Mobila kopetaren gainera jausi zait. Aterako zaidan koskorra leundu nahian, bekain ertzeko granora irristatu zait hatz erakuslea. Aste honetan zenbatu dudan hirugarrena da. Begiak igurtzi ditut nagiak kentzeko eta nabaritu dut makarrak belztu dizkidala bart garbitu gabe utzi nuen rimmel-ak. Bezperako arropa zikina ohe ertzean. Jaikitzen naizenean burukoan abandonatuko dudan ile matazarekin jolasean arituko den katemea dut begira. Ezker begia kliskatu dit, itxura penagarria duzu, tia esango balit bezala. Hiru bat ordu daramatzat esna, nahiz eta oraindik ez duten goizeko zortzi eta erdiek ere jo. Idealista scrolleatzen ari naiz, enegarrenez.
Pisu bila nabil –gabiltza, hiru lagun– eta barkatu, irakurle, iragarki hau zure goizeko kafesnean sartu badut. Baina, ezin dut apenas beste ezertan pentsatu. «Eske hala zabiltzanean ezin da beste edozertan pentsatu», gogoratu ditut Danele Sarriugarteren hitzak. Garazi Arrularen Lurraz beste liburua komentatzen ari zen, han ere bada pisu bila dabilen pertsonaia bat. «Pisu bilaketa», dagoeneko ez diogu «etxe bilaketa» ere deitzen. Goxo habitatuko dugun espazioaren aukerari uko egin bagenio bezala da. Uko egin edo amore eman.
Liburu horretan, eskaintzen atarian, Arrulak badu poema formako aipu bat: Lokartu aurretik batez ere –gogoaren ahulune zintzo horretan— non edo han erroak botaz gero inork helduko ote dien beren buruari galdetzen diotenei. Gogoaren ahulune zintzoena zeure burua engainatzeko nekatuegi zauden une hori da. Balio du insomnio osteko aje honetarako ere. Aitortu behar dut ez dudala argi errotzeko moduko lurzorurik geratzen den nire hirian. Metro karratuaren prezioa 6.000 eurotik gorakoa zen iaz.
Bi gauza hazi dira esponentzialki: desberdinkeria eta zinismoa. Desberdinkeria, ez bereziki soldatagatik; etekina ateratzeko jabetza edo horren herentzia izateak markatzen du egun, gero eta gehiago, klase arrakala. Zinismoa, etxebizitzaren krisia normalizatu izateagatik
Ditudan aukeren balantze bizkorra egin dut. Kalkulu optimistenenean, beste lagun batekin partekatuta, hilean 600-700 euro; hiru izanda, buruko 500-600 euro. Hori, gastuak, fidantza eta inmobiliariari eman beharreko estra deskomunalak kontuan hartu gabe. Eta nire kabuz zerbait bilatu nahiko banu, nire soldata gainditzen duten loftak (alegia, zuloak) bakarrik agertu zaizkit. Hori dena, denboraldi baterako ez diren aukera apurren artean. Logela bat alokatu dezaket, pentsatu dut. Logela bat, posterrez josia, paretetan zuloak egiteko baimenik gabe. Logela bat, norberarena; baina erdizka. Behinola, jabeak etekinak areagotzeko etxea zatikatu aurretik, egongela izan zen logela. 450 euro balio ditu lehen begi kolpean topatu dudan merkeenak.
Dardara egin du mugikorrak, ezker begiko tikarekin sinkronizatuta. Ez da Idealista, izan zitekeen arren. Esanez bi minutuan hartu duela beste norbaitek asumitu ezin dudan baina gustuko gisa markatu dudan pisua (zerbaiti atsegin dut esateko premia nuen). «Zorionak, Irati», dio mezuak. Ez nuen gogoratzen. Gaur nire urtebetetzea da. 29 urte, ia 30. Uf, langa beldurgarri hori. Inoiz baino gehiago pisatzen dit dagoeneko lortu beharko nukeen eta ez dudanaren arteko distantziak.
«30en krisia» deitzen diote hor zehar. Krisi existentzial bat, krisi bital bat. Baina, delirio hau lehenengo pertsonan kontatu badut ere, argi dago afera ez dela nirea, indibiduala. Apenas bi astean desalojo bi izan dira nire hirian. 500 pertsonatik gora jende bizi da kale egoeran. Duela pare bat egun iragarri dute beste etxegabetze arrisku bat. Eta iragartzen ez diren etxegabetze isilak etengabe gertatzen dira. Jaime Palomerari, El secuestro de la vivienda-ren autoreari, irakurri diot azken urtetan bi gauza hazi direla esponentzialki: desberdinkeria eta zinismoa. Desberdinkeria, ez bereziki soldatagatik; etekina ateratzeko jabetza edo horren herentzia izateak markatzen du egun, gero eta gehiago, klase arrakala. Zinismoa, etxebizitzaren krisia normalizatu izateagatik. Kapitalismoaren miseriak naturalizatu eta merkatuari mugak jartzeko aukerarik ez dagoela pentsatzeagatik. Delirio betean pasatu dut gaua, baina ez naiz halakorik irensteko bezainbeste erotu.