Aner Euzkitze.

Bitxoen iraultza

2025eko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hondartzaren zabalera du gure herriak. Badirudi hor badela muga bat, zabaletara, ezin hazi dela hortik hara. «Muga fisikoa, orografikoa» esango dute enpolloiek. Diruak mendiak mugitzen ditu, eta zulatzen, baina uztagun hori. Edonola den, badakigu gure herria heda daitekeela eta ari dela, hegoaldera eta gora. Gora mugarik gabe, zerura, bada hor oraindik aski espazio.

Herri honetan jaio ginenok turistiko hitza jakin aurretik genekien gure herria turistikoa zela. Aspaldi ezagutzen ditugu turistak, giriyak. Zarauzko lagunengan pentsatzen ari naiz. Denok egin dugu lan, uda batez gutxienez, giri-jendearentzat. Malekoiko tabernetan zerbitzari, izozki-dendetan, surf klaseak ematen, eguneko udalekuetan haur australiarrak zaintzen, enegarren etxebizitzadunen toldozain, sorosle igerian bazekitela demostratu nahi zuten protogizonak salbatzen. Denok esplotatu gaituzte pixka bat, batzuk asko.

Bizitza osoa egin dut Zarautzen, eta hurbiletik ezagutu dut turistifikazioaren fenomenoa. Tabernan lanean igaro nituen urteei esker mantentzen dut institutuan ikasi nuen frantses gutxia. Badakigu hondartzako zein gunetan jarri herrikoekin eta euskaldunekin egoteko. Harrigarria da zenbat ingeles-akademia dauden herrian. Falta ziren bi supermerkatu-enpresa handiek lokal bana ireki berri dute. Urtez urte udaltzain gehiago ibiltzen da malekoiko bizikletadunei jaisteko esaten, turistei lapurtzen ez diegula kontrolatzen. Aleaziozko nostalgia pobrez oroitzen dugu izozki batek bi euro balio zuen garaia, terrazako tragoak barrakoak baino garestiagoak ez zirena, 16 urterekin kubata eskas hura hiru euroan saldu zigun antroa. Herriko marikek eta bollerek kasik turistekin bakarrik ligatu dugu herrian, haiei esker, hori ere egia da.

Labezomorro-izurria dabil orain Zarautzen. Kalean entzun dut, ez dut inon irakurri, igual gezurra da, baina paranoia puntua sartzen zait eta asko ari naiz ikusten kaleetan, etxe-ertzetan. Diotenez, badu azalpen bat honek guztiak: etxe asko ari dira eraikitzen azkenaldian. Bi auzo berri daude sortuta edo sortze bidean, herriaren erdialdetik oso hurbil bat, ekialdera bestea. Bi auzoei so, inguruko eraikinei eta kaleei begiratu ezean, ezin da jakin bietako zeinetan zauden: etxe zuri berdinak, altuera berekoak, arkitektura berdina leihoetan, terrazetan, hormetan, landare berdinak plazetan, marka bereko kulunpioak, izendatu ezin den enpresa beraren propagandako gruak bi guneetan. Etxe hauek egiteko lur asko ari dira altxatzen, eta labezomorroak lur horretan bizi omen. Lurra kendu diete, etxea, kalera atera dira, ez dakite non sartu eta hor zehar dabiltza, galduta.

Hau dakidanetik enpatia-puntua sartu zait labezomorroekin. Enpatia eta pena, Zarauzko lagunekin independizatzeaz hitz egiten dugunean inork ez duelako planteatu ere egiten Zarautzen geratzea; ez da prezioagatik bakarrik, baina bada horregatik ere. Bigarren etxebizitza erostera edo pisu turistikoa jartzera datozenek kenduko dizkigute lehen etxebizitzak bertakoei. Lana eta dirua omen dakartzate europar zuri espontaneo rubio udatiarrek. Kuriosoa da, lana ematen dizun turismo berberak kentzen dizu etxea, eta garaipen bat ospatu behar duzu, lana ona delako eta etxea txarra. Ez dugu zuen dirua nahi, gure etxeak nahi ditugu.

Ez dut inoiz erosiko Zarautz inorentzat denik gure klasekoentzat umetan pueblo zena. Gure plastikozko uhartea ez da inoren pueblo, hau beautiful town from the basque coast da. Ez dut onartu nahi gu izaterik parasitoek altxatutako lurretik desalojatutako labezomorroak. Herriko kaleetan norarik gabe zabiltzaten bitxoak, antola zaitezte eta sartu pijoen etxe zuri berrien hozkailuetan, komun-zuloetan, oheetan. Har itzazue haien pasilloak. Zabal dezagun berria: labezomorro-izurria dabil Zarautzen, herria zikintzen eta aberatsen etxeetan sartzen ari dira xomorroak. Nahiago herri zikin gureak, haien herri zuri garbiak baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.