Azken hilabeteotan kanpaina indartsua abiarazi du Gasteizko Gobernuak, Euskal Autonomia Erkidegoa Basque Country esamolde ingelesarekin identifikatu nahian. Azken 30 urteotan Euskadi kontzeptuaren esanahiaren aldaketaren ildotik egiten den hurrengo urratsa ematen du.
Euzkadi-Euskadi
Sabino eta Luis Aranak Euzkadi hitza asmatu zutenean, Euskal Herriko lurralde guztien arteko egitasmo politikoa adierazteko egin zuten. Euskal Herria kontzeptua kultura eta hizkuntzaren altzotan, karlisten magalean, lo zegoen esamoldetzat jo eta bizigarri izan behar zuen kontzeptu geopolitikoa asmatu zuten. Orduantxe asmatu zuten ere ikur Bizkaitarra, gerora, Luis Aranaren iritziaren aurka, osotasunaren ikur gisa erabiltzen hasiko zena, ikurrina alegia.
Euskal Autonomia Erkidegoak Euskadi kontzeptua patrimonializatu eta beretzat hartu zuen aspaldi, Autonomia Estatutua onartzearekin batera. Erabaki politikoa izan zen. EAJk lehenik eta PSOEk, PPk eta indar politiko gehienek gero, ohiko jardun administratiboak egiten zuen Euskadi kontzeptuaren definizioa onartu zuten eta orokortu egin zen. Euskaldunon Egunkaria izan zen Euskadi kontzeptua bere estilo liburutik kendu zuen lehen komunikabidea. BERRIAk ere hautu berbera egin du. Guztiz adierazgarria.
Egun, zenbait jarraitzaile jeltzalek, oraindik, Euskadi zazpi herrialdeen adierazpide gisa erabiltzen badute ere eta Labagueryren abestiek kontrako gogoa piz diezaguketen arren, galdutzat eman dezakegu Euzkadi-Euskadi kontzeptuaren jatorrizko esanahia.
EAEk Euskadi kontzeptua bereganatu, patrimonializatu eta gainontzeko euskaldunei kendu digu. Ez du gehiago balioko Euskal Herriaren adierazpide gisa. Euskadi, espainiar autonomia erkidego bat da. (Aranatarrek burua altxatuko balute…)
Basque Country
Azken hilabeteotan gero eta indar handiagoz erabiltzen ari da Gasteizko Gobernua Basque Country esamolde ingelesa EAEren adiera hutsarekin. Euskadi kontzeptuarekin bezala, Basque Country bereganatu, patrimonializatu eta gainontzeko euskaldunoi ebasteko kanpaina abian da.
Duela gutxi arte ingelesez idatzitako entziklopediek Basque Country = Euskal Herria (zazpi lurraldeak) agerrarazten zuten. Orain, kontsultatuena den entziklopediak aitzinsolasa behar du azalpena emateko bere ingelesezko bertsioan eta Basque Countryren lau esanahi daudela erraten du: http://en.wikipedia.org/wiki/Basque_Country.
«Basque Country may refer to:
—Basque Country (greater region) (Euskal Herria in Basque, or País Vasco in Spanish (the term Vasconia is also occasionally encountered),[1] Pays Basque in French), the approximate cultural area of the Basque people, including their culture and language
—Basque Country (autonomous community) (Euskal Autonomia Erkidegoa in Basque; Comunidad Autónoma Vasca, Euskadi, País Vasco or Vascongadas in Spanish), an autonomous community of Spain (shown in pink on the map)
—Northern Basque Country or French Basque Country (Ipar Euskal Herria or Iparralde in Basque; Pays Basque or Pays Basque Nord in French), the three (historic) northern provinces in France (shown in yellow on the map)
—Southern Basque Country».
Nazioarteko komunikabideek ildo honi heldu diote eta gero eta gehiago erabiltzen dute Basque Country EAE izendatzeko eta Greater Basque Country Euskal Herria adierazteko. Honek ez digu onik egiten.
Euskaldunoi ez zaigu komeni Euskadi hitzari gertatu zitzaiona gerta dakion Basque Countryri.
EAEkoak ez garen euskal herritarrok ezin dugu onartu espainiar autonomia erkidego batek guztioi dagokigun ingelesezko hitza lapur diezagun. Gure esku dago.

ARKUPEAN
Basque Country=Euskal Herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu