Egunero-egunero jaiki eta lanera. Lan segura. Seguritatea ematen dizuna: zuri eta zure familiari. Bai, haurrak dituzu, goizik ukanak. Posible balitz goizago ukanen zenituen —40 urtetan askeago izateko—, lehen misio hura betea izan dadin. 43 urte dituzu eta laster handienak bukatuko ditu ikasketak. Okerrago izaten ahal zen.
23 urtetan jadanik praktika eta diskurtso iraultzaileetatik urruntzen hasi zinen. Hasteko, prekaritatea ez zenuelarik gehiago bizitzen. Bizi izan baituzu. Hala uste zenuen estudiante zinelarik Bordelen eta dirurik ez zenuelarik irabazten. Ordea, ikasketetan, prekario izatea norma bilakatu da. Baina zuk horrela bizi izan zenuen ikasle garaia. Agian, ikasketak baino lehen eta ikasketen ondotik —hots, orain— hobeto bizi zarelako. Bai, barnealdekoa zinen baina baserrialdeak zituen familia onetatik heldu zinen. Ondasunak eta gurasoetarik bat etxetik kanpo ari zen horietako bat.
Bizpahiru ikastaro. Udako lanik ez. Ama xilo. Aita harro. XX. mendeak ekarri duen kapitalismoaren loraldiaren harira zure gurasoen kategoria soziala gainditu duzu.
Klixetik bada, bai. Seguru. Deus ez baita zerutik heldu, jendartea behar dugu aztertu, ulertu, esperimentatu, teorizatu eta etiketatu. Koadroan sartu, sarraraziz.
«Zu han. Zu hemen». Eta ni, non? Hori ez duzu galdetuko zeure burua ongi kokatzen baituzu: abertzale. Aberriaren alde, beraz. Euskaltzale, araiz. Eta iraultzaile? Erran gabea.
Lan egin. Haurrak egin. Etxea erosi. Oporretara joan. Pesta noiztenka. Borroka...?
Ez zara gizon guziak bezala; haurrak atxikitzen dituzu astean behin, eta jatekoa egiten igande eguerdian. Harategira zoaz, erretzen duzu gigota edo oilaskoa. Amaren mantala ordez, taulierra jantziz. Argi izan dadin, ama hau amatxi duzu, baina ama ere deitzen diozu bikoteari. Hori, lehen haurrak 10 urte ukan dituenetik. Naturalki jin zaizu hori. Ez zenuen antizipatu. Nahi gabe bikoteak prostitutatik amaren errolera jauzi egin zuen.
Eta erortzen bazina, zer gertatuko litzateke?
Lana galdu. Maileguak metatu. Etxea hipotekatu, hustu, saldu. Bikoteaz bereizi. Haurrak urrundu. Geratzen zaizkizun lagunak desagertu. Bankua deitu. Langabezian isolatu. Kategoria sozialaz jautsi. Karrikan finitu? Zuri ez, zuri ez zaizu okurrituko.
Informazioak belarri ertzetara isurtzen zaizkizu. Goizero-goizero goraki gaixoak errepikatzen duzu mantra bat bezala irratia entzutean. Besteen sufrimenduak egiten zaitu handi eta azkar. Besteen zapalkuntzak bakean mantentzen zaitu. Besteen prekaritateak egiten zaitu aberats.
Egun horretan bizitegira sartu eta arraro kausitu zenuen etxe barna. «Joan zait»; erran zenuen ozenki. Kanape gainean jarri. Aitzinean duzun gutuna irakurri eta deszifratu: «Karolen etxean naiz. Edozein galderarentzat nire abokatuarekin harremanetan sartzen ahal zira. Hona haren zenbakia eta helbidea. Dibortzioarentzat, etxearentzat eta mantenu pentsioarentzat ere nahiago nuke zuzenki abokatu anderearekin ikus dezazun».
«Nor deituko dut? Ez dut abokaturik», xuxurlatu duzu ahapetik.