Martxelo Otamendik aspaldi esana du Zigor Kodean diren delitu guztien artean badela bat benetan aurreikusgarria dena, badakiguna gertatzekotan noiz eta non gertatuko den, eta nortzuk izango diren delitugileak, are biktimak ere. Tortura delituaz ari da, atxilotuari emandako tratu txarrez. Delitu hori burutzen da, burutzekotan, atxilotu bat dagoenean, polizia-etxe batean, eta poliziek eraginda. Atxilotze unean, erreka bazterrean, basoan eta polizia-autoan ere gertatzen da, hori ere ezagutu dugu, baina horrek ez du funtsezkoa aldatzen: delitua komisarian egiten da, poliziek egiten dute. Ziegetan kamerak 24 orduz grabatzen edukiz gero, epaileari aise asko demostratuko zioketen poliziek atxilotuak gezurretan ari zirela torturatuak izan zirela esaten zutenean. Erakutsi atxilotze-epeko irudiak, eta kito. Baina ez zeuden, ETAren esku-liburua zen torturak salatzearena.
Badakigu kamerak egon aspaldi daudela polizia-etxeetan, baina record-etik kanpoko espazioak dira, oraindik ere, ziegak. ETAren esku-libururik aspaldi berreditatu ez bada ere. Optika aplikatuko ikasgaia: kasu honetan, nola deitzen zaio kameren fokutik kanpo geratzen den espazioari? Inpunitate-eremua.
Hantxe jarri behar dira kamerak, beti on, polizien gehiegikeriak grabatzen, eta ez institutuetan, nerabe kinkien desmasien aitzakian kontrol politikak areago zabaltzen.
Bitxia da: eskolako festan parte hartzen ari direla ikasleen argazkiak eskolako webgunean jartzeko baimenak eta sinadurak behar dira (nahiz eta gazte horiek gehienek euren bizitza live erakusten duten, inolako pudorerik gabe, eta inori baimenik eskatu gabe), eta orain egun osoz filmatuak izan daitezen ez gaitu aztoratzen. Pedagogikoa eta guzti irudituko zaio baten bati. Kamerak institutuetan, irakasle eta ikasleen andantzak betikotzeko. Marka da gero! Eta Katalunian, Ferrer i Guardia handiaren lurraldean, agenteak eskoletan, harrapazank!!
Otzantasun-krisi larria da daukaguna. Hainbeste konfort esnifatu dugu, odola zuri eta lodi-lodia daukagula. Desintoxikazioa da ongizatearen politoxikomanook behar duguna. Muturrekoa
Segurtasun-larrialdia ezarri nahi dute, ezartzen ari dira (erreinzidentziaren aurkako gurutzada, upel bereko ozpina): kontrol, kontrol, kontrol.
Delituen prebentzioa… kamerak behar dira ezarri?
Jar ditzatela ministroek euren kolegekin, eta enpresariekin egiten dituzten bileretan. Aholkulari eta bitartekarien bulegoetan. Horiek ikusten ditugu —errapeari komeni baino gehiago tira diotenak— epaituen aulkietan, institutuetako gaizkile peligrosoenak baino delitu askoz larriagoekin.
Jar ditzatela multinazionaletako administrazio-kontseiluen bilkuretan, eta euren arteko oturuntza eta golf partidetan. Han egosten dituzte milaka lagun miseriara amiltzen dituzten neurri eta erabakiak.
Jar ditzatela kamerak alderdi politikoetako egoitzetako korridoreetan. Hantxe gertatzen dira alderdiaren interesen eta norberarenen arteko mugak gainditzen diren uneak.
Jarri banku eta inbertsio-fondoen batzarretan, mikro eta guzti politikariekin egiten dituzten juntadizoetan. Frantzia eta Espainiako kartzeletan dauden lapur denak batuta baino diru gehiago ebasten dute hauek egun bakarrean.
Ez naiz inozoa, dena den. Hauek denek poliziak lagun dituzte, eurak dira poliziak, eta txakurrak ez ei du txakurkirik jaten. Ez ditugu irudiok ikusiko, non eta elkarri xantaia egiteko behar ez dituzten. Orduan batzuek ordaintzen dute, justizia ibili badabilela erakusgarri, aizue fedegabeok. Haien lekuan, jakina, segituan beste batzuk jarriko dira eta ekingo diote kantari: bidean anaia erortzen bazaik, bazterrean utzi eta segi aurrera.
Segurtasun-larrialdia? Kontrola eta zigorra? Errebolta eta protesta premia latza da dagoena. Otzantasun-krisi larria da daukaguna. Hainbeste konfort esnifatu dugu, odola zuri eta lodi-lodia daukagula. Desintoxikazioa da ongizatearen politoxikomanook behar duguna. Muturrekoa.