Soriak eklipsean harrapatu gintuen. Eta argi arraro hura geuri zerigun, geuk aztoratu genituen intsektuak geure odol gozoarekin, geu ginen ilundu ostean berriro argitu ginenak, ilargia paretik kendu zitzaigunean beste aukera bat eman genionak munduari.
Lehenagotik nekarren pentsamendua, agertu egiten zitzaidan tarteka eta gero kosta egiten zitzaion joatea, neurekin ibili dut udara osoan, neurekin daramat orain ere, eta ez dakit alde egingo didan honezkero. Lagundu egiten dit aurrera egiten.
Aurrera gindoazen orduan ere, joan eta joan eta joan, inora iristeko presarik gabe, paisaiari so, gure kantuak entzunez autoan, eta pinua eta pinua eta pinua besterik ez zen ikusten errepidearen albo banatara, autobusean Landak zeharkatu nituen lehen aldia etorri zitzaidan gogora, eta lehendik nekarren pentsamenduak forma hartu zuen bat-batean, eta liluratuta geratu nintzen, berriz ere, bizitzaren dentsitateaz ohartzean.
Munduaren zabalak harrituta nindukan, oinez abiatu eta hankak minberatu gabe noraino iritsiko ote nintzatekeen etorri zitzaidan, baina hori banekien gutxi gorabehera —beste guztia dakidan bezala—. Ez oso urrun. Beti gertatzen zait: irteten dut mendi arteko zulo honetatik eta dena egiten zait zabal, soroak eta zeruak, dena egiten zait luze, errepidea eta arratsaldea, dena egiten zait amaierarik gabea, infinitua, zoriona.
Zabaltasunak ez ninduen harritu, ordea, hori banekien gutxi gorabehera, eta benetako mira sortu zidana bizitzaren dentsitatea izan zen, trinkotasuna. Ezer ez zegoen paraje hartan begiratu batera, baina bizitza lerden zetorren, gizaki gizarajoen epai gizatiarrei ezaxola. Azkoitiko zineklubean bota zuten Microcosmos filmaz gogoratu nintzen, auskalo zenbat urte joan diren, eta pentsatu nuen, nik ere, euliak akabatu arteko onik izaten ez dudan arren, maite ditudala izaki bizidun guztiak, nire erara, tartean baita gizaki batzuk ere.
Michel Houellebecq ere etorri zitzaidan —maitasuna aipatuta gezurra badirudi ere—. Hain gustura irakurri nuen Mapa eta lurraldea honela bukatzen da: «Gero dena baretzen da, haizeak mugitutako belarrak baino ez dira geratzen. Landaretzaren garaitza erabatekoa da».
Ezer gutxi dagoenean ere, bete-betea da bizitza. Ez soilik errepide alboetako baso luze zabaletan; ez soilik landaretzak jandako zibilizazioaren aurrietan; ez soilik jenderik ikusten ez duten hareazko basamortuetan; ez soilik izozmendiz betetako itsasoetan
Bizente Ameztoiren koadroa jarri beharko litzaioke azalean, egunen batean euskarari ekarri eta argitaratuko balitz, Donostia landaretzak hartua ageri den hori. Bizitzaren dentsitateaz ari dela esango nuke Ameztoi koadro horretan, eta beste guztietan ere bai. Bete-beteak dira bere lanak, ezer gutxi dagoenean ere; mendi-mazela batean azaldu den aho irribarretsua, esate baterako.
Ezer gutxi dagoenean ere, bete-betea da bizitza. Ez soilik errepide alboetako baso luze zabaletan; ez soilik landaretzak jandako zibilizazioaren aurrietan; ez soilik jenderik ikusten ez duten hareazko basamortuetan; ez soilik izozmendiz betetako itsasoetan; ez soilik uda beteko eklipseetan. Baita norbere baitako eklipse, izozmendi, basamortu, aurri eta baso arbatsuetan ere.
Dentsitatea giza neurria baita azkenean —beste guztia bezala, esango duzu, hori bagenekien gutxi gorabehera—. Eta halaxe da. Baina ez da masa bolumenaz zatituta kalkulatzen, norbere bizitza munduaren bizitzaz biderkatuta baizik.
Horregatik iruditzen zaizu bete-betea zure bizitza, eta harrituta zauzka bizitzaren dentsitateak, baten baitako izozmendiak besteren itsaso zakarretan dabiltzalako igeri, baten baitako landaretzak besteren baitako aurriak hartzen baititu, eta dena biderkatzen baita, inork kontra egin ezin dion maneran. Bete-betea da mundua, eta halaxe zeu ere, bete-betea.
Zakarrontzira bota duzu Houellebecqen beste esaldia, gordeta zeneukana: «Oraindik gaztea naiz; gainbeheraren hasieran nago».
Zure bizitza arola madarikatzen harrapatzen zaitudan hurrengoan baso arbatsuetara eramango zaitut: jende ikusezinez beteta daude.