Mendian ibiltzean lurrari so noa usaian, abiadura egokia atzeman nahian. Errekak ziren belar lehorretan pausatzen ditut oinak, lurretik ahalik eta gertuen. Burua altxatuz gero, arnasa eskapatzen zait oraino igotzeko gelditzen zaidan malda ikusirik. Behin baino gehiagotan altxatzen dut begirada hala ere. Gaztelaniaz erantzunen didaten turista frantsesak agurtzeko batzuetan, gure herria idealizatzeko edo ur kloroztatuegia edateko bestetan. Musika aldatzeko ere egiten nituen lehen geldialdiak. Joan izan naiz «aurikularrekin mendira, desorekatuak gaude ta» (Haserre hauek, Olaia Inziarte), baina asteburuetan mendiko isiltasuna preziatzen du hirian bizitzen denak.Â
Bada burua altxarazten didan beste arrazoi bat: pottokak. Haien bakeak, begirada beltzak eta mutur sendoak urduritzen naute ni. Begira-begira sumatzen ditut, urrats bat gaizki eginez gero enegana jauzika etorriko balira bezala, biloak airean inarrosiz. Ni haiengana gerturatu ahala, buztana joan-jinean astindu eta ezkerreko hanka lurraren kontra jotzen dutela iruditzen zait, erritmikoki. Punpa. Punpa. Eszena estu horretan, lehen planoan pottoka kume bat baldin badago, multiplikatuta ikusten dut, laster hamalau izanik. Haien alboan, beren amak begiradarekin ez hurbiltzeko agindua ematen dit, furios.Â
Bai. Beldurra diet.Â
Pottokarik oraindik existitzen ez zen denbora urrun batean, piztiek, suak eta uholdeek beldurtuko zuten norbait. Urteak pasatu arren, mehatxuen aurrean hala sentitzen da gure gorputza, arriskuan, alerta egoeran eta beldurtuta. Hiru aukera ditugu orduan (besterik egonen da) beldurrari aurre egiteko: arriskuari aurre egitea, izoztuta bertan geratzea ala ihes egitea.Â
Mehatxuari aurre eginen banio, bide erdi-erdian egonik ere, aurrera segi eta pottoka(k) —irudikatutakoak kontuan hartuta— mugiarazi beharko nituzke. Blokeatuko banintz, bertan geratuko nintzateke geldirik. Ihes eginen banu, etorritako bidetik bueltatuko nintzateke berriz eta ene burua konbentzituko nuke, gailurreraino ez igotzeak ez nazan frustratu. Hala ere, beldur hau errepikatu eta errepikatu, beste aukera bat garatu du ene biziraupen estrategiak: nahiz eta gero zauriak egin eta lakastak zango sagarretatik kendu behar izan, pottokak sasi artetik inguratu ohi ditut, ibilaldia pare bat minutuz luzatu eta bueltan ez direla hor egonen erregutu.Â
Beldurrik gabe aurrera egiteko erraten digute ardura. Beldurrari aurre egiteko. Alta, beldurrari so egiten ez bazaio ere, hor dago, gure azalaren pean. Beldurrari so egiten ez bazaio ere, itzuleran hor egonen dira pottokak. Eta asumituko bagenu beldurtuta gaudela? Beldurtuta eginen dugula salto itsasora? Beldurtuta deituko dugula lagun zahar bat? Beldurtuta moztuko dugula ilea? Beldurtuta goazela hiri berri batera? Beldurtuta utziko dugula harreman bat?
Hemen idazteak ilusio handia egiten dit, baina beldurra ere eragiten dit. Ulertu eta sinistu arte ez dudala hartzik atzetik korrika, beldurrarekin idatziko dut, beldurra hor egonen da.Â
Beldurtuta gaude baina ez dugu zertan isildu. Beldurra partekatu dezakegu eta laguntza eskatu. Beldur izan naiteke pottokez eta hala ere mendira joatea erabaki, lagunei gomita luzatuz.Â
Ikusiko ditut, agian, pottoken artean dauden otaloreak, txilar moreak eta goroldio gordeak arroketan.Â
Â