Lide Hernando.

Egunaren laurdena

2025eko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mugikor berria erosi nuen uztailean, smartphone-a baino, supersmartphone-a dena. Ez dut markarik esango, baina imajina dezakezue zertaz ari naizen: ikasle azkarren gelako azkarrenaz ari natzaizue. Hain da azkarra, ezen nik eskatu gabeko zerbitzuak eskaintzen baitizkit; tartean, egunean zenbat orduz erabiltzen dudan kalkulatzea. Astero-astero bidaltzen dit erreportea: «Aizu, Lide, begira zenbat orduz egon garen elkarrekin» esanez bezala.

Gure arteko harremana beste edozeinekin dudana baina zintzoagoa da; ez baitizkiot nire begiak beste inori horrenbeste oparitzen. Erretinak urtzen zaizkit bere pantailari begira. Bere analisi eta zenbaketa supersmart-en bitartez, aurreko astean egunero batez beste sei ordu eta hogei minutuz erabili dudala esan zidan aurreko astelehenean. Uau. Nire mugikorraz maiteminduta al nago?

Agian irakurleren bat izutuko da, edo agian besteren bati gutxi erabiltzen dudala irudituko zaio, baina kontatzera noakizue egunean zein momentutan erabili ohi dudan mugikorra. Esnatu eta berehala, normalean, alarma itzali behar izatearekin batera, sare sozialetan gauean zehar jaso ditudan jakinarazpenak errepasatu ohi ditut, ohetik bertatik. Jaiki, dutxatu, arropa jantzi eta, gosaria prestatu eta jan bitartean, Youtuben sartu eta intereseko bideo luzeren bat jarri ohi dut: Lux-en analisi xehatu bat izan daiteke, edo David Lynchen filmografia errepasatzen duen memorandum horietako bat; zenbat eta luzeagoa, hobe.

Autoan sartzerako bideoa amaitu ez bada, kopilotuaren eserlekuan utzi ohi dut mugikorra, bolumena igota, gidatu bitartean bertan esaten dituztenak entzuteko. Badakit ikus-entzunezkoa ondo harrapatzeko edukia entzuteaz gain ikusi ere egin behar dela; baina tira, hobe hori auto-istripu bat izatea baino. Kontua, dena den, mugikorra erabiltzeari ez uztea da.

Lanerako beste mugikor bat dut; beraz, goizeko bulego-orduek iraun bitartean, ez dut nire mugikor pertsonala gehiegi erabiltzen. Edo hori uste dut. Ziur nago bere analitika supersmart-ak bulego-orduetan zehar zenbait erabilera minutu (edo ordu) erregistratuko zituela; WhatsApp mezuak edo sare sozialetako interakzioak tarteko. Lanetik irten eta, autoan sartu orduko, dela etxera joateko, dela arratsaldean dudan beste edozein zitatara iristeko bidaia-tarte horretan, podcasten bat jarri ohi dut: nolatan gidatuko dut isiltasunean? Nire pentsamenduak entzuteko? Ez horixe!

Arratsaldeko eginbeharrak amaitu ostean, etxera iritsi eta sofan esertzen naizenean ere, beti topatzen dut tartea nire maitalearekin egoteko: abesti baten melodia bururatzen bazait, berak dakarren audio-oharretan grabatu ohi dut; istorio baterako ideiaren bat bururatzen bazait, ohar-blokean idatzi ohi dut; sare sozialetan zerbait igotzea bururatzen bazait ere, halaxe egin ohi dut. Ohartzerako, igaro da beste ordubete.

Ostera, bikotekidea etxera iristen denean, mugikorra gehiegi ez erabiltzen eta elkarrizketetan presente egoten saiatzen bagara ere, sarriak dira gutariko bakoitzak pantailari igortzen dizkiogun begiradak. Afaldu, eta egunean dagokion telesailaren atala ikusi ostean, ohean sartzerakoan, entzungailuak jantzi eta diskoren bat entzun ohi dut: hortxe doazkit nire maitalearekin igarotzen ditudan eguneko azken minutuak.

Ohartzerako, dinamika hori ia eguneroko zerbait bihurtu da. Eta bai, pentsa dezakezue —nik behintzat pentsatzen dut, akaso neure  burua kontsolatzeko— probetxuzko gauzetarako erabiltzen dudala: sormena elikatzeko edota gauza berriak ikasteko. Kontua da, ordea, pantaila bati itsatsita igaro dudala egunaren laurdena. Kontuan hartuta egunaren herena lo igaro dudala, imajina ezazue zenbat denboraz begiratzen diodan bizitza errealari.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.