Joan den abenduaren 2an hitzaldia eman zuen Jon Sarasuak Tolosaldeko Uzturre Foroan, euskararen etorkizuna hizpide hartuta. Baina, zeharka bada ere, beste zenbait gairi ere heldu zion adarretatik. Beti bezala, sekulako gogoeta aberatsak atxabaltarrarenak, ordu eta erdi inguruko bideo batean sarean ikus daitezkeenak. Ikustea merezi dutenak.
Paradoxiko eta delikatutzat deskribatu zuen euskararen egungo egoera eta horren zergatiak aletu zituen, mugak eta arriskuak bereziki. Indargune batzuk ere bai, inork aretoa (edo pantaila) asaldatuta utzi ez zezan. Euskarazko hedabideen inguruan esandakoak iruditu zitzaizkidan niri hausnarketa interesgarrienak, kontuan hartzeko modukoak. Sarasuak haserre puntu bat eta arrangura onartu zituen, bere ustez hedabide nagusiek (Euskadi Irratiari onartu zion soilik izaera transbertsala) ez dute lana ondo egin eta alde (politiko) baten agenda erreproduzitu dute. Ez da lortu euskararen komunitate terminoetan pentsatzea. Bukaeran, ez dagoela pozik esan zuen, kezkatuta baizik. Ez gara gutxi egonezin bertsua daukagunok.
Baina, beti gertatu ohi den bezala, norbaitek sareetan jarritako bi minutuko zati txiki batek sortu du zalaparta, nonbait hitzaldi osoa ikustea/entzutea lan neketsu eta aspergarria da jendearentzat. Garai batean bertsogintzan euskaldun-fededun binomioa bizirik ezagutu zuela esan zuen Sarasuak eta orain euskaldun-progresista binomioak hartu diola tokia, areago, progresismoaren bilakaera hiperprogresistak. Azken hitz horren egokitasuna gorabehera (beste berba batzuk ere erabili ohi dira fenomenoa deskribatzeko), denok dakigu zeri buruz ari zen. Eman diezaiogun hitza: bere burua esparru horretan kokatzen ez duen oro ez dago euskal kulturan, paria bat da. Eta horrek guztiak pobretu egiten du kultura. Badakigu guztia ze urkilatan mugituko den, badakigu kantuen letra batek zer esango duen, bertso batean zer ez den esango; edota euskarazko liburu batean, idazleak saldu nahi badu behintzat. Debate intelektualaren pobretzeaz gain, jendea euskarara erakartzeko gaitasuna ere asko murrizten da horrela.
Sareetan hiru talde nagusi sortu ziren Sarasuak sute txiki hau eragin zuenean. Alde batetik, oro har, ñabardurak ñabardura, bere gogoetarekin bat egin zutenena (ezin ukatu multzo horretan ikusten dudala neure burua). Beste alde batetik, adostasunik adierazi gabe —edota zehaztu gabeko desadostasunik— esker ona adierazi ziotenak horrelako gogoetak plazaratzearren, beharrezkoak oso. Asko pentsarazten duen intelektuala dela aitortzen diotenak: ausarta beti, deserosoa sarri.
Ezin ukatu hirugarren taldearen tonuak sortu didan harridura, are gehiago izen eta abizen batzuk ikusita: erabiltzen uzten den tontoa da edo zinikoa Sarasua; Milei txiki bat da; entsalada mentala du; eta abar, eta abar, borratutako testuren batzuk tarteko, seguruenez bero(egi)an idatziak. Beste eztenkada hau ere kontuan hartzekoa: euskarak izan duen garaipen handienetakoa euskara balore ezkertiarrekin identifikatzea izan da eta hegemonia horren kontra egitea euskararen kontra egitea da. Baiki, Sarasuaren tesia erabat konfirmatzen duten erantzunak. Agian egongo zen, baina ez dut aurkitu errespetuz, irainik gabe, kontrako argumentuekin erantzun zionik, egotekotan laugarren talde bat osatuko luketenak.
Baina onar dezagun Tolosako gogoeta eta ondorengo eztabaida jarraitu ez zutenak gehiengo zabala direla gurean, baita euskaldunen artean ere. Askok, gehienek, interesik ez dutelako; baina beste askok, interesa izanda ere, eurak bizi diren munduan ez zaizkielako helarazi, batek daki zergatik. Bueno, agian susma dezakegu zergatik. Horra hor beste bi drama, hauek ere oso kontuan hartzekoak.