oihana arana

Dolu oharrak

2025eko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Inoiz desiratu ez ditudan gauzak desiratu ez nituelako neure buruarekin haserretzea da dolua egiten ikastea.

Oharra I. Krabelinek jariatzen duten usaina aditzen da. Off-eko ahots batek beste esaldi pila batekin batera. Hori apuntatu dut nik. Gure aitaren hiletan krabelinak banatu genituen. Ez dakit zergatik esleitu diogun lore bat epikari.

Oharra II. Negar egin dut afaria prestatzen zidaten bitartean.

Oharra III. Beltz kolorea aukeratu dut gaur. Praka, kamiseta, jertse beltzak. Inork ez du ikusi zein zen jantzita neraman kamiseta, baina propio aukeratu dut. Aita hil zen gauaren urteurrenean Anari eta Belako ikusten egon nintzen Gasteizen. Bertan erositakoa da. Gasteiz 01.05 jartzen du beste hainbat gauzaren ondoan. Horregatik erosi nuela esateak lotsa ematen dit.

Oharra IV. Eresia izeneko liburua argitaratu du Goiatz Labandibarrek. Beldur apur bat ematen dit. Oraindik ez dut irakurriko. Milia Lasturkoren Eresiarekin akordatu naiz. Aita gaixotu aurretik lagunekin egin nuen obra satiriko hartaz: Azken Oturuntza. Hilda geundela performatu genuen. Gure funerala antzeztu genuen. Milia Lasturkoren Eresia gaurkotu eta kantatu genuen. Aita gure fikziozko funeral hartan egon zen. Ez naiz gaur arte akordatu.

Oharra V. Ni hiltzen naizenean nolako agurra egitea gustatuko litzaidakeen galdetu zidaten orain dela gutxi irratsaio batean. Ez nuen ongi erantzuten jakin. Lehen kapaz nintzen horri buruz berba egiteko. Orain ez. Oraindik ez.

Oharra VI. Amesgaiztoek esnatzen nautenean negarrez esnatzen naiz. Umetan bezala. Ume. Gosaldu eta berriz ohera sartzea erabaki dut gaur. Inoiz ez da gosalostean baino hobeto lo egiten. Eta hemen nago, ametsa ezabatu guran. Beste edozein egunetan beira jasotzeko kamioiak esnatuko nindukeen orduan.

Oharra VII. Dolu erritu kontzeptua heriotza erritu kontzeptua baino askoz esanguratsuagoa iruditzen zaidala esan diot aldamenekoari. Sara Torresen eta Isabel de Naveranen liburuak komentatu ditugu. Lo que hay irakurri nuenean negar asko asko egin nuela esan diot, oso errudun sentitu nintzela aita hil berritan bizitzak aurrera jarrai zezakeela sentitu nuelako. Nahiko liburu pretentziosoa dela, baina literaturaren ikuspegitik zerbait interesgarria badaukala ondorioztatu dugu.

Oharra VIII. «Badie urte batzuk hemen obrie in zauienetik, ezta?», bota dut bazkaltzen ari ginela. Gorputzaldi nostalgikoa legitimatu gurako banu gisan. Leku hau beste bat zen lehen. Egurrezko mahai handiekin akordatu naiz. Zahartzen ari naizela uste dut.

Oharra IX. Roland Barthesen Dolu Egunerokoa irakurri dut. Aurkezpenera joan nintzen, hala esan zuten han: «Ama hil eta biharamunean hasi zen Barthes txarteltxoetan doluari buruzko oharrak jasotzen». Nik ere idatzi izango nukeen dolu eguneroko bat, baldin eta liburu hau irakurri izan banu aita hil baino lehen. Danele Sarriugartek ekarri du euskarara, bikainak dira liburua eta itzulpena. Honen antzeko esaldi asko kopiatu ditut koadernoan: «Ez esan dolua. Psikoanalitikoegia da. Ni ez nago doluan. Samina dut». Orain ez dakit dolu hitza erabiltzen jarraitu nahi dudan.

Azpioharra: Ane Labakak Hezur berriak poema bilduma aurkeztu zuen ordu erdi geroago leku berean. Amatasunak zeharkatutako biziaro baten kronika poetikoa. Grazia apur bat egin zidan bizitzaren eta heriotzaren arteko kontrasteak.

Oharra X. Ez zait dolu hitza gustatzen, hobea da min. Inportantea da hitzak deskriptiboak izatea. Badakit zer esaten ari naizen min diodanean. Ahotsaz ez oroitzea, zer esan ez jakitea. Oraindik ez naiz itzuli gure etxera.

Epilogoa. Louise Glücken Basairisa liburutik: «Noahk dio depresiboek gorroto dutela udaberria, barne eta kanpo munduen arteko desoreka». Niri apur bat gustatzen zait. «Ez, dolua (depresioa) ez da gaixotasun bat. Zer ote da sendatu behar zaidana?» dio Roland Barthesek. Hori izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.