lortu dugu.
Maskulinitatearen erreinuan ezarri zituen bere errepublikaren zimenduak eta urte mordoa pasa den honetan, gure egin dugu besteok bere lurraldetasunaren pasaportea. Eta horretan jarraituko dugu, berak hain ondo ereindako oinarri horretan gure aldarrikapen txikiak ernaltzen; eguneroko ekintza arruntean bilakatu baitu garai batean arraroa eta ia ezinezkoa zena.
Etorri dira beste hainbat emakume eta lur hartu dute euren ahotsarekin batera oraindik boz lodikoteak entzuten diren lurraldean. Erabat poztu gintuen esaterako emakume batek, Maitane Urbietak bere ahotsez oparitu zigunean gizonezkoen futboleko Errege Koparen finala. Eta beste horrenbeste telebistan edo prentsa idatzian: ez gara erakusleihoetan paratzen dituzten mikrofonodun manikiak; ikasketak ditugu, argiak gara oso eta inoiz baino ozenago, ahots euskaldun propioa dugu. Eta hori, hein handi batean, Arritxuren ispiluari begira egon garelako lortu dugu.
Ez dakit nolakoa izango zen mikrofono baten aurrean jarri zen lehen aldia, baina irudika dezaket urduritasuna eztarrian gora zetorkion emakume gaztea. Kazetaritzaren ibilian hasi eta bera konturatu gabe, langak, markak, zenbakiak eta errekor guztiak hautsi zituen eta urteetan zehar, ilargi itxurako Mont Ventouxeko haizea alde jarri digu. Zorionekoak bere atzetik pausoz pauso ibili garenak.
Kirol-kazetaritzan WorldTour-ik balego, hik izango huke puntuaziorik altuena eta hiretzat beti ortzadar maillota, hanka baten gainean. Merezimenduak penari kosk egingo zion eta poztuko gaitun lanaren kateetatik askatu haizelako. Emango zionagu irribarrearen dialari buelta pare bat eta bidean geldialdia egiten badun, begiratu atzera eta erreparatu lortu dunan guztiari; hirea lehen postua, hirea loria. Eliseoen Zelaiak gero eta gertuago zauden. Jaso besoak, ikusleak eta kazetariak txaloka hasi ditun eta.