Emakume gizen bat igerileku batean. Pozik dago eta barrezka ari da. Bat-batean, inguruan duen kristalezko itxitura lehertu egiten da eta korronteak darama emakumea ezerezetik sortu den korronte biziko erreka batera. Gizonezko gizen bat balkoi batean. Pozik dago eta barrezka ari da bera ere. Inork espero ez duenean, porlanez egindako balkoia hautsi egiten da eta gizona lurrera erortzen da, zoruan sekulako zuloa utzita. Azkenaldian edozein lekutan ikusten diren irudi errepikakor bezain artifizialak dira: gizon edo emakume gizena, beti pozik dagoena eta segundo gutxiren buruan zer gertatuko zaion ez dakiena. Ondoren, katastrofea. Adimen artifizialak sortutako irudiak dira, ezertarako balio ez dutenak.
Ozempic: behin eta berriz entzun dugun botika. Komunikabide guztietan izan du lekua, eta oraindik orain badu ospe mediatikoa mantentzeko urrezko minuturen bat edo beste. Izatez, bigarren motako diabetesa duten pazienteentzat sortu zen botika bat da: intsulina bezala, norberak bere gorputzean ziztatzen du, medikuak agindutako egun tartearekin. Botika garestiak ordaindu ditzaketenentzat sortutako argaltzeko botika bat ere bada askoren ustez.
Sekula ez dut Ozempic-ari buruzko informaziorik irakurri nahi izan, baina beti dagoenez lehenengo aldi bat, duela ordu erdi eskas hasi naiz hain famatua egin den izen errepikakorrari buruzko arrosa koloreko ipuina irakurtzen. Webgune txukuna du Ozempic etxeak, eta bertan, modu pedagogikoan, botikaren onurak (ezkutuan dauden hainbat malurrekin) adierazten ditu: pankreari intsulina sortzen laguntzen dio, eta era berean, gibelak azukre gehiegi aska ez dezan erdiesten du; eta hau guztia gutxi balitz bezala, liseriketa mantsotu egiten du. Azken esaldi horri esker, hainbat lagunek azkarrago argaltzeko erabili izan dute Ozempic edo azken urte hauetan sortu diren antzeko botikak. Diruz ondo bazabiltza eta errezeta luzatuko dizun medikurik ezagutzen baduzu, zaude lasai: hilabetean 140 euro inguruko kostua izango du botikak zuretzat. Aldiz, osasun publikoak aurreikusten dituen baldintzak betetzen badituzu eta sendagileak onuragarritzat jotzen badu bere erabilera, 5 euro inguru balioko du Ozempic-ek farmazian. Tarteko zerbait nahiko zenukeela? Hartu autoa eta joan zaitez Andorra aldera, han merkeagoa da eta. Lan pixka bat gehiago hartu nahiko bazenu, merkatu beltzean ere eros zenezake. Pantone-a beti dago guztion gustuko kolorez beteta.
Pregabalina: kontrako muturrean daudenen botika. Agian bere izena ikasi beharko dugu, aurreko botikaren historial estetikorik ez izan arren. Epilepsiaren astinaldiak baretzeko sortu zen, ondoren oinaze neuropatikoak baretzeko eta, azken aldi honetan, antsietatearen kontra erabiltzen den botika da, bereziki abstinentzia sindromeak eragindakoa denean. Ozempic-a erosteko adina diru biltzeko arazoak dituzten horiek dira, asko eta asko kanpotik gure herrira etorritakoak. Pregabalinak egun alkoholak baino adikzio handiagoa sortzen du muturreko egoeran dauden gazteengan. Eta bada negozioa egin duenik ere: hemen ere merkatu beltzaren itzalak inoiz baino argi gehiago izaten baitu; bi euroren truke lor dezakete pilula bat bizirauteko opiazeoak behar eta diru lar ez eta abstinentzia sindromea ate joka dutenek.
Zein samurra bezain krudela den paradoxa: gizarteak arbuiatzen duen egoera batetik era batera edo bestera ihes egin nahi izatea. Beti dago lortu beharreko zerbait ipuinaren azken esaldi modura eta, ohi bezala, salbatzaile lanetan agertzen da dirua. Kontua beti baita norbaitek agintzen duen moduetan kabitzea eta artaldetik kanpo kosta ahala kosta ez geratzea.