mikel elorza

Epitafio marxista

2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

Botoa emateko aroa iristen denean politikariei ideiak loratzen eta edertzen hasten zaizkie, dena da pro, promesa eta proposamena eta proaktibotasuna eta profident irribarrea, eta ingurumen mailan, osasunaren eremuan, hezkuntzaren munduan eta etxebizitzaren gaian, oi etxebizitzaren gaian, oro da herritarrarentzako paradisu berehalako bat. Nik denek irabaztea nahiko nuke (tira, batzuek-batzuek igual ez); izan ere, denak boterera iritsi eta gauzatuko balituzte agindutakoen laurdenak, pozaren erresuma infinitua litzateke gure herri hau.

Etxebizitzen gaian, adibidez, alderdi politikoek agintzen dituztenak entzunez gero, usteko genuke hamabi hilabete barru guztiok edukiko dugula etxe bana, horretarako belarrietaraino zordunduko gaituen hipoteka sinatu behar izan gabe.

Eta horrela hainbat konturekin. Eta haiei ideiak ernetzen zaizkien bezalaxe, ni metatesi elektoralak jotzen nau, eta letrak eta silabak kanbiatzen zaizkit tokiz.

Eta hautsezkunde kanpaina jasaten hasten naiz. Ikusten ditut aldraerdi politikoak azken bozketa-egunean tiraderan gordetako programei hautsa kentzen eta berniz berri bat ematen —alukulariek coachingaren Amazonen erositako berniza, distira txit kreatiboa duena—. Hautsezkundeetako hautsa kentzeko nork bere trapua ateratzen du, jakina: bigurutzeduna, gorri eta beilegia, gorri hutsa, berdea... Alderdi aberezaleek, garaipena penaltietan erabakiko delakoan, ukalondoka ari dira. Baina ez, behiala ibiliko liratekeen bezala, besoa urratu beharrean mahuka hutsik; orain amerikana jantzita egiten dute lan denek, ukalondo parean adabaki guapo eta guzti.

Espainiako alderdiek trapua ez dute hainbeste astintzen (lehen aipatu ditudan batzuek horiek bai), baina hizkuntzaren eta gure gauzen gainean hitz egiteko orduan hautsezkundeetako beti-betiko progromak berreskuratzen dituzte.

Hautsezkunde kanpina ere bihurtu zaio baten bati aurtengo hau, eta furgonetarekin dabil boto eske. Furgonetak orain azpitik kotizatzen duela esango nuke, autokarabanak irabazi dituela gure bidaiari kontzientziatu ez turistaren bihotzak, aparkalekuetan buelta bat ematea besterik ez dago. Beraz, Andueza jaunari ez diote horretan mesede egin ahulkulariek. Tesla koxkor bat hautatu izan balu, eta bertan joan (zezen) plazetara arrosak banatzera...

Elkarrekin Podemos eta Sumar-eko izenen asmatzaileek, berriz, metatesi elektorala baino hautsezkunde metastasia dute. Muturtuta, Ezinean, Banandurik... nik uste eremu semantiko hori egokiagoa dutela ponte hautaketarako. Daramaten desmartxan, aurkeztu diren hautagai kopuruarena baino boto kopuru txikiagoa lortuko du zerrendaren batek. Espainiako ezkerrenka.

Eta nire zorabioan, hauteskundeetako delituak zeintzuk diren ikustera ere jo dut, hainbertze hautagai suelto dabilela beldurtuta. Honatx Hauteskunde Legearen art. 140an jasotzen den delitu-modalidadea: «Faltar a la verdad en manifestaciones verbales que hayan de realizarse en algún acto electoral». Egia ez esatea delitu? Benetan? Barre atakea izan dut. Zorrotz aplikatuz gero, Euskal Erdiko errolda handieneko herria Basauri genuke, ez Bilbo. Gero ohartu naiz funtzionarioei dagokiela delitua. A ze eskapada askok!

Eta hortaz, erabaki dut hobea dela nire hautes-penak beste botika batekin baretzea... eta nahi gabe ere tupust egin dut izena gogoratu nahi ez dudan kirol mailako lorpen berdingabearekin (hurrengo historikoagoak gaindituko duen lorpen ezin historikoagoa, eta histerikoagoa). Hori bai Ajeria Enea galant eta kolektiboa.

Marxista konbentzitua, goruchomarxista alegia, epitafio elektorala etorri zait: arrastaka ibiltze miserableenetik abiatu gara arrakasta loriotsuenak kolpetik hil gaitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.