Pauline Guelle.

Artxibo kolonialak: kontrapasaren tenorea?

2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaraz argitaratutako lehen liburua, Linguae vasconum primitiae (Bernat Etxepare), Baionan da. Liburua Parisen atxikitzen dute, eta euskaldunei prestatzea onartu dute. Hauxe da pribilegioa. Argazkiak, bisitak, artikuluak. Horiek denek argitan uzten dute momentu berezia. Denbora jakin batentzat liburua (izari ttipikoa) Baionako Euskal Museoan —Musée Basque-n— aurkitzen ahal dugu. Sarreratik ez urrun, kamerek zaindurik eta berinazko kaiola hermetiko batean atxikirik. Liburu bat, orrialde batean idekia Contrapas olerkian. Obra hurbilezina eta orrialde itzulezinak: kontserbazioen baldintzak bete behar dira. Argitan eman eta, berriro, bi urtez lurperatua izanen da Parisko liburutegi nazionaleko sotoan. Ilunpean, frantses estatuak gordetzen dituen beste hainbat eta hainbat libururekin batera. Artxibotzat hartuak diren XVI. mendeko liburuen bizitza halakoa da.

Eztabaida piztu zen Euskal Museoaren bisita berezi batean. Lehenik, euskaraz behar zena frantsesez bukatu zelako. Linguae vasconum primitiae liburua zergatik ez da Euskal Herriratu? Hau izan zen lehen galdera; museoaren zuzendari erdaldunaren esplikazio politikoa ekarriko zuena. Argumentazioa, euskaldunari frantsesez emana, euskarazko lehen liburuaz euskaraz antolatu bisita berezian. Konplexurik gabe, hamar minutuko solas hori jasan behar izan zuten entzuleek: sekulako gastua zela horrelako obra bat aterpetzea museo batean (asurantzak, segurtasuna, kontserbazio baldintzak, etab.). Ondoko argumentua izan zen Etxepareren liburua itzuliko balitz konkurrentzian jarriko zirela Euskal Herriko museo ezberdinak. Hemen ulertu behar zen Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Baionako museoetako arduradun politikoek ez zutela akordiorik kausituko euskaraz argitaratutako lehen liburuaren kokapena hautatzeko. Gero, zuzendariak obra bere lurraldera itzultzeko pertinentzia dudan ezarri zuen, hala nola: «Bi urtez altxor horrek ilunpean egon behar badu kontserbazio arauengatik, Parisen edo Iruñean izateak zer aldatzen du?». Azkenean aitortu zuen, betiere frantsesez, balio sinbolikoagatik bakarrik galdera pausatzen genuela.

Probokazioz probokazio eta kolonialismoz kolonialismo joan zen arratsaldea. Gure gibelean liburua, hor jelatua bezala. Zuzendaria isilarazi, eta taldeko bi gizonen arteko eztabaida sutsua hasi zen. Batek besteari ea zergatik euskaldunon artxiboak ez genituen oraindik gure museoetan; besteak lan eta lan ari zirela horren kausitzeko, baina frantsesak baztertuz ez genuela ezer lortuko. Azken batek azpimarratu zuen artxibategia sortzeko ekintza bidez egin zela: garaian DEMOen taldeak Paueko parlamentuan berreskuratu Lapurdiko biltzarraren erregistroa herriratzeko.

Hots, sinetsi behar ote dugu Iparraldeko eta Hegoaldeko museoen arteko borrokak ez duela posible egiten Etxepareren liburu honen berreskuraketa? Sinetsi behar ote dugu kontserbazio baldintzak zorrotzegiak direla, jakinez XVI. mendeko beste hainbat liburu jadanik aterpetuak direla Baionan? Sinetsi behar ote dugu segurtasun arau gastuak ez ditugula ordaintzen ahal borondate politikoa balitz horrelako objektuak erakusteko?

Artxiboen borroka aspaldi hasi zen deskolonizaziotik landa. Inperio kolonialek haien museoetan dauzkate kolonizatu zituzten herrietan lapurturiko altxorrak: Belgikan, Herbehereetan, Ingalaterran eta baita Frantses estatuan ere. Berreskuratzeko saiakera horretan mugimendu dekolonialaren urrats hori inondik ere ez da bukatua. Noiz hasiko ote dira gaitz historikoen zorra kitatzen?

«Haren menian ezpanengo nik nukeien zuzena», zioen Bernat Etxeparek liburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.