Urteak pasatu ditut denborarekin dudan harremana nondik nora doan ulertu nahian. Ez dut argi oraindik, ez pentsa. Denbora luzez ez nuen uste denborarekin harreman bat nuenik ere. Baina badut, guztiok daukagu. Zenbateraino uzten diogun harreman horri gure nortasuna definitzen, hor dago koxka. Nik leku handiegia egin diot denborari beti, geroari bereziki, berarekin hondoratuz atzokoak eta gaurkoak. Oraindik gertatu ez den zerbait izateko, sekulako indarra du etorkizunak nigan. Iragana ahaztu egiten zait. Oraina hain gertu dago, presbizia moduko batek jota ez dudala ikusten. Baina etorkizuna, etorkizuna irmoki sinesten dudan fikzio bat da. Katastrofikoa askotan.
1966ko urriaren 21eko 09:15ean gertatu zen Aberfan-eko hondamendia. Meatze hondakinen pila bat kolapsatu egin zen eta Galeseko herri horretako eskolaren gainean erori, 116 haur eta 28 helduren heriotza ekarriz. Apenas etorkizunik gabe gelditu zen Aberfan istant batean, bere seme-alabak meatzeetan lurperatuta zeudela. Astebete lehenago, heriotzari beldurrik ez ziola esan omen zien gurasoei Eryl Mai Jones deituriko neska batek. Hondamendiaren bezperan, jaramon handirik egin ez zion ama lanpetuari izan berri zuen ametsa kontatu zion: eskola beltza egin zela bat-batean. Belztutako eskola horretan bere ikaskideekin batera hil zen.
Kasu hori eta beste batzuk izan ziren 1966an British Premonitions Bureauren sorreran. Bihozkaden bulego hori hemezortzi hilabetez ibili zen jendeak bidalitakoak aztertzen eta denbora horretan 723 premonizio jaso zituzten, haietako hemezortzi zuzenak. Puntuaketa sistema bat erabili zuten bihozkaden balioa neurtzeko, baina ez zuten hondamendirik aurretik etetea lortu.
British Premonitions Bureau bihozkaden bulegoa hemezortzi hilabetez ibili zen jendeak bidalitakoak aztertzen eta denbora horretan 723 premonizio jaso zituzten, haietako hemezortzi zuzenak
Bihozkadak eta aurreikuspenak ez dira gauza bera, nahiz eta batzuetan zaila den batzuk eta besteak desberdintzea. Garai hauetan aurreikuspen bezala aurkezten zaigulako bihozkada eta bihozkada bezala aurreikuspena. Hartu aldaketa klimatikoa eta gerrak, adibidez. Datuak hor dauden arren, aldaketa klimatikoaren aurrean neurriak hartzeko borondatea eskasa izan ohi da, datorkigun hondamendia planeta salbatu nahi duten sentimental batzuen bihozkada bat besterik izango ez balitz bezala. Gerrak hasteko, aldiz, hipotesi batetik abiatu eta zuzenean ondorioetara salto egiten da, prozesu arrazional bati muzin eginez. Hilabeteetan zehar entzun genuen armamentuan gehiago inbertitu behar zela etsaia zein zen oso argi ez bazegoen ere. Etxe Zuriko bozeramailearen arabera, sentipen batek Iranen arma nuklearrak fabrikatzen ari zirela esan ziolako hasi du gerra Trumpek, George W. Bush-en Iraken aurkako eraso emozionalaren doktrina jarraituta. Bai, ezer saihesteko balio izan ez duen gerra prebentibo hura.
Tamalez, maiz jabetu behar izan dugu hondamendi baten ostean seinaleak hor zeudela, nahiko agerian zenbait, norbaitek neurriak hartzeko zain. Baina aurreikuspen batzuek, kostuekin zerikusia dutenek batez ere, beste batzuek baino garrantzi handiagoa izan ohi dute. Horrela utzi genion Challenger-ari eztanda egiten. Horrela erori zen Zaldibarko zabortegia Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen gainean. Bihozkaden bulegoaren ibilbide laburra The Premonitions Bureau liburuan jaso zuen Sam Knight kazetariaren hitzetan, behin zerbait gertatu denean, geure buruari gauzak aurreikusteko gaitasuna ukatu egiten diogu. «Ez zegoen halakorik gertatuko zenik irudikatzerik», esaten dugu, askoz ere gogorragoa delako onartzea irudikatu bai baina ezer egiteko gai izan ez ginela. Halako zerbait gertatuko zen Aberfanen ere. Eta beharbada hori gertatuko zaigu hemendik urte batzuetara, mundua pikutara doan bitartean, elkarri harritu aurpegiarekin begiratzen diogunean, zauria zena zoria dela sinetsita.