Maddi Aiestaran

Baldosen jolasa

2026ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baldosa zuriz eta gorrixkaz jantzitako kale zahar batean doazela, erronka bota dio alaba txikiak amari: ezetz etxeraino iritsi baldosa zuririk zapaldu gabe. Hanka bat luzatuta egin daitezke urrats batzuk; saltoka egin ditu urrats gehienak txikiak. Kalearen puntu banatara iritsi direnean, konplikatu egin zaie bidea biei ala biei. Zer egingo dugu orain?, pentsatu dute, erre egiten du zoru zuriak. Hosto lehortu baten gainean oin-punta jarrita saiatu da txikia hurrengo baldosaren batera iristen; norberak inbentatzen ditu norbere jolasaren arauak. Nekearen nekez, eskutik heldu dio amak; eta oinak errez egin dute bidearen azkeneko partea.

Norbaiti erronka botatzen dionak erronka konplitu nahi izaten du. Horregatik imajinatu dut amorrua umearen tripan, sua oinen azpiko azalean. Pentsatu dut har anbiziotsu bat jaioko zitzaiola han nonbait. Pentsatu dut pentsatuko zuela hurrengo batean lortu egingo duela. Eta horretarako, erabakiko zuela igarotzea astebete-edo zera horrekin, zeharkatzen dituen kale guztietako baldosa guztien koloreak, marrazkiak, posizioak buruz ikasten, baita batetik besterako tarteak eta distantziak ere; eta planifikatzen, ze urrats liratekeen posible eta zein ez. Horrela, hurrena jolas horretan aritzeko proposamena egiten dionean norbaiti, aurreikusita, planifikatuta eta kontrolpean izango du saltoka-saltoka etxera iritsi arte egin beharko duen bidea.

Begira egon naizelako, kale zahar horretan topatutako umea imajinatu nahi izan dut jolasari, erronkari, bideari hainbeste buelta eta txiribuelta ematen. Aspaldi-aspaldiko ni harekin akordatu naizelako ere bai; aspaldi-aspaldiko ni hark, baldosa gorrixka denak non dauden buruz ikasita izan arte, ez luke egingo berriz horretan jolasteko proposamenik. Halakoxea zen bera; eta halaxe nabilela iruditzen zait gaur ere hainbatetan, dena aurreikusita, planifikatuta eta kontrolpean izateko zera horrekin.

Dena xehe-xehe aurreikusi eta planifikatzeko gogo bizi honek estutu egiten du kopetako azala. Ez die uzten oinei aurrez pentsatutako bidea bestela egiten

Zera hori da, adibidez, Interneten begiratzea larunbatean izango garen tokia nolakoa den, gauzak bisualizatzeko. Imajinatzea ez-dakit-ze kontzertutan ez-dakit-nor egon daitekeela eta mobileko ohar batean idaztea galdetu behar diodala zer moduz egin duen C2ko azterketa. Begiratzea eguraldi iragarpena eta pentsatzea ze arropa sartu motxilan, ze momentutan erantziko dudan txaketa eta ze momentutan askatuko dudan jertseko kremailera. Presaka bukatzea liburu bat, posible delako gaur elkartuko garen lagun taldean gaia ateratzea. Buruz ikastea ze hitz erabili nahi ditudan norbaiti zerbait komentatzeko. Eskuan apuntatzea gaur I-ren urteak direla, juntatzen bagara ere, badaezpada. Mobileko oharretan idaztea Whatsapp-ez bidali beharreko mezua, eta errebisatzea behin, bitan, hirutan. Zera hori da baldosak memorizatzeaz antsiatzea baldosetan ibiltzeaz baino gehiago. Eszenak irudikatzea gertatu aurretik. Erabakitzea dena delako eszenan nola egon, nola jardun. Azkar erantzun bat eman beharrak beldurtzen duenaren zera hori da: ahal den guztia aurretik irudikatzea, aurreikustea, neurtzea eta planifikatzea, erantzunik onena eman ahal izateko gero. Kaka bat.

Dena xehe-xehe aurreikusi eta planifikatzeko gogo bizi honek estutu egiten du kopetako azala. Ez die uzten oinei aurrez pentsatutako bidea bestela egiten. Eta ondo dago zapaldu nahi ez genituzkeen baldosak ez zapaltzen ahalegintzea, ze baldosaren gainean ibili nahi dugun pentsatzea. Komeni da, baina, akordatzea, urrats okerra eginda ere, oinpeko azalik ez dela erretzen; asko jota, ur zikinak bustiko gaituela eta pixka-pixka bat moldatu beharko dugula etxerako bidea.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA