Irati Zubia Landa.

Beti gazte?

2026ko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bazen Olinpo mendian Eos izeneko jainkosa bat, gaztea bezain liraina. Egunero, hutsik egin gabe, ordu txikietan jaiki, bere ahizpa Selenerekin hitz aspertuan aritu eta azafrai koloreko mantuaz estaltzen zuen zerua. Hala ematen zion paso egunsentiari. Bazuen amorante bat (tira, asko izan zituen): Titono, heroi troiar bat. Hain maitemindu zen erraietaraino, ezen Zeusi berari erregutu zion, arren, egin zezala Titono hilezkor. Ahaztu egin zitzaion, ordea, betiereko gaztetasuna ere eskatzea. Hala, Eosen alboan pixkanaka-pixkanaka zahartu zen Titono, infinituraino ihartu eta txitxar bilakatu zen arte. Kutxa beltz ñimiño batean sartu zuten orduan eta denek ahaztu zuten. Hor segituko du oraindik. Kalkulatzen dut akaro baten tamaina izango duela.

Nondik dator beti gazte mantentzeko tema? Galdera horixe iltzatu zuen fin Leire Vargasek, egunkari honetan bertan. Eltxo baten gisan izan dut irakurri nuenetik, belarri atzean. Gaztetasuna loriatzeko joeraz eta, ondikoz, zahartzaroari diogun paniko eta mespretxuaz idatzi zuen. Galdera ezin hobeto dago formulatuta, argia baita greziarrek utzitako lezioa: gaztetan hasi eta amaitzen da bizi honetan merezi duen dena. Zer gertatzen da orduan zorionaren goia jo ez duten gaztaroekin? Nolabait esatearren, gaztaro mediokreekin?

12 urterekin sentituko nuen nik gaztetasunaren promesa. Mehatxu bat ere bazirudien tarteka. Egongelako kristalaren islari begira izango nintzen, titiak haziko zitzaizkidala jakin bai, baina titiburuetan ileak ateratzen zirela kontenplatu ere egiten ez nuen garaian. «Aprobetxatu orain, bai…», zioten helduek. «Gu ere izan ginen gazteak… Orain da momentua, ez pentsa». Ni mentalizatu nintzen, bazetorren eta. Ia bertan zen eta ni prest nengoen bete-betean zukutzeko. «Quiero vivir, quiero gritar, quiero sentir, el universo sobre mí». Ia 17 urte geroago, ordea, ez dut argi enpresarekin konplitu dudan. Ez naiz topera eta azkar bizi: nik ahal dudana egin dut. Eta ez dut uste bakarra naizenik.

Ez zarete gazte-zaharrunoak, prekarioak baizik. Eta nekatuta zaudete. No future belaunaldia izatera ohitu ginen, baina carpe diem-a ere garesti ateratzen da XXI. mendean

Vargasen artikuluan eta Silvia Herrerosen azken liburuan topatu dut argi apur bat. Ingeles Filologian aditu eta Peter Pan-en espezialista da bigarrena (nola ez da lagungarria izango Peterpanlogo baten aholkua?). Haren iritziz, gaztetasuna kategoria performatibo bat ere bada, biologiaz harago. Bizi estilo, kontsumo eta desira batzuei lotzen zaio. XX. mendearen erdialdean konfiguratu omen zen marketina: bizi zaitez azkar eta sutsuki, maitemindu bete-betean, ikusi eta gozatu ateratzen diren film eta kontzertu denak! Segi munduaren beste puntako hondartza xarmant edo antro bohemio batera zeure buruarekin adiskidetzera! Orduan, esperientzia zirraragarri horiek pilatu (eta kontsumitu) ostean, prest izango zara, helduarora paso egin eta biziaz geratzen zaizun hori nostalgiari begira igarotzeko. Hori al da plana?

B. Vasallok aipatu zuen behin, erromantizismo gaindosi batek zeharkatzen dituela gure harreman eta bizi-desirak. Denak behar duela hiper eta maxi, denak berehalako. Gaztaroak ere bai, antza. Eta ez da hala gertatzen beti. Ez, behintzat, XXI. mendean. Zuotako batzuei pandemiak ostuko zizuen, akaso; beste batzuoi langabeziak edota plurienpleoak. Maiteminduko ziren batzuk, eta harremanaren aje eta antsietateak kudeatzen pasatuko zituzten ondorengo urteak. Ez zarete gazte-zaharrunoak, prekarioak baizik. Eta nekatuta zaudete. No future belaunaldia izatera ohitu ginen, baina carpe diem-a ere garesti ateratzen da XXI. mendean. «Konturatuko zara gero bizitza beste zerbait dela», entzuten nien helduei, titiburuko ileak errotik kentzen nituen bitartean. Bizitza beste zerbait da, ok. Baina, zer da?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA