Uste dut EITBk ez duela asmatu aurtengo ultratrailarekin, barka, maratoiarekin (espezialki luzea egiten zaidalako ote lapsusa?). Zahartze osasuntsuaren aldekoa da maratoia: zahartu, bai, baina osasun betean. Ez dakit bada.
EITBko maratoiarena ez dut gogoko (xuabe esatearren), osasun zerbitzuetara dirua ez da caritas moldean esleitu behar, eta oso nekosoa egiten zait tonbola-irribarre ezabaezinez jantziriko aurpegi eta albisteak jasan behar izatea. Baina tira, ni bat naiz, eta jendeak, jende gehienak akaso, iritzi diferentea izan dezake. Hori ere hala da.
Baina maratoia ez gustatzeaz gain, aurten leitmotiva ere kontrako eztarritik joan zait. Zahartzea putakeria bat da, ene uste harroan, oso osasuntsua izanda ere. Osasun kaxkarrekoa okerragoa izango da, jakina, eta esperientzia, jakituria, patxada eta gauza on piloa izango ditu 3., 4. eta batzuen are 5. adinak, baina ahalmen eta gaitasunak galtzea, nahi den onkeriazko diskurtsoaz jantzita ere, galera da. Albistegietan 80 urterekin Behobia-Donostia egiten duena aterako da, eta 100 urte eginda gimnasiora joaten dena, burua txit argi daukana 90 beteta ere… baina denok dauzkagu bestelako argazkiak gure senide-albumetan.
Zahartze osasuntsu bat baino, duintasunezko zahartzea da aldeztu beharko genukeena, endekapen duin bat (eta nahi duenak ez-zahartze duin bat hautatu ahal izatea) —heriotzaren gaiari ere—, kolesterola eta azukrea kontrolpean izanda ere, zahartu egiten gara, eta azkenaldian urte luzez eusten zahardadeari. Gero eta luzeago. Horrek dakartzan zaintza premiak askoz handiagoak dira, bestelako baldintzak ere asko aldatu direlarik: familiak txikiagoak dira, emakumezkoa lan-merkatura eta, esan badaiteke, bizitzara inkorporatuta dago, nahiz eta bidea dagoen oraindik ere egiteko (zaintzaren ardura ia esklusiboa izan du orain gutxi arte, eta du oraindik ere eremu batzuetan); bakartze soziala hazten doa… Hori antolatu behar dugu, kudeatu, eta ez da maratoiekin konpontzen, ez eta geriatra postu gehiagorekin ere (nahiz eta beharrezkoak izan). Politika publikoak behar dira, baina baita politika pribatuak ere; ekimen komunitarioak planifikazio publikoarekin batera. Estatuari eskatu behar diogu dagozkion ardurak har ditzan, baina dena ez dagokio Estatuari. Bizimodu antolaketari buruzko alternatibak pentsatu behar ditugu, imajinatu, entseatu. Eta, jakina, baldintza ekonomiko gutxieneko unibertsalak.
Zaintza erdigunera ekarri aldarrikatzen da, baina asunto hau esferikoa da dagoeneko eta erdiguneak toki guztietan dauzka.
Badut, bestalde, alternatiba EITBrentzat: animalien gaitzak. Zaintzea inportantea baldin bada, jaten duguna zaintzea ere garrantzitsua izango da, esanahi bietan: zer jaten dugun zaintzea, menu osasuntsuak eginez, gantzak eta egun boladan dagoenez karbohidratoak kenduz; baina baita, borondate nutrizionista oso ahula dugunontzat, jaten duguna zaintzea. Eta aurten arreta eskaini behar genieke larrialdi-zerbitzuetatik atera ezinda dauden hegazti, zerri eta behiei. Hegaztiak gripeak jota, zerriak izurri afrikarrak erasanda eta behiak dermatosiarekin, burua ezin altxaturik gabiltza (abelburua, zehazkiago).
Eta soilik barazkiz egindako Eguberrietako menu bat imajinatzen hasi behar badugu ere, eta mentalki prestatzen (gure osasunagatik bainoago, planetarenagatik), oraindik ere urte batzuetan tofuz egindako santomasetako txistorraz gain, betiko dayola batzuk dastatu ahal izan ditzagula.
Leloa ere badaukat maratoirako: Azienda osasuntsu baten alde. Diputazioetakoei ere gustatuko zaie, h-ak gorabehera.