lizar begona

Botanika eta ederraren orbitak

2025eko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anekdota ironikoa gertatu zen ostiralean Gasteizko Artium museoan. TRAMA jardunaldien bigarren edizioa ospatu zen asteburuan (irailaren 26tik 28ra bitarte) eta programa oparoa antolatu zuten Arantza Santestebanek eta Garbiñe Ortegak ekofeminismoen eta ingurumen-justiziaren markoan.

Arratsaldean iritsi ginen. Seiak aldera. Museo barruko areto batean Yayo Herreroren berba-luiziarekin liluratuta geratu ginen. Estraktibismo europarraz, Ruandako koltanaz, bizitzei eusteko zaintza-zimenduez, Lurraren muga fisikoez eta territorio desjabetuez aritu zitzaigun luze eta fin. Hortzeria lurrera erortzeko doitasunez eta zuhurtziaz josi zituen hitzak. Eta segidan (aulkitik ipurdia altxatu gabe) entzun genuen Xiana do Teixeiroren Volver a mirar las plantas irakurraldi-performancea. Hori ere fantasia hutsa: artistak «bizi garen lurraldeko landareak nola irudikatzen ditugun, haiei nola begiratzen diegun eta haiekin zein eratako harremanak ditugun» erantzuteko saiakera dokumental-poetikoa egin zuen. Landareen irudi eta grabazio ederrak ekarri zituen, naturaren espektakularizaziotik ihesi, baina era berean zoragarri. Ama botanikoa du Do Teixeirok, eta harekin izandako hainbat elkarrizketa hunkigarri ere entzun ahal izan genituen.

Ez nekiena da (eta hona ironia) Gasteizko lorezainek manifestazioa antolatu zutela museo bereko ataritik une horretan bertan. Jakin nuen langileek sei hilabete daramatzatela greba mugagabean lan baldintza duinen alde. Hiriko berdeguneak zaintzeari utzi diote. Hiriko belar, hosto eta loreak giza erregulaziorik gabe geratu dira 185 egunez. Eta aitortu behar dut, plano politiko-poetikoan, askotan fantaseatu dudan eszenarioa dela jardin ahaztuena.

Museo barrua vs. museo kanpoa. Bi egoera horien aldiberekotasunak bueltaka utzi zizkidan hainbat hitz eta irudi. Hona okada:

     Batzuetan hirietako ordena botanikoak gogaitzen nau,
     denak baitirudi pentsatua, prestatua, perfektua.
     Parisko Hitzarmena eta ekologian jarritako azentua:
     Urban greeninga, Nazio Batuen Europa berde-berdina.

     Eta, jakina:
     Pestizidak, kimaketa suizidak, zuhaixka errakitiko finak.
     Belardi ederretan delfinak, zilarrezko lupinak.
     Aingeruak dantzan zeruetako baratzan, igelak printze egiten diren lokatzak.
     Azkonarrek palazioak lituzkete zentroko plazan.
     Arratoiak ez hain arratoi eta usoak trajez jantzita, otoi.

     Hirietako berde artifiziala. Sahatsak, haritzak, makalak.
     Berdin du haize, eguzki edo euri, enborrek pelukak dauzkatela dirudi.
     Flora kosmopolita beti da polita. Berdin du Gasteiz, Baiona
     edo Bilbo bisita: dena dago ederraren orbitan.

     Kotxeentzako alfonbra gorriak herrian, burrunba eta kea ez dira berriak.
     «Et, et, et: eta auto elektrikoak? Orain kontzientzia ekologikoan dugu begia»
     baina Hegoalde Globaleko litioaz eta nikelaz kargatzen zaie bateria.
     Makabro jarriko naiz: lorediaren matxinadarekin fantaseatzen dut maiz.
     Imajinatu zuhaitzak eta arbustoak inork kimatuko ez balitu.

     Harlauza bazterretako landare inbaditzaileak espaloi ertzak hartzen,
     adarrak estolda zuloetan hazten. «Hau lorezainen lana ez al zen?».
     Adreilu arteko margarita intsumisoa, asfaltoaren arrakalan sortzen den nartzisoa

     Inork batzen ez dituen hosto lehorrak, kimatzen ez diren adarrak. Eta horra,
     parke publikoa, arketipikoa zena ja ez da inoren begikoa
     ze belar txarrak hazi zaizkio, beldarrak eta arrak.
     Ederraren marra gorri guztiak pasatu ditu ezbeharrak.

     Loreak hormigoiaren kontra, hormigoia loreen kontra,
     langileen ahotan entzun genuen «Gasteizko lorezainak borrokan!».

     Artium museoan, 2025eko irailaren 26an

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.