Ana Malagon.

'Delulu'

2026ko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru urte edo pasa dira Z belaunaldikoek delulu is the solulu filosofia aldarrikatu zutenetik. 2023 inguruan joan zen TikToken zabaltzen (non bestela) eta ez dut uste atzean utzi dugunik erabat. Kontrakoa esango nuke, belaunaldi arteko zerbait bilakatu dela, nik neuk ere, nire berrogeita askotan, autoengainuaren alde egiten dudalako gero eta maizago, hau ez dagoelako jasaterik bestela. Eta hau diodanean, hau zabal bat da, hori eta hura ere hartzen dituena. Hau eguneko albistegia da, lana, etxea, familia, lagunak, eta batez ere, gauza guztien gainetik, neure burua.

Ingelesezko delusional hitzetik dator delulu. Positibismoarekin lotu nahi izan dute hainbat adituk, askoz ere errazagoa delako gure gazteek kimu berdeak ikusteko gai direla pentsatzea, benetako desesperazioan bizi direla baieztatzea baino. Gaztelaniazko negar ez egitearren barre egitearengandik gertuago ikusten dut nik, baina tira, badago hitzaldi motibazional gisa kontrakoa salduko duenik. Nik ez dizkizut nire autoengainuak salduko, oso gauza pertsonala baitira, bakoitzak bereak ditu. Gainera, historian zehar autoengainuaren maisu eta maistra anitzak izan ditugu eta badugu nondik ikasi. Eta batez ere, badugu nondik EZ ikasi.

Politikan zinismoak leku handia betetzen du, baina batzuen begiradan «hau zuk ere ez duzu sinesten» adierazten duen distira amatatu hori dagoen arren, susmoa dut hainbatek benetan bihotzez egiten dutela defentsarik ez duenaren defentsa. Truman presidenteak zientziaren ez dakit zein motatako mirariren poderioz bonba atomikoak emakume eta haurrak saihesteko gaitasuna zuela uste zuen. Benetan.

Gezurren bidez hutsetik hasi eta gure zauri, arazo, egia eta bestelako mamuei ihes egin diezaiekegula sinestean dago autoengainu handiena

Autoengainuak besteak engainatzeko balio du, eta zaila da asmatzea, engainua ala autoengainua, zer datorren lehenago. Hori gertatzen zait Tania Headen istorioarekin. Dorre Bikien atentatutik bizirik atera zen emakume baten istorioa da hasieran. Atentatutik bizirik irten ziren pertsonen inguruko dokumental bat egitera gonbidatu zuen Angelo Guglielmo zinemagilea, baina The New York Times egunkariaren ikerketa batek azalarazi zuen hain errespetatua zen Tania ez zela Tania deitzen eta ez zela 9/11-an New Yorken izan. Dokumentalaren gaia erabat aldatu zen, eta The Woman Who Wasn't There izenburupean estreinatu zen azkenean. Han izan ez zen emakumea. 2001eko irailean Bartzelonan bizi zen Alicia Esteve zen Tania. Eta auto istripu baten ondorio ziren erakusten zituen orbanak. Maitasun istorio tragiko bat ere asmatu zion Tania Headi, dorreetako batean hil zen senar irudikatu batekin. Inork inoiz ikusi ez zuen Elvis deituriko txakur bat zuen.

Beste norbait izan zitekeela uste zuen norbaiten istorioa da Tania/Aliciarena. Jendeak behar eta miresten duen pertsona bat izan nahi duen emakume baten istorioa, eta ez iruzur eta ustelkerian harrapatutako familia katalan aberats batetik zetorren konplexuz beteriko norbaitena. Bartzelonara itzuli zen azkenean, eta 2021eko informazio baten arabera, etxe-berritzeak egiteko enpresa bat sortu zuen. Errealitatea aldatzearen ilusioa eraikitzen eskarmentua duen norbaitentzat negozio aproposa.

Gezurren bidez hutsetik hasi eta gure zauri, arazo, egia eta bestelako mamuei ihes egin diezaiekegula sinestean dago autoengainu handiena. Gezurra eta autoengainuaren artean dagoen marra fina da oso, autoengainua eta itxaropena banatzen dituena bezain fina akaso. Horrek are gehiago konplikatzen du errealitatearekin dugun harreman aski konplikatu hau. Nahiak ez ditu errealitateak sortzen, denok dakigu hori. Gauzak manifestatzea (Z belaunaldiaren beste opari linguistiko bat) ez da nahikoa izaten. Zer geratzen zaigu orduan? Beharbada hori izan zen Aliciak bere buruari erantzun nahi izan zion galdera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE