mikel elorza

Desjabetze unibertsala

2026ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure jendartean elementu gorentzat dauzkagu giza eskubideak, babestu beharreko balio gailentzat. Hilketa, desagertarazte, tortura eta antzeko krimenen aurka aldarrikatzen ditugu ozenen, eskubideon urraketa nagusien aurka.

Ondo dago.

Baina egunean jatordu bakarra, edo bat ere ez, egin ahal izatea, hori giza eskubideen urraketa da.

Edateko urik ez edukitzea, ur bila egunero ez dakit zenbat kilometro egin beharra, hori giza eskubideen urraketa da.

Etxea deitzea ere lotsa ematen duen lau ohol edo oihalen babesa baino ez edukitzea giza eskubideen urraketa da.

Zaborrez inguratuta edo zuzenean zaborretan bizi behar izatea giza eskubideen urraketa da.

Osasun zerbitzu oinarrizkoenak ere ezin jasotzea giza eskubideen urraketa da.

Hori dena pobrezia da, eta pobrezia giza eskubideen urraketa da. Urraketa larria, munduan milioika pertsona erasaten dituena.

Boladan dauden Ecoalf etxeko gure txamarra guai horietan ez dagoela B planetarik aldarrikatzen da… egongo ez da, bada! Badago B planeta, eta C planeta, eta nahi adina planeta subalterno, Zraino. Eta daude, gaude, A planetan bizi garen herritarrak, eta B planetan bizi direnak, eta denek lur bera zapaltzen dugu, erlatibitatearen teoriak edo Igarako ordenagailu kuantikoak azaltzen ez badute ere. Eta A planetakook eraiki dugu konfort eta aberastasun mundu bat B planetakoen bizkar, haiei kenduta ondasunak eta baliabideak; bizitzak ere sarritan ebatsita.

Munduko pertsona aberatsenek 2025ean irabazi duten diruarekin planeta osoko, bai, osoko, bizilagun bakoitzari 250 euro eman lekizkioke. Soilik iazko mozkinekin. Alegia, aberatsenek izugarri aberats izaten jarraituko luketela. Eta besteek txiro jarraituko lukete, jakina, baina datu beldurgarri honek esan nahi duena da badirela aberastasuna eta baliabideak sobera munduan denei ura, jana, arropa eta itzala emateko.

Horren kontrako formula sinplea da, zibilizazioa esaten diogun esplotazio formal hierarkizatu hau bezain zaharra: daukanari kendu, ez daukanari eman. Izugarri daukanari izugarri kendu, eta izugarri gutxi daukatenen artean banatu.

Joan den astean Davosen elkartu direnekin egin beharko litzatekeena.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu zen bezala, haren eranskin gisa, Desjabetzearen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu beharko genuke. Balio edo printzipio nagusitzat hartu, lege maila eman, eta haren ildotik abiatu ekimen legegileak eta jardun politiko-ekonomikoa. Ez asmo utopiko gisa, legeek oinarrian izango duten printzipio eraginkor gisa baizik.

Ez da erraza, jakina. Eman egin behar dutenek hagintzen baitute, pobreak ez daude erabakiguneetan. Izan ere, demokrazia deitzen diogu, baina plutokrazia da, eta erruki asistentzialez mozorrotzen dugu esklabotza existentziala.

Gurean ere badago. Pobrezia. Gero eta gehiago, gero eta arrakala handiagoarekin. Herreratik dator egunotan notizia, baina edonon dago, ikusten ez badugu ere. Ikusi nahi ez badugu ere. Migranteak datoz burura pobreziaz mintzatzean, haiena da nabarmenena, baina elikagai bankuetan, logela merke bila, zenbaki gorri etengabean jende zuri asko bizi da. Eta kasu, amildegia bertan da, eta porrot pertsonal batek, despido batek, dibortzio kaxkar batek, adikzio koxkor batek… aise eraman dezake edonor zulora.

Edukitzea ez dela inportanteena, esan daiteke; askoz gutxiagorekin bizi daitekeela eta zoriontsu izan. Pepe Mujica maitagarria oroitu. Jakina. Eta planetak, bai Ak bai Bk, eskertuko du. Baina aproba egin dezagun aberatsenekin, biluztu ditzagun haiek aurrena, tarte batean goza daitezela gabezian, eta gero batuko gara besteok ekimenera, elkartasunez beterik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA