Berandu heldu naiz etxera. Ohikoa izaten da afaria labean eta pisukide biak sukaldean topatzea. Gaurkoa ez da salbuespena izan. Etxeko arropak jantzi eta segituan ireki dut patioko atea. Orain dela bi egun zintzilikatutako arropak lehortuta zeuden honezkero. Apurka-apurka hasi naiz dena tolesten: hiru pilatxo egin ditut, bakoitza dagokion gelara eramateko.
Barruko arropak azkenerako uzten ditut beti. Galtzerdi pare bakoitza alitzira jarri dut pila batean edo bestean. Ez dakit zeinenak diren etxe honetako galtzerdiak. Jabetzak kolektibizatzen hasteko ekintza minimoena da armairuak elkarrentzako zabalik edukitzea, krisi existentzial baten lehen fasea izan daitekeen «ez dakit zer jantzi» bati «hartu nahi duzuna» erantzutea. Baina galtzerdienak badu berezia den zerbait. Benetan dira denak denonak. Kuleroak tolestu egin behar diren edo ez galdetu diot berriz neure buruari. Gure amamak baietz esango lidake, pisukideak ezetz. Amamari kasu egitea erabaki dut berriz.
Ez dakit zenbatgarren kuleroa tolesten ari nintzela agertu da gaineko bizilaguna leihora. Arropak jaso behar zituen berak ere. Askotan topatzen dugu elkar hemen. Horretara mugatzen da gure harremana. «Zer ari zara, egunerokotasuna egiten?» bota dit. «Bai, hementxe!» erantzun diot esaldi horrek zerbait esan gurako balu bezala. Ez dira askoz luzeagoak izan ohi gure elkarrizketak. Gaurkoa bereziki gustatu zait, ordea. Pentsakor utzi nau.
Buelta gehiegi ematen ari naiz esaldiari eta baliteke a) esamolde hori oso ezaguna izatea eta nik ez ezagutzea. b) esamolde hori ez existitzea eta gure gaineko bizilagunak nahi gabe asmatu izana. c) bizilagunak «egunerokoa egiten» esan eta nik gaizki entzun izana. Egunerokotasunari xarma ematen dioten gauza gehienak izaten dira zerbaiti buelta gehiegi ematearen ondorio, beraz, ez dut esaldia bere horretan uzteko asmorik.
Noan harira, egunerokotasuna egin. Ez dut sekula horrela pentsatu. Egunerokotasuna egitea zer den ere ez dut sekula pentsatu. Baina kuleroak doblatzea ekintza egoki bat iruditu zait. Ohetik jaiki eta leihoa irekitzea edo hortzak garbitzea ere izan zitezkeen. Erlojua janztea edo autobuseko Stop botoiari sakatzea. Platerak garbitzea edo esnea hozkailuan sartzea. Egunero egiten dugun horren guztiaren potentzialtasun artistikoari buruz pentsatzen afaldu dut azkenean. Ederrak dira pentsamendu berriak.
Pentsamendu berria dela esan dut, baina ez da egia. Askotan aipatu izan dut arte hartzaile naizenean eta, batez ere, poesian eta arte plastikoetan, oso maite dudala egunerokotasun arrunten detaileak jasotzen dituzten obrekin topo egitea. Idazten dudanean ere askotan saiatzen naiz hori egiten. Horren harira kontu batzuk azaltzen ari nintzela, kostunbrista ote naizen galdetu zidaten elkarrizketa batean orain dela ez asko. Oraindik ez dakit baietz esan behar ote nukeen.
Interesgarria iruditzen zait, nolanahi ere, horri buruz pentsatzea. Egunerokotasunaz idaztea dirudiena baino konplexuagoa delako. Norbera ohartu gabe elkartzen direlako fikzioa, errealitatea eta fantasia kulero tolestu berrietan.
Afaldu eta segituan joan naiz apalategira, aspaldi ireki ez dudan liburu kuttun baten bila: Ángeles Mora idazle espainiarraren Ficciones para una autobiografía. Ausart esnatzen naizen egunetan, maite ditudan poemen itzulpen mediokreak egiten ditut arkatzez liburuetan bertan. Horrela itzuli nuen Ordenagailua, idazketa eta denbora izenekoa:
Goizetan poema liburu bat zabaldu
eta irakurri egiten dut apur baten ーesan ditー
itxaronaldia arintzeko
ordenagailua pizten den bitartean.
Eta gero, egunean zehar,
jada ez dut ixten
(ordenagailua)
lo uzten dut,
denbora gehiago ez galtzeko…
ーpoemak irakurtzen?
Galdera.
Ba hori. Animo egunerokotasuna egiten.