Egun motelak datoz, euliak eta eltxoak, bazkaloste astunak, siesta lodiak eta hitz aspertuak. Udako beroak odola gizenduko digu, nagiak hartuko dizkigu barrenak eta, ai, edozein hamakatan luzatuko ditugu gure gorputz nekatuak. Eguzkiak mantsotuko gaitu, elefante otzanak lez etzango gara bere argitan. Lanak zamatutako pisuaz botako ditugu harea gainera gure hezurrak, gure larruak, gure haragiak.
Egun motelak datoz, baina zaila zaigu kulparik gabe etzatea. Gaitza zaigu helburu produktiborik ez duen oro, funtziorik gabeko alujorra. Eta epaituko ez gaituzten sofak ez dira Ikean ere saltzen.
Denbora antzuaren alde egin nahi nuke gaur, nire ezintasun guztien gainetik. Ni ere Efizientziaren Aginduaren beste esklabo bat besterik ez bainaiz. Anbizioaren eta Abiaduraren mantra sakratuaren menpeko. Lanaren erlijioaren beste praktikante mediokre bat, postura horizontalak erru sentimendua eragiten dien horietakoa.
Denbora librea larre-zelai militar bilakatu duen beste soldadutxo bat baino ez naiz, daitort. Bizitza biluziarekin parez pare topatzen denean, kiroleko arropa fosforitoa jantzi eta segundo huts bakoitzari motibo bat inposatzen diona. Kontsumoaz eta lanaz harago, gauzen existentzia soilarekin topatu nahi ez bagenu bezala bizi gara: okupatuta. Asperraldiari zirrikiturik ñimiñoena itxi diogunok ondo dakigu scroll amaigabeak zertarako balio digun.
Aharrausiaren edertasunaz mintzo den liburu interesgarri bat erori zitzaidan esku artera joan den astean; Juan Evaristo Valls Boixen azken lana, El derecho a las cosas bellas (2025). Gauza ederren eta antzuen balioari buruz idazten du Valls Boixek, eta «eskubide nagien» aldarria egiten du —hala nola alferkeriarako eskubidea, atseden eta erretiroarena— kapitalismoaren alienazioaren aurkako ekintza politiko eta erresistentzia-modu gisa.
Aisiak helburu zehatza du gurean: lanean jarraitzeko energia berreskuratzea. Atsedena Makinaren mantentze-lanetarako bakarrik dago baimenduta. Askatasunaren ilusio pilulak ematen zaizkigu opor egun batzuetarako. Eta zortea dugula esan beharko... Ze pentsa, Estatu Batuetan ez dago enpresa pribatuak ordaindutako oporrak ematera behartzen dituen lege federalik. Han egun libreak ez dira legez bermatutako eskubidea.
Baina guk, errutinaren gerrari akituok, deskantsua ere antsiaz bizi dugu. Lanak nekatuta gauzka, irla batean tripaz gora etzan nahi dugu, kolpe zorririk ez jotzeko. Denbora hori ez da asko, eta azken atosegundoraino aprobetxatu nahi dugu. Baina guk, egunerokoaren artillari fidelok, barneratuegi dugu eraginkortasunarena eta abiadurarena. Eta hain egin ditugu geureak aginduok, ezen palmondo baten azpiko gozamenak ere indartu samarra baitirudi. Plazera bortxatzen dugu, gure atsegina sostengatzen duten langile guztien bizkarrean.
«Bizitza, bere horretan, hutsa da eta hutsik dago. Ez dago ezer bere erdigunean, ez dago bere izatea justifikatuko duen lan ez obrarik [...]. Baina hau ez da angustiarako edo etsipenerako arrazoia. Hustasun erraldoi hori plaza itzel bat da, edo baso sorgindu bat, edo itsaso osoa».
Gaur, udaren atarian, egun motelak laudatu nahi nituzke, datozen egun luzeetako ordu mortu denak: ildolce far niente. Helbururik gabeko denboraren gozamena, sofistikazio bako atsegina, ezein luxuk imita ezin lezakeena. Ezer ez egitearen plazera, bizitze hutsa, gauza arrunten eta geldoen kontenplazioa, asperduraren territorio magiko hori.
iheserako botoirik banu
autobideen arrai horiak
bukatzen diren puntura joateko
ta modernoak ‘english speaking'
hauxe da egun motela
berriz aspertuko naiz
beti histori berdineaz
Uda on.