Batek daki zergatik eskaini diodan nire bizitzaren zati bat gauzen inguruan jendaurrean iritzia emateari; egia esan, momentu honetan ez dut edozeren inguruan nik bezainbeste duda egiten duen inor ezagutzen. Duda egiten dut egunerokoan zer bazkaldu ere; oraindik ez dut argi ea duela hamabi urte hautatu nituen Komunikazio ikasketak nire benetako bokazioa ote diren; ez nuke jakingo esaten musikan hartu ditudan erabaki guztiak kontzienteki hartuak izan diren, ala inertzia sozial batek bultzatuta; askotan ez dakit nire oinarririk solidoenak zeintzuk diren ere; eta, bereziki, bai, onartzen dut eta sentitzen dut, ez dakit noiz gaindituko dudan Spotifytik nire musika katalogo guztia kentzea eragozten didan blokeo hau.
Musikarion artean, uda amaierako hizketagai nagusietako bat Musikariak Palestinarekin egitasmoak proposatutako ekintza izan da: Spotify plataformak Israelgo armagintza industriari diru-injekzio potolo bat egin diola jakinda, euskal musikariok batu eta, ahalik eta gehien elkartuta, gure musika guztia bertatik ezabatzea. Aitortu behar dut nik neuk ere egitasmoa existitu aurretik Spotifyri boikot egiteko deialdia zabaldu nuela nire sare sozialetan; gero, ordea, egitasmoa hezur-haragizko bihurtu eta dudek, betiko dudek, linbo nazkagarri honetara eraman ninduten.
Esan bezala, gai hau musikarion arteko elkarrizketa guztiak hartzen ari da azken asteotan. Eta nire dudak argitzeko izandako elkarrizketetan, behintzat, jaso ditudan iritziak ezin dira euren artean aurkakoagoak izan: Euskal Herri mailako egitasmo batek eraginik izango ez duela, batetik; norberak erabakiak bere printzipioei jarraituz hartu behar dituela eta ez taldea kontuan hartuta, bestetik. Gureak baino behar handiagoak daudela munduan, batetik; eduki dezakeen eragin txikirako musikariei sakrifizio handia eskatzen diela, bestetik. Musikariok ez dugula musikari izateko berezko eskubiderik, batetik; norberak nahi duen horretan lan egiteko eskubide osoa duela, bestetik —betiere, beste inoren askatasuna eta ongizatea zapaltzen ez duen bitartean—. Benetako aldaketa eragin dezaketenak gobernuak eta enpresa handiak direla, ez musikari txikiak, batetik; edozein keinuk, txikia bada ere, lagundu dezakeela, bestetik. Ea non dauden euskal musikari handienak, haiek gabe ez baitugu ezer lortuko, batetik; norberak Spotifytik joateko erabakia talde handien erabakien arabera jartzen badu, ekintzaren oinarri solidarioak zentzua galtzen duela, bestetik.
Ni, bitartean, erdian. Iritzi guztiak estereoan jasotzen, prozesatzen eta beratzen, nire buruko labean sartzen, bertatik opil formako zein iritzi argi bezain goxo aterako; baina labeak ez omen du behar bezala funtzionatzen. Ez du determinazioaren surik, zirt edo zart egiteko txinpartarik.
Kontua da, lagunok, badakidala musikari askok dugun duda horren atzean beldurra dagoela, baina beldur horren atzean, egia esan, zer dago? Hori ez nuke jakingo esaten. Benetan beldur naizela plataforma horretan ditudan hileroko 1.200 jarraitzaileak galtzeko? Urte amaierako wrapped-etan inoren zerrendetan ez agertzeko? Desagertzeko? Nork sartu digu beldur hori? Zergatik? Zertarako?
Bada, musikari gehienok beldurrez akabatzen ari garen bitartean, milaka palestinar ari dira benetan akabatzen egunero. Egia da ez genukeela genozidio baten erantzule sentitzeko antsietate hori jasan behar, ze, zer nahi duzue esatea, erantzuleak ez gara gu; baina musika plataforma ziztrin batetik gure musika kentzearen aurreko beldur irrazional hau sentitzea ere ez da normala. Agian guk geuk ematen diogun garrantzia du Spotifyk. Agian gehiago begiratu beharko genieke kanpoan ditugun gauza ziurrei, gure barneko dudei baino.