Inaki Galdos
ARKUPEAN

Bozkarioa

2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Onartu beharrean nago Espainiako Gorteetan euskaraz hitz egin ahal izateko zabaldu den aukerak nigan sortu duen poza ez dela handiegia izan. Hutsaren hurrengoa ere ez, baina hor nonbait. Halaber, harrigarri samarra egin zait sumatu dudan bozkarioa, neurri batean itxurakeriaz antzeztua. Patxikontra izatea esaten zaio nire jarrera honi Euskal Herriko hainbat herritan, baina horrela nabil aspaldion, adinaren erruz agian, nork daki. Ezin aparteko urrats positiborik ikusi beste batzuek abagune historikoak ikusten dituzten tokian. Gabriel Rufianek, adibidez, duela zortzi urte atzerriko erakunde hartan 18 hilabete bakarrik emango zituela solemneki bota zuen ahoberoak.

Hemen bertan epaileek etengabe euskararen kontra jotzen duten garaian iritsi da nobedadea Madriletik. Baita abertzaleek parte hartu edota kanpotik babesten duten Nafarroako Gobernuak euskararen inguruko bere jarreran aldaketarik ez duela egingo berresten duen garaian. Euskal Herri osoko adibideekin jarraituz, ezin ahaztu duela urte gutxi Uztaritzen abertzaleen artean izan zen haustura, besteak beste udaleko bileretan euskaraz hitz egiteko eta itzulpen sistema bat ezartzeko ezintasun legalagatik. Ez du, ez, Madrilen sozialistek ezinbestean eman duten urratsak konpentsatzen hemen bertan duten jarrera. Aukeran, alderantziz nahiago.

Baina ez da euskararen inguruko gai hau askoren itxaropenak (ustez) piztu dituen bakarra. Parentesi artean jarri dut ustezkoarena, ez daukadalako garbi benetan pentsatzen duten Euskal Herriko politikari abertzaleek aukera historiko baten aurrean gaudela Pedro Sanchezek duen ahuldadea medio, edota bortxaz puztu beharreko ilusioa den, eman beharreko botoa janzteko, zuritzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak orain ikusi du aukera egitasmo berri(tu) bat mahai gaineratzeko. Espainiatik kanpora, Emmanuel Macronek, Kaledonia Berria hizpide, iragarri duen konstituzio aldaketa Euskal Herrirako ere abagune garrantzitsutzat hartu du berriki Arnaldo Otegik. Itxuraz behintzat, nik baino fede handiagoa dute batzuek, bistan denez.

Argi dezadan ondo ikusiko dudala hemengo abertzaleek Madrilen baiezkoa ematen badiote Pedro Sanchez aizunaren inbestidurari. Azkenean hauteskundeak errepikatzen ez badira, horretan ere zalantza piztu baitzait. Ondo ikusi dut, halaber, azken legealdian han egin duten lana. Bozkarioa egiten zait desatsegin, azken kanpainan narriadura ere sortu zidan bozkarioa. Elkarren arteko lehian lorpenen zerrenda puztu beharra, ogi apurrei opil itxura eman beharra, dagoeneko lortua zegoena berriro saldu beharra, hainbat dekretu zein legetan gure autogobernuari erasoak ezkutatu —ukatu— beharra... Agian oker nabil, baina sarri esaten diot neure buruari zenbat kalte egiten dion abertzalegoari jarrera horrek. Eta ez, ez naiz botoari buruz ari, jakina baita boto uzta onek ez dutela nahitaez (ustez) defendatzen den proiektu politikoa sendoago egiten. Sarri alderantziz baizik.

Baiki, galdera deserosoak egin behar dizkiogu sarri geure buruari. Eta horietako bat da ea gauzak Madrilen hain ondo badoaz (itxurakeria hori egiten bada), abagune historikoen (azken asteetan sarri entzundako hitzak) atarian bagaude, nola demontre gizarteratuko dugun independentziaren beharra. Adibidez. Esaten dena esaten dela, abagune horiek, izatekotan, ez direlako inolaz ere independentziara hurbiltzeko tresnak, Estatu(et)an hobeto uztartzeko baizik. Agian hala behar du, baina patxikontra honek ezin atsekabea ezkutatu. Madrileko ustezko lorpenak eta horiek sortutako bozkario antzeztuak sarri ekartzen didate gogora Etxebeste familiaren oporraldi famatu hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.